Kontzeptua

Banu Qasi

Ebro Garaiko haranean kokatutako musulman familia garrantzitsua izan zen, VIII. eta X. mendeen artean.

Tradizioz, historiografiak baieztatu izan du familiaren jatorria Casio izeneko konde kristau bat dela, Ebro haranaren erdigunean bizi zena. Musa eta Tariq emirren tropa musulmanak lagundu zituen, 713. urtearen amaiera - 714. urtearen hasiera aldera. Urte horretan bertan edo hurrengoan, Casio Musa emirrarekin harremanetan jarri zen, eta Damaskora bidaiatu zuen, erlijio musulmanera aldatzeko.

Casio Banu Qasi familiaren eponimoa da. Iturriak murritzak direnez, ezer gutxi dakigu konde horri buruz, eta dakigun gutxia ez da Casiori buruzkoa, haren oinordekoekin lotutako berriak baitira. Izan ere, Casioren oinordekoek protagonismo nabarmena izan zuten Ebroko haranean, IX. mendearen erdialdean. Informazio-hutsune hori dela medio, historiografiak idatzizko iturrietan agertzen ez den pertsonai horren irudia osatu behar izan du. Horretarako, bi ardatz izan ditu oinarri: alde batetik, Ibn Hazm-ek "godoen garaiko kondea" zela adierazi zuen, eta, beste aldetik, kondearen oinordekoek, Banu Qasi familiak, IX. mendearen erdialdean estatus garrantzitsua izan zuten eta historiografiak konkistaren garaiari egotzi izan dio hori.

Konbertituz edo muladiez osatutako Banu Qasi familiak paper politiko azpimarragarria izan zuen bi mendez, Kordobako erregimen sarrazenoaren zerbitzura, Ebroko haranaren erdigunean eta mendebaldean. Gainera, leinu honen zortzi edo hamar belaunaldietan, Muza izena hainbatean errepikatzen da, Casio kondea babestu zuen arabiar buruzagiaren omenez, zalantzarik gabe. Halaber, familiako beste pertsona izen batzuek -Fortun eta Lope, esaterako- aditzera ematen dute aurretiaz iruindar eskualdean nagusi zen leinuarekin ere senidetuta zeudela.

Hiru aro bereiz daitezke familia honen historian. Lehena 839. urtera arte iristen da. Garai horri lotutako berriak urriak dira, eta, beraz, ezin da familiaren bilakaera osorik zehaztu. Bigarren aroa 839. urtean hasten da, Musa ibn Musarekin -leinuaren buruzagirik garrantzitsuena, dudarik gabe-, eta 907. urtean amaitzen da, Lub ibn Muhammad haren biloba hil zenean. Familiaren gainbeheraren hasiera ere izan zen. Azkenik, hirugarren aroa 907 eta 924 urteen artean eman zen, Banu Qasi familiaren desagerpen politiko eta militarrarekin.

VIII. mendean zehar, Abd al-Rahman I.a omeiarekin eta Hisham I.a (788-796) haren semearekin zituzten merkataritza-harremanekin leial izan ziren, eta ez zuten Zaragozako erreboltekin bat egin. Mende horretan, Ebro haranaren erdigunean kokatuta zegoen familia boteretsua eta aberatsa baino ez ziren.

Gero, ez dago Banu Qasitarren inongo berririk 788. urtera arte. Ibn Hazm historialariak osatutako genealogia da horien gaineko arrasto bakarra. Horren arabera, badakigu Qasi familiaren seme-alaben artean izan zirela Fortun, Abu Tawr, Abu Salama, Yunus eta Yahya. Deigarria da horrenbeste izen musulmanen artean, batek -lehen semeak ziurrenik- kristau izena izatea, eta, beraz, izen piriniarra eta godo jatorriez bestelakoa. Hortaz, esan liteke eskualde desberdinetako herritarren arteko harreman kulturalak eta ahaidetasuna ez zeudela erabat desagertuak.

