Ikastolak

Azkoitiko Ikastola

Ikastolaren sorreraz hitz egiterakoan, azpimarratu behar da hartan Azkoitiko eskola nazional eta erlijiosoetan erdara hutsean zihardutela. Herrian abertzale kutsuko sinbolo eta aipamenak zigorra zuen zain. Egoera honi aurre egiteko herriko haianbat abertzale elkartu eta Ikastola sortzeko lehen urratsak ematen hasi ziren.

1967-68 ikasturtean nahi izan zuten Ikastola irekitzea, Elizaren babespean, baina ez zen posible izan. Ondorengo urratsa "Accion Católica"ko Guraso Elkarteari laguntza eskatzea izan zen, baina hauek ere ez zuten laguntza handirik eman. Hirugarren urratsa Udalari laguntza eskatzea izan zen, Eduardo Olano Alkaterekin hitz egin ondoren arazoa konponduko zela uste izan zuten. Andereñoa Udalak jarriko zuela adostu eta propaganda handirik gabe 43 guraso beren seme-alabak Ikastolara bidaltzeko eta herriko 300 lagun prestatu ziren hilero 25 pezeta ordaintzera. Ikastolaren aldeko gurasoen harridurako lehen ezustea zera izan zen, Ikastolan hasi behar zuten haurren izenak ez zituztela Udaletxean eman behar, bailarako Mugimenduko buruzagiak alokatua zuen etxebizitzan baizik, argi zegoen urrats honekin Udalak Ikastola, Mugimenduaren esku utzi nahi zutela. Hau zartada gogorra izan zen, baina ez zuten Ikastola eratzeko asmoa zapuztu. 1969an, ez uste asko jaso arren, berriro On Jose Mari Galarraga parrokoarengana joan eta honen babesa jaso zuten. Horrela, hainbat bilera eta gorabehera ondoren, azkenean 1969-1970 ikasturtean ireki zen Ikastola, Errege Egunaren biharamunean Kantzelean, Elizaren lokaletan.

Horrela, 1970ko urtarrilaren 7an ireki zituen bere ateak Azkoitiko Ikastolak, goizean 4 haur eta arratsaldean 7 haur hasi ziren. Mari Karmen Zubiaurre izan zen lehen andereñoa ondoren Izaskun Alberdi eta ekainerako 54 haur zituen, Parroki atzeko 36 metroko gela batean, Kantzelean.

Ondorengo urtean lekua txiki gelditu eta Antxamendi izeneko eraikuntzara, aldatu ziren. Ordukoa militantzia hutsa zen. Ikastola ireki eta eusteko laguntza zabala izan zuten herritarren aldetik. Hasierako andereñoak Mari Karmen Zubiaurre, Izaskun Alberdi, M. Jesus Zubizarreta eta Gema Larrañaga izan ziren. 1970-1971 ikasturtean, Ikastolako 103 haurretatik, 23k Loiolako Santutegian (Azpeitia) zeuden geletara joan behar izan zuten OHOko lehen maila egitera; gaineranzko 80ak Artxamendin jarraitu zutelarik. 1977ko apirilaren 22an Baztartxo Antzokian egin zen Batzar Nagusi Berezian aurkeztu ziren Irakaskuntza Kooperatiba berriaren arauak. 1978ko ekainaren 9an Batzar Nagusi Berezi bat egin zen Loiolako Gogartetxean, han onartu egin zen Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatibaren Barne Arautegia.

Azkoitiko Ikastola Haur Hezkuntzakoa izan zen 1980. urtearte. OHOko ikasleak azpeitiarrekin eta zestoarrekin batera Loiolara (Azpeitia) joaten ziren. Bailarako Ikastola honen titularra Azpeitiko Parrokia zen. 1978. urtearen geroztik bailarako ikastolen titularra Izarraizpe Kooperatiba izan zen.

1978-1979. ikasturtean, Elizaren babespean egotetik, arauzko izaera edo nortasundun ikastetxe bihurtu zen. Aldaketaren arrazoia zera izan zen, egoera juridiko hau egokiago zelako erronka berriei aurre egiteko. 1979ko uztailaren 28an Udaletxean eginiko Osoko Bilkuran, erabateko adostasunez onartu zen Ikastola berriaren planteamendua eta 1979ko irailaren 3an ekin zitzaien eraikuntza lanei. 1980-1981 ikasturtean, 1980ko irailaren 22an hain zuzen, zabaldu zituen ateak estreinakoz. Ikasturte honetan izen aldaketa ere eman zuen Azkoitiko Ikastolak eta eraikuntza berriari Xabier Munibe Ikastola izena jarri zitzaion, bere titularra Kooperatiba Elkartea zelarik.

1990-91ko ikasturtean San Martin auzoko Artxamendiko gelak utzi eta Udalak Jausoron egin zituen gela berrietara joan ziren Eskolaurreko lau eta bost urtekoak. Behin-behineko gela hauetan ikasturte bakar hau besterik ez zuten egin aipaturiko eskolaurreko haurrek. 1991-1992 ikasturtean OHOko ikastetxeari erantsi zitzaion HHko eraikin berria.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Izarraizpe Kooperatibara. Publifikazioaren aldeko eta kontrakoen arteko eztabaidak gaztaka gurasoen artean zabaldu zen. Une liskartsuak izan ziren, 1993ko maiatzaren 24ko bozketa, 1994ko ekainaren 6an egindako Batzar Nagusi Berezia, inpugnazioak ...

Maiatzaren 25a pasata, behin betiko erabakia argitu beharra zegoen. Sare publikoaren hautua egin arren, kooperatiben legeak zera eskatzen zuen horrelako erabaki bat hartzeko gutxienez bi herenen babesa izatea. Egoera hau 1996 arte luzatu zen, eztabaida hau luzatu zen artean zenbait ikasle eta irakasle sortu berria zen Azpeitiko Ikastola-Ikasberri Kooperatibara joan ziren. Azken behin- betiko erabaki legalak hartu gabe egon arren, eztabaida judizializatuta zegoenez, Xabier Munibe Ikastetxeak Ikastetxe Publiko gisa jokatzen hasi zen, Administrazioaren onespenarekin.

Ikastetxe publikoak sortu aurretik, 1996ko martxoaren 13an, Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxearen aldaketarako baimena eman zuen Jaurlaritzak eta Azkoitiko Ikastola-Xabier Munibe izena hartu zuen. Ondorengo egunean etorriko zen erabaki behin-betikoa.

1996ko martxoaren 14an, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Inaxio Oliveri Albisuk, honako agindua eman zuen: Azpeitiko Ikastola-Karmelo Etxegarai, Zestoa Ikastola eta Ikastola-Xabier Munibe izeneko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta BBBko herri ikastetxeak sortzeko ziren urtarrilaren 25eko 53, 54 eta 55/1994 dekretuen betearaztearen etenaldia kentzea eta dekretu horiek beren indarraldia hartzea berriro, 1996ko martxoaren 1etik aurrera. 1993an hasitako publifikazioa prozesua, 1996 arte luzatu zen Azkoitian.

Ondorengo urteetan, 1996-1997 ikasturtean, publifikazio prozesuaren ezarpenak alde batetik eta bestetik Erreforma entzutetsuaren ezarketak, aldaketa nabariak ekarri zituen. Hezkuntza Sailak Eskola Mapa berri bat eratu zuen eta honek eraketa berri bati hasiera eman zion. Xabier de Munibe Ikastola Publikoa honela banatu zen: Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe LHI Publikoa (2-12 urte bitartean). Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe BHI Publikoa (12-16 urte bitartean).