Instrumentugilea

Azpiazu Michelena, Maria del Milagro

Harpista. Irunen jaio zen, Gipuzkoan, 1942ko irailaren 10ean.

Musika tradizioko familiakoa, sei urterekin hasi zituen musika ikasketak Maria Pilar Echevesterekin; Donostiako Udal Musika Kontserbatorioan, Jose Maria Iraolaren klasean egin zuen piano karrera, nota bikainekin eta karrera amaierako sariarekin. Madrilekoan, ikasle ofizial gisa, harpa ikasi zuen Luisa Menárguezekin, eta Lehen Saria lortu zuen, aho batez, 1961ean. Francisco Escudero izan da bere harmonia irakaslea Donostiako Kontserbatorioan. 1964az geroztik, Maria del Milagrok kontzertismoan dihardu, harpa eta orkestrarako obrak interpretatuz batez ere; Haendelen Kontzertua, Mozartena, flauta, harpa eta orkestrarako (bere aitarekin batera), eta beste hainbat arrakasta handiz gauzatu ditu. Azpiazu Michelena kontzertista gaztearen ezaugarri nagusiak hauek dira: sentikortasun handia, teknika zorrotza eta interpretazioaren garbitasun handia. Gaur egun, Donostiako Udal Musika Kontserbatorioko harpa irakaslea eta Donostiako Orkestra Sinfonikoko bakarlaria da.