Zinekoak

Bajo las estrellas

Fernando Trueba P.C.-ek produzitu zuen filma, 2007an. Berarekin hasi zen film luzeak zuzentzen Félix Viscarret.

Zuzendari iruñear horrek bazuen jadanik izen bat zinemagintzan, honako film labur hauek baitzituen eginak: Dreamers (1998), Canciones de invierno (2004), Los que sueñan despiertos (2005) eta El album blanco (2005). Fernando Trueba zinemagilearen arreta piztu zuen. Hori harrituta zegoen Viscarreten gaitasunarekin, eta ez zuen zalantzarik izan lehen film luzea produzitzeko. Fernando Arambururen El trompetista del Utopía eleberrian oinarritutako gidoi batekin, Viscarretek komedia tragiko bat filmatu zuen.

Benito Lacunza da protagonista nagusia, Alberto San Juanek maisuki antzeztua. Benito tronpetari bohemio eta marjinal bat da. Egun batean, sorterrira, Lizarrara (Nafarroa) itzultzen da, aitaren ehorzketan egoteko. Han iragan deseroso batekin egiten du topo aurrez aurre, eta beti mespretxatu duen giro batekin. Bere anaia Lalo (Julian Villagrán) bisitatzen du, pertsona xalo eta bihotz oneko bat. Harri eta zur gelditzen da, hark Ninesekin (Emma Suárez) ezkontzera doala aitortzen dionean. Nines bizitzak eta gehiegikeriek egurtutako neska bat da. Alaba lotsati eta izaera konplexuko bat du, Ainara (Violeta Rodríguez, Ariadna Gil antzezlearen eta David Trueba zuzendariaren alaba). Anaia segada horretatik salbatzen ahalegintzean, Benitok harremana hasten du bi emakumeekin, eta liluratuta gelditzen da haien xarmaz. Une horretatik aurrera, filma erospen-istorio hunkigarri bat da. Neskato baten aldeko afektuak eta haren amaren aldeko amodio gero eta handiagoak zeharo eraldatzen dute antiheroia. Bere erroetara itzultzen den eta gauzak bigarren aldiz egiteko aukera topatzen duen pertsonaia baten istorioa da, funtsean.

Viscarretek bi erreferente nagusi hartu zituen bere lana egiteko: western modernoa -antiheroia etxera itzultzen da, eta iraganarekin daukan zor bat kitatu behar du-, eta amerikar zinema independentea. Eragin zioten filmen artetik, zuzendari nafarrak hauek aipatu zituen zenbait elkarrizketetan: Bob Rafelson-en Five Easy Pieces (1970) eta Coen anaien The Big Lebowski maisulana (1998), batez ere horko protagonista bitxiagatik (The Dude). Protagonistak izaera berezia dauka, eta horrek trama osoa baldintzatzen du, Bajo las estrellas filman Benito Lacunzarekin gertatzen den bezala. Félix Viscarreten opera prima harrigarriak osoki funtzionatu zuen hasieratik bukaeraraino. Faktore ugari izan ziren horretarako: filmaren teknika aitzakiarik gabea, komediaren eta tragediaren arteko harreman harmoniatsua, Mikel Salasen musika, Benitoren eta Ainararen arteko harreman liluragarria, eta film osoari darion tonu liriko, magiko eta hunkigarria. Aipamen berezia merezi du antzezleen lanak. Alberto San Juanek primeran antzezten du azkenean bere bizitzari zentzua aurkitzen dion outsider-a. Julián Villagrán bikain ari da, eta zeharo hunkigarria da bere xalotasunean. Emma Suárezi, Julio Medemekin egindako bere lanetako batean bezala, xarma, naturaltasuna eta talentua darizkio. Violeta Rodríguez neskatoa osotoro egokitzen da Alberto San Juanekin, eta bien elkartze bakoitzean kimika indartsua ikusten da. Málagako Zinemaldian estreinatu zen filma. Garaipen biribila erdietsi zuen, eta lau sari: Film Onenarena, Zuzendari Onenarena, Antzezle Onenarena eta Gidoi Berri Onenarena. Bi Goya ere eskuratu zituen: Gidoi Egokitu Onenarena, eta Antzezle Onenarena, Alberto San Juanentzat. Kritikariek konplizitate handiz hartu zuten Viscarreten lana, eta haren karrera komertziala oso arrakastatsua izan zen.