788. urteko ekainean, Musa ibn Fortunek Zaragozatik bota zuen Said ibn al-Husayn Yahya Ansari erreboltaria, Hisman I.aren kontra altxatu eta hiriaz jabetu zena. Horrela, izen ona hartu zuen kordobar gortearen aurrean. Hurrengo mendean zehar, Casioren oinordeko muladiak Ebroko nafar arroetan errotu ziren, politikoki zein ondasun aldetik, eta Andaluziako "Goiko Mugaren" ipar-mendebaldearen jagole bilakatu. Bake nahiz gerra garaian, Kordobako omeia subiranoaren eta Banu Eneko Iruñeko jaun-leinuaren artean sartuta egon ziren.

Urte horietan, Banu Qasitarrek ituna sinatu zuten Eneko familiarekin. Akordio hori dela medio, Mutarrif ibn Musa ibn Fortun Iruñeko gobernadore izan zen (798-799) eta Tutera denbora laburrez hartu zuten (803), besteak beste. Eneko familia frankoen politikaren aldeko iruinsemeekin borrokan zebilen bitartean, Banu Qasitarrak Amrus ibn Yusuf mugako gobernadorearekin areriotuta zeuden. Hortaz, interesak eta erreminak batzen zituen.

Aliantza hori senidetasun-harremanekin indartu zen. Dirudienez, Oneka, Eneko Aritzaren ama, Musa ibn Fortunekin ezkondu zen, eta Musa ibn Musa semea izan zuten, gero familiak inoiz izandako buruzagirik garrantzitsuena bilakatu zena. Hainbat jazoeraren ondorioz, IX. mendearen lehen hamarkadetan, Ebro Garaiko muga (Aragoitar Pirinioak, Iruñea eta Errioxa) Aritzatarren eta Banu Qasitarren artean banatuta geratu zen, azken horiek emirrarekin aliantza estua zutelarik.

Musa ibn Musari buruzko lehen berriek (839. urtean) adierazten dutenez, al-Andalusko Goiko Mugan gobernu-aldaketa nabarmena egon zen, eta Banu Qasitarrek inoiz ez bezalako protagonismoa lortu zuten eskualdean, X. mendearen lehen hamarkadara arte iraungo zuena.

Aritza eta Banu Qasi familien arteko aliantza estuak eraso musulmanetatik babesten zituen iruindarrak. Aitzitik, harreman horren ondorioz, arabiar familiaren gorabehera politikoen mende zeuden, eta 840. urtetik aurrera, nabaritzen hasiko da hori. Izan ere, garai horretan Musa ibn Musa emirrarengandik aldentzen hasi zen, Zaragozako eta Tuterako gobernadoreak izendatzean izan zituzten ika-mikak zirela eta.

Gainera, 841. urtean Musa Borjatik joanarazi zuten, Tutera eman behar izan zien eta Arnedora itzuli. Horrek tirabirak areagotu zituen. Gartzia Iñigez koinatuari -Eneko Aritzaren semea- laguntza eskatu zion, Harit Zaragozako wali-aren kontra, eta biek enboskada prestatu zuten, Harit harrapatzeko. Abd al-Rahman II.ak eraso egin zion Iruñeari 842.an, porrotagatik mendeku hartzeko eta iruindarrak zigortzeko, emandako laguntzagatik. Ziurrenik, orduan hitzartu zuten Musaren aman-a, Arnedoko wali izendatzearen truke. Musak Harit askatu zuen. Era berean, Eneko Aritzaren aman-a ere hitzartu zuten.

Hurrengo urtean, Musak ituna hautsi zuen, eta, ondorioz, Abd al-Rahman II.ak inoiz ez bezalako bortizkeriarekin eraso egin zien. Garaitu egin zituen, eta Musa eta Eneko Aritza bera zaurituta atera ziren erasotik. 844an, Musaren eta haren iruindar aliatuen aurkako hirugarren erasoa gertatu zen. Tuteran, Musa ibn Musa garaitu zuten, eta, bertatik, Iruñeara abiatu ziren.

Hurrengo urteetan, jazoera berdina hainbatean errepikatu zen: Musa matxinatzen zen; baina, emirrak kontra egitean, berehalakoan men egiten zuen, eta, altxamendua zigortzeko, kordobar tropek iruindar lurrak arpilatzen zituzten. Dirudienez, Musaren benetako etsaiak emirraren ordezkariak ziren, emirra bera baino. Emirrak, bere aldetik, iruindar senideengandik eta aliatuengandik aldendu nahi zuen Musa.

