Udalak

Beasoain

Hirigunea bailararen erdiko lautadan dago, muino txiki baten gainean. Etxe exentu gutxi batzuk besterik ez daude, eta eliza toki altuenean dago. Parrokia-etxea tenpluaren oinetako murruari atxikia dago, eta harlankaitzaz eginiko murruek jatorrizko luzitua galdu dute. Bi solairu ditu, eta bao guztiak zuzenak dira.

Enparantza zabal batean oso eraldatua izan den jauregia dago, bere jatorrizko itxura sumatzen den arren. Oinplano errektangeluar zabala du, bi solairu eta goiko ganbararekin, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak harlankaitza itunduaz egina daude, gaur egun luzitu gabe, eta harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan. Beheko solairuan bi sarrera daude. Lehenengoa erdi puntuko arku zahar bat da, sei dobela motzez osatua, bestea, erdi puntukoa ere, dobela luzeagoekin doan bitartean. Leiho guztiak zabalak eta zuzenak dira. Aurrealdearen goialdean bi erlaitz bozelatu daude, eta armarri bat ikus daiteke, orla zirkular batez inguratua, baita etxearen izena aipatzen duen inskripzio bat ere, "Goitikoetxea".

Plazaren beste muturrean garapen horizontaleko oinplanoa eta bi solairu dituen etxea ikus daiteke, harlanduxkaz eginiko murruekin, erdi puntuko arkua eta leiho zuzenekin. Leiho horietako batek bihurtutako larruzko kartela daraman armarria du, goiko isurarriarekin. Gertu, beste etxe baten ateburuan honako inskripzio hau irakur daiteke: ESTA CASA/ SE HIZO PAN/ TO FRAN.CO MAENGA YUERO/ AÑO DE 1852.

Beste etxe batzuek lehenago aipatutako ezaugarriak errepikatzen dituzte. Kalearen aldapa handiari egokitutako oinplanoa duen eraikin bat nabarmendu dezakegu. Garai bateko erdi puntuko ate zahar bat era desegokian berrerabili dute balkoiaren atea bezala. "Azkarate" izeneko etxeak, bestalde, kale txiki eta estu batean dago, ate dintelatu sendo batekin irekita.

Herriaren beheko zonaldean oinplano irregularra duen "Azpikoetxea" izeneko eraikina dago. Harlankaitzaz eta harlanduxkaz eginiko murru luzituak ditu, aurrealdean izan ezik, hemen luzitua arestiko erreformetan kendu dute eta. Bi solairu ditu, gehi goiko ganbara, eta leiho zuzenak ditu, sarrera hari molduratuko hamabost dobela luzeez osatutako erdi puntuko arkua den bitartean. Armarria barrokoa da, kasketekin eta azpiko kerubin batekin. Zabalgune batean etxe modernoren bat ikus daiteke, baita garbitegi publiko bat, harraska errektangeluarrarekin eta pilareen gaineko bi isurialdeko teilatuarekin.

  • Baselizak

Herritik metro gutxitara San Joan Bataiatzailearen baseliza dago, oinplano errektangeluarreko landako eraikina. Sarrera Epistolaren aldeko murruaren erdian dago. Murruak harlandu irregularrez egina doaz, barnealderantz luzituta, eta bi leiho zuzen dituzte behar bezalako argiztapena lortzearren. Atea oso sinplea da, zurezko ateburu batekin, eta estalkia zurezko egituraren gaineko bi isurialdeko teilatua da. Irudi titularra modernoa da, eta ez du interes artistiko nabarmenik.

  • San Martin Toursekoaren Parrokia

Erdi-aroko eliza da jatorriz, XII. eta XIII. mendeen iraganekoa, 1200. urte ingurukoa. Oinplanoa, xume eta sinplea, tamaina ezberdineko bi tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, bigarren tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Fabrika honek alboko handitze bat jasan zuen, Epistolaren aldeko murruan, bi tarteuneez osatutako kapera bat paratzeko, bertan sarrera ireki zutelarik, aterpe batekin babestua. Iparraldeko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskailera dago, baita sakristia ere, oinplano errektangeluarreko gela bat.

Murruak harlanduxkaz egina daude, kanpotik atxikitako eraikinek eta eginiko handitzeek jatorrizko fabrika ia erabat estali duten arren. Habeartetik alboko kaperara pasatzeko erdi puntuko arkua dago, eta goialdean bi leiho daude, burualdean irekitako erdi puntuko bao bat eta kaperan dagoen leiho termala. Habeartearen oinetan koru jaso moderno bat dago.

Erdi-aroko habeartea kanoi-ganga zorrotz batekin estalita dago, gotiko goiztiarra, eta tarteuneak profil bereko arku fajoiarekin bereizten da. Kapitel bezala moldura bat duten pilastren gainean doa. Sakristiak sabai lau sinplea jaso zuen.

Kanpoaldean kanpai-horma bat ikus daiteke elizaren oinetan, bukaera triangeluarrarekin eta erdi puntuko bi baoekin, kanpaiak kokatzeko. Aterpe moderno bat ere aurki daiteke, ebakidura lauangeluarra duen pilare baten gainean doazen erdi puntuko bi arkuekin. Elizaren sarrera erdi puntuko arku sinplea da, jatorrizko eliza handitu zen garaikoa.

Burualdean XVIII. mendeko erretaula nagusia dago, errokokoren estetika jarraituz eginiko makina bat. Trazari dagokionez bankua du, hiru kaleko atal bakarra, eta bukaera makurra. Oso dekoratuta dauden zutabeen bidez antolatua dago, eta sagrario manierista bat du, berrerabilia beraz. Ikonografiari dagokionez, zaldi gaineko San Martinen irudi titularra ikus daiteke, kapa eskalearekin banatuz, eta atikoan dagoen Kalbarioa. Bi eskulturak XVII. mendekoak dira.

Kaperan XVII. mendeko Arrosarioko Ama Birjinaren mukulu biribileko eskultura barrokoa dago. Ama Birjina zutik dago, zertxobait frontala eta oso dotore jantzita. Ezkerreko besoarekin Haurrari eusten dio, beste eskuan arrosarioa duen bitartean. Sakristian, azkenik, zilargintza lan batzuk ikus daitezke.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515-516 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 473-476 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 58 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 219 orr.

JAS 2009