Dantza

Aurreskua

Aurresku hitza erabiltzen da gaur egun soka-dantzaren sinonimo gisa, baita, zentzu hertsiagoan, bere zati bat edo batzuk izendatzeko, azken garaian bereziki dantza horretatik bereiztu direnak. Zati hauek bakarlari batek (Tradizioan aurreskua izena duenak) dantzatzen du, eta azken garaian bere bizitza hartu dute. Izan ere, soka-dantza Euskal Herrian historian zehar gehien dantzatu den dantza soziala izan da. Horregatik, hainbat aldaera eta izen jaso izan ditu. Dantza horretan ohikoa da gizonezkoek gehien bat (baita emakumezkoek ere beste batzuetan, eta orduan generoen paperak deskribatuko ditugunen alderantzizkoak izango dira) lerro -edo soka, noski- bat osatzea eskuak elkarturik zuzenean edo zapien bidez. Soka honetan lehen dantzariak garrantzia handia du, eta askotan aurreskua -aurreko eskua- izena, edo antzeko bat, hartzen du. Zentzu berean, azken dantzariak, bigarrena dudarik gabe garrantziari begira, atzeskua -atzeko eskua- izena hartzen du.

Aurreskuaren papera protagonistarena da: berak egiten du lehen dantza, eta bukatzen duenean, bere atzean dagoen dantzariarekin eskuak elkarturik zubi bat egiten du, beste dantzari guztiak behetik pasatuz. Hori eginda, soka gelditzen da. Aurreskua eta atzeskua erdira jotzen dute eta bata bestearen aurrean beste dantza bat (batzuetan aurrez-aurre izena jasotzen duena) egiten dute. Horren ondoren, beste zubi bat egiten da, kasu honetan azken bi dantzariek osatuta, eta honen bidez -ezin zen bestela izan- aurreskuak lehen postua berreskuratzen du. Tartean, beste bi sokakidek (dantza-zerbitzaileak edo antzeko izenak dituztenak) dantzan parte hartuko duten andreen bila joaten dira. Horietako lehenaren aurrean geldituko da soka, aurreskuak andre horri bere omenaldia dantzatzeko. Gauza bera errepikatzen da atzeskuarekin. Agian beste aurrez-aurre baten ondoren, soka osoak (andreak behin sarturik) beste bi zubi egiten ditu, lehen egindako moduan berriro. Aldaera batzuetan, orain ere bi dantzari nagusien arteko beste dantza bat egin daiteke. Eta bakarrik hau guztia egina dagoenean, dantzaren alde sozialena hasten da: gaur egun ia beti fandangoa eta arin-arina, biribilketa batekin bukatuz. Esteka hau jarraituz gero, azaltzeko hain luzea den hau guztia ikus daiteke oso egokiak diren bideo batzuekin. Elgoibarreko aldaerari dagozkio.

Esan daiteke, halere, aipatu dugun bezala, gaur egun aurresku hitza erabiltzen da batez ere bakarlarien dantzarako, bi aldaera nagusirekin. Batetik, aurresku bizkaitarra, neurri handi batean inprobisaturik, bere lau zatirekin: Desafioa edo Aurkez-aurke; Pasamanos, Esku aldatzeko soinua edo Abarketak; Zortzikoa eta Kontrapasa, Erreberentzia, edo Agurra. Estruktura honen interpretazio bat, txapelketa baten testuinguruan, ikus daiteke esteka honetan. Bestetik, Gipuzkoako bertsioetan soka-dantzaren eta Iztuetak deskribaturiko beste zati batzuk, eta doinu zaharrak bereziki, sartzen ahal dira. Dena den, eta zalantzarik gabe, gehiengoarentzat aurresku arestian aipatu dugun agurra, erreberentzia edo kontrapasa besterik ez da. Hauxe da omenaldi gisa estandar baten arabera gehien interpretatzen den dantza. Esteka honetan, adibidez, agertzen den bezala, ohikoa denez, ezkondu berri batzuei eskainita.