Eneko Aritza hil ondoren (851), iruinsemeek asturiar erresumarekiko harremanak estutu zituzten, eta haien politika babestu zuten zenbaitetan, Banu Qasi familiarengatik hein batean aldenduz. Bitartean, Musa ibn Musa Tuterako wali izendatu zuten, eta Zaragozakoa gero, baita Marka osoko gobernadore ere. Horrela, emirrarenganako leialtasuna areagotu zuen. 854an, Ordoño asturiar erregeak tropak bidali zituen matxinatutako toledoarrak sorosteko. Musak emirra lagundu zuen, eta "baskoien erregeak", aldiz, asturiarrak. Emandako laguntza hori zigortzeko, emirrak armada bidali zuen, Musaren gidaritzapean, eta Arabako lurrak arpilatu zituzten.

862. urtean, Musa ibn Musa hil zen, suhiaren kontrako borrokaldi batean. Harekin, garaiko pertsonaiarik esanguratsuenetako bat desagertu zen. Alfontso III.aren kronikaren arabera, "Hispaniako hirugarren erregea" ezizenez ezaguna zen, lortutako arrakastei esker. Hiltzerakoan, Fortun semeak emirrari obedientzia hitzeman zion azkar asko. Ez zeukan aitaren jitea, alabaina, eta ez zuen hark bezain paper politiko eta militar garrantzitsua izan.

872. urtean, Musa ibn Musaren semeek altxamendu berriak piztu zituzten Ebroko bailaran. Zortzi egunetan, Musaren semeek (Fortun, Lubb, Mutarrif eta Ismail) Tutera, Zaragoza, Huesca eta Monzon hartu zituzten. Ekintza harrigarria izan arren, denbora gutxiz eduki zituzten mendean hiri horiek. 875. urterako, Musaren seme guztiak zenduak ziren, Ismail salbu, gatibu baitzegoen. Hiri guztiak emirraren eskuetan zeuden berriz ere, eta bere gobernadoreak ezarri zituen berehala. Gartzia Iñigez erregeak eta beste euskal familia batzuek laguntza eman zieten Banu Qasitarrei altxamenduan. Horrek emirraren haserrea eragin zuen, eta Iruñeari eta Arabari eraso egin zien berriz ere.

Ekintza horiek agerian uzten dute familia ez zegoela lurralde bakarrari atxikita, baizik eta leinuko kideetako batzuek berezko ondarea zutela. Arabiar autoreek jasotako berriei esker, badakigu familia-kideetako batzuk gailendu egin zirela, eta berezko lurraldea gobernatzeko adina autonomia lortu zutela.

IX. mendearen amaieran, aldaketa handiak gertatu ziren eskualdean. Fortun Gartzes Iruñeko errege zen, al-Andalusen barne-liskarrak hasi ziren, eta 880. urte inguruan, Banu Qasi familiako Muhammad ibn Lubb leinuaren buru bilakatu zen.

880. urte aldera ere, Ismailek -Musaren semeetatik azkena- inguruetako hiri nagusienak hartzeari ekin zion, eta Muhammad emirraren aurka altxatu zen, Zaragoza bere eginez. Hari kontra egiteko, emirrak armada bidali zuen, Muhammad ibn Lubb tartean. Errebeldearen iloba zen, eta Lubb ibn Musa aita hiltzean, alboratuta utzi zuten. Kalagorrin izandako borroka batean (882), Ismail osaba eta lehengusuak -Fortunen semeak- preso hartu zituen. Horrela, leinuaren erabateko buru bihurtu zen, eta familiako ondare guztia bereganatu zuen (Zaragoza, Tutera, Arnedo, Valtierra eta San Estebango gaztelua), lehendik zuen lurraldea handituz. Emirrarengandik jasotako laguntzaren ordainetan, muladiak, gogoz kontra, Zaragoza eman zion.

