Kontzeptua

Begizko

pamerial.

Pertsona batzuek begiradaren bidez eta aztikeriaz, batez ere umeengan, eragiten omen duten kaltea. Begizkorik ez egiteko haurrari azkonarraren erpea, kutunak eta abar ipintzen zitzaizkion, Gabon gaberako ikuskizuna obran esaten denez: Azkonarraren atzapartxoa / ekarriko dot menditi / begizkorik eztegizuen / bulartxorean isegi.

Norbait hiltzen denean, begiak zabalik badauzka, itxi egin behar zaizkio besteren bati begizkoa egin ez diezaion.

Gauez hamaiketatik ordu batera bitartean egiten dute kaltea begizkodunek.

Begizkotik norbait babesteko Goierrin eskumuturretik zilarrezko atzapar bat jartzen zuten zintzilik. Bizkaian triku edo kirikinoaren haginak ipintzen ziren lehen, geroago kutuna. Galtzerdia alderantziz janzteko ohitura ere bazegoen eta begizkoa zuen umea aitaren alkandoran biltzekoa ere bai.

Zenbait herritan kutun bat esekitzen zen ikatz, txanpon bat, haur baten zil zati bat eta apioarekin; beste batzuetan kutun horrek ogi bedeinkatua eta oilo-zirina ere izaten zituen.

Bizkaian salutadorearengana eraman ohi zuten begizkoak jotako haurra. Zenbait herritan abereari adarra zulatu eta hartan argizaria sartzen zuten, eta aniletan nahasturiko ura ere ematen zitzaion.

Begizkoa kentzeko beste bitarteko bat ebanjelioak ateratzea da. San Pelaio arratsaldean Allira toki askotatik eramaten dituzte haur negarti begizkodunak ebanjelioak ateratzera. Apaizak liburu batetik zerbait irakurri eta hiru aldiz zeinatu eta gero, pater noster errezatuz, erlikia hurbiltzen dio mindunari muin egiteko. Ebanjelioa atera eta gero kutun bana ematen die apaizak, bi errealen truke. Kutun horretan idatziriko paper bat izaten du barruan.

"Ze ume ederra!" esaten duenak begizkoa egiten dio haurrari eta begizkoa kentzeko "Jainkoak bedeinka dezala" esan behar du han dagoenen batek. Norberak nahi ez duela ere egiten omen da begizkoa.

Ataunen eskale-ogia ematen zitzaion haurrari azetoa zelako.

Abere begizkodun bati San Antoniok gorde dezala esaten zaio eta jabeak Jainkoak pagatu diezazula erantzuten du orduan.

Zenbaitek izan du "Nire begiak gaitzik ez dagiala" edo "Nire begiak ez dio gaitzik egin" bezalako esapideak esateko ohitura; Mundakan "Ez dot ikusi" esateak balio bera izan du.