Muhammad ibn Lubb-ek leinuaren gidaritza hartu zuenean, familia erabat egonkortuta zegoen eta ondare handia zuen, eta horrek garrantzi handia izan zuen, kontuan izanik Kordoban liskar handiak zeudela. Goiko Mugan emirrak ez zuenez botererik ezarrita, tokiko botereak elkarrekin borrokan hasi ziren, ahalik eta lur gehienak eskuratzeko lehia gogorrean. Erasotzerakoan, Banu Qasi familiak ez zituen arerioen sinesmen erlijiosoak kontuan hartzen, eta, beraz, musulmanak eta kristauak -iruindarrak bereziki- izan zituen helburu.

Muhammad gotorleku ugari eraiki zituen mugan, eta Iruñeko erresumarekin borrokan aritu zen, bere mendekoei eta arabarrei kalte handiak eraginez. Tutera mendean hartuta zeukan, eta emirrak Arnedoko eta Tarazonako gobernadore izendatu zuen. Monzonez eta Lleidaz jabe egin zen, Naiarako eta Viguerako gazteluak berreraiki zituen eta Faltzes eta Caparrosokoak eraiki. Ziurrenik lortutako ospearen eta boterearen ondorioz, traizioz hil zuten (898), eta haren burua Kordobara bidali.

Dena dela, Muhammad ibn Lubb-en heriotzak ez zuen bakea ekarri lurralde baskoietan. Izan ere, Lubb ibn Muhammad haren seme eta oinordekoak, liskarrak mantendu zituen, leinuaren buru bihurtu zenean. Lubb-ek merezitako oinordekoa zela erakutsi zuen, aitaren bidea jarraitu baitzuen erabat. Iruindar eta asturiar armadak garaitu zituen Borjan (900). Toledoarrek laguntza eskatu zioten, eta hiriko agintea eskaini. Lubb-ek Mutarrif anaia bidali zuen, eta Toledoko jaun izendatu zuten (903). Handik gutxira, arabar gaztelu bat konkistatu zuen, Baiakoa, hain zuzen ere (903).

Bitartean, Iruñean dinastia-aldaketa gertatu zen (905): Ximena familiak Eneko familiaren oinordetza hartu zuen. 907an Lubb-ek defentsa-lekuak ezarri zituen, Antso Gartzia I.a iruindar errege berria arrastoan sartuta edukitzeko. Aitzitik, hark hainbat enboskada egin zizkion, eta horietako batean hil zen, jarraitzaile askorekin batera. Lubb hiltzean, leinuaren gainbehera hasi zen, orduz geroztik lurraldeak galduz joan baitziren. Leinuaren gidaritza ez zuen semeak hartu, Abd Allah anaiak baizik. Hala ere, lurralde-ondarearen parte bat galdu zuten, Antso Gartzia I.a erregearen kontra. 915. urtean Antsok Abd Allah preso hartu zuen, Tuteran gobernadore zela. Faltzesen eta Caparrosoren truke askatu zuen. Konkista-dinamika hori, ordea, Abd el-Rahman III.a iristean gelditu zen, 920. urtean.

Kanpaina horren arrakasta ikusita, Muhammad ibn Abd Allah-ek -Tuteran, Naiaran eta Vigueran jurisdikzioa zuena- erasoa antolatu zuen; baina iruindar erregeak kontra egin zion, eta Viguera konkistatu zuen (922). Iruinsemeek Muhammad gatibu hartu zuten, eta handik gutxira zendu zen. Bi hamarkadaz etengabeko porrotak izanik, erabat ahulduta zegoen leinua, eta lur ia guztiak galduta zituztenez, Abd el-Rahman III.ak eremuan interesa galduta zuen. Horrela, 924. urtean Kordobara joan zen familia, eta bertan ahantzita geratu ziren.

  • ARBELOA, Joaquín. Los orígenes del reino de Navarra (710-925). 2. alea. Donostia : Auñamendi, 1969.
  • BIENES CALVO, J.J. "Desde la prehistoria hasta el siglo IX". El patrimonio histórico y medioambiental de Tudela: Una perspectiva multidisciplinar. Tutera: Udala / SEK Unibertsitatea, 2001, 9-22 orr.
  • BIENES CALVO, J.J. "Tudela islámica". SENAC, Philippe (zuz.). Villes et campagnes de Tarraconaise et d'al-Andalus (Vie - Xie siècles): la transition. Tolosa: Université de Toulouse -Le Mirail, 2007.
  • CABAÑERO SUBIZA, Bernabé. "Los castillos de La Rioja construidos frente al dominio del Islam". Brocar, 16. zbk., 1990.
  • CABAÑERO SUBIZA, Bernabé. "La defensa del Reino de Pamplona-Nájera en el siglo X. Materiales para el estudio de la evolución de sus castillos". La Marche Supérieure d?Al-Andalus et L?Occident chrétien. Madril: Casa de Velázquez, 1991.
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. La campaña musulmana de Pamplona año 924. Iruñea: Institución Príncipe de Viana., 1976.
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Los Banu Qasi (714-924)". Príncipe de Viana, 41. urtea, 158-159, 1980, 5-96 orr.
  • ETXEGARAI GARAIKOETXEA, Mikel X. "La fortaleza pamplonesa de Sajrat Qays. Propuesta de localización en San Quiriaco (valle de Etxauri)". Iura Vasconiae, 4. zbk., 2007, 109- 162 orr.
  • FARO CARBALLA, J.A.; GARCÍA-BARBERENA UNZU, M.; UNZU URMENETA, M. "La presencia islámica en Pamplona". SENAC, Philippe (zuz.). Villes et campagnes de Tarraconaise et d'al-Andalus (Vie - Xie siècles): la transition. Tolosa: Université de Toulouse -Le Mirail, 2007, 97-138 orr.
  • FIERRO, Maribel. "El conde Casio, los Banu Qasi y los linajes godos en al-Andalus". Studia histórica. Historia medieval, 27. zbk., 2009, 181-189 orr.
  • IRABURU MATHIEU, J. M. "Notas sobre la 'Campaña de Pamplona' (año 924)". Príncipe de Viana, 38. alea, 146-147 zbk., 1977.
  • LACARRA, José María. Estudios de historia de Navarra. Iruñea: Ediciones y Libros, 1982.
  • LACARRA, José María. "Expediciones musulmanas contra Sancho Garcés (905-925)". Príncipe de Viana, 1. zbk., 1940.
  • LACARRA, José María. Historia política del reino de Navarra. Desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Volumen I. Iruñea: Nafarroko Aurrezki Kutxa, 1972.
  • LACARRA, José María. Historia del reino de Navarra en la Edad Media Iruñea: Nafarroko Aurrezki Kutxa, 2000, 2. argit.
  • LEVI-PROVENÇAL, E. "España musulmana : hasta la caída del Califato de Córdoba (711-1031)". Madril: Espasa Calpe, 1987. (Historia de España Ramón Menéndez Pidal. Tomo IV).
  • LEVI-PROVENÇAL, E. y GARCÍA GÓMEZ, E. "Textos inéditos del Muqtabis de Ibn Hayyan sobre los orígenes del reino de Pamplona". Al-Andalus, 19. alea, 2 zbk., 1954.
  • LORENZO JIMÉNEZ, Jesús. "Los Husun de los Banu Qasi: algunas consideraciones desde el registro escrito". Brocar, 31. zbk., 2007, 79-105 orr.
  • LORENZO JIMÉNEZ, Jesús. "Algunas consideraciones acerca del conde Casio". Studia histórica. Historia medieval, 27 zbk., 2009, 173-180 orr.
  • PAVÓN BENITO, Julia. "Muladíes. Lectura política de una conversión: los Banu-Qasi (714-924)". Anaquel de estudios árabes, 17 zbk., 2006, 189-202 orr.
  • SÁNCHEZ-ALBORNOZ, Claudio. Orígenes del Reino de Pamplona. Su vinculación con el Valle del Ebro. Pamplona: Institución Príncipe de Viana, 1985, 2. argit.
  • VALDEÓN BARUQUE, Julio. Abderramán III y el Califato de Córdoba. Madril: Debate, 2001.