Mendiak

Jurramendi

Lizarrako mendi hau mugarri geografikoa da; baina mugarri historikoa ere izan da, XIX. mendeko gerren garaian batik bat. Izan ere, gerra horiek karlismorako erreferentzi bihurtu zuten. Hala ere, beste bandoek ere, hala nola armadak eta beste sentsibilitate politiko batzuek, bere egiten saiatu izan dira.

Antzinarotik, Jurramendin eta haren inguruetan gizakia bizi izan da, eta horren lekuko dira Musen herri erromatarra (Arellano), K.o. I. eta V. mendeen artean mendiko eguteran kokatu zena.

Erromatar hiria desagertu eta zazpi mendetara, Jurramendiri aipatzen duten lehen erreferentziak aurkitzen ditugu, bertan dagoen Iratxeko monasterioari lotuta. Aipamen horiek 1120. urtekoak dira, eta monasterioak "ex Monte Surra" haize-errotak eraikitzeko egin zuen emakida bati erreferentzia egiten diote. Erdi Aroaren garai horretan, bi zona bereiz daitezke: batetik, ekonomikoki errentagarriena zena, monasterioaren alboko hegaletan, eta, bestetik, ikuspegi espiritualetik baliagarriena, maldarik aldapatsuenean. Lehenengo horretan kokatu ziren goian aipatu errotak eta "vinna del ospital de Montehurra", handik gertu igarotzen den Done Jakue bideari buruzko dokumentu batean aipatzen dena (1321). Bigarrenean zonan, berriz, hainbat baseliza zeuden, esaterako: San Millani dedikatutakoa, 1183ko dokumentu batean jasotzen dena, eta San Cibriani dedikatutakoa, 1332ko beste agiri batean jasotakoa.

Erdi Aroko dokumentuetan zehar, bestelako deitura batzuk ere ematen zaizkio mendiari, hala nola Jeto eta Xurra.

1508an, Joanes eta Katalina errege-erreginak Lizarrako merkatuko San Joaneko Lope alkateari ahalmena eman zioten mugak eta mugarriak lehengoratzeko, eta mugetako bat "Monteiurako mendipean" ezarri zuen. Zonak jada ez zuen interes ekonomikorik monasterioarentzat, bertako lur elkorrek errentagarritasun txikia ematen zutelako eta abeltzaintzarako aprobetxamendua urria zelako, baita espirituala ere. Done Jakue bidearen gainbeherarekin, baselizetatik gertu zeuden ospitaleak erabiltzeari utzi zioten. 1545ean, San Millaneko baseliza berritzen saiatu ziren; baina, dirudienez, ez zuten akordiorik lortu, dokumentuetan ez baitzaio aipamen gehiagorik egiten. Hurrengo mendeetan, tokikoek erabiltzen zuten batik bat, eta topografiarako soilik, mendiaren jabetza zuten Aiegiko eta Iguzkitzako katastro-erreferentziek erakusten duten legez.

Historikoki ospea hartu du, karlismoarekin lotuta dagoelako. 1835ean, nolabaiteko garrantzi militarra izaten hasi zen, lehen gerrate karlistan. Martxoan, Zumalakarregik bertan kokatu zituen tropak, eta enboskadak eta bat-bateko erasoaldiak prestatu zituzten, maldak baliatuta. Liberalak kexu ziren karlistek mendi-inguruetan bakarrik eraso egiten zutelako, eta koldartzat zeuzkaten, sastrakadien eta basoen artean jardutegatik. Horrela, karlismoa eta mendia behin betiko uztartu ziren.

Lizarraldean, kokaleku erabakigarria zen, ibarretako lautaden aurretik azkeneko mendi-bastioia baitzen, karlisten hiriburuaren babesle eta Ameskoa haraneko gotorleku. Ez da harritzekoa, hortaz, lehenengo gerratik Jurramendik protagonismoa hartu izana, karlismoa eta haren borroka-modua islatuz. Liberalen memorian ere badu bere lekua, militarren artean bereziki. Izan ere, liberalentzat, borroka-modu baten adierazgarri izateaz gain, arrakasten eta aitorpenen iturri izan zen, ofizialek inguruetan gauzatutako ekintzak ordainsariak eta maila-igoerak justifikatzeko erabiltzen baitzituzten.

1872tik 1876ra arteko gerrak eman zion osperik handiena Jurramendiri. Batetik, karlistentzat, 1873ko azaroaren 7tik 9ra arteko batailan, eta, bestetik, alfontsotarrentzat, 1876ko otsailaren 18koan. Lehenengoek bertan izandako garaipena mitifikatu zuten, eta euren memoriaren ardatz bilakatu. Bigarrenek, aldiz, karlistei kontra egiteko eta haien garaipena baliogabetzeko erabili zuten, eta euren garaipena erabateko garaipena bihurtu zuten. Bien bitartean, karlismoaren eta basoaren arteko lotura indartu zen, lubakiak sistematikoki erabiltzen hasi zirenean. Mendia -eta Jurramendi, bereziki- gotorleku karlistarik garrantzitsuena zen, eta 1876an alfontsotarrek garaipen karlista bertan behera utzi bazuten ere, mendia karlistei lotuta geratu zen, haien erresistentziaren, itxikeriaren, lubakien eta bortizkeriaren seinale.

Aitzitik, karlistentzat mendiak funtsezko gauzen babesleku ziren: erlijioa, balioak eta ohitura. Izan ere, mendiek karlisten landa-mundu idealizatua islatzen zuten. Mundu hori zen, hain zuzen ere, erlijioa, balioak eta ohiturak biltzen zituen benetako euskal gunea, eta karlisten propaganda-tresna izan zen. 1876an, karlismoak bere eredua ezartzeko aukera galdu zuen, eta, gogoz kontra, Berrezarkuntzaren gizartean eta politikan sartu zen. Jurramendi grabatuetan, pinturetan, kontakizunetan, istorioetan... agertu zen, jarraitzaileak leial bihurtzeko, eta ahal zen heinean, hedatzeko propaganda gisa.

Horren aurrean, armadak Jurramendi ondare bilakatu nahi zuen, mendian gauzatutako batailak ikertuz eta mendiari etengabeko protagonismoa emanez, bisita eta maniobra militarren bidez. Bisita horietan garrantzitsuena Alfontso XIII.ak 1903an abuztuan egindakoa izan zen, tropen hedapena zuzentzeko. Armadaren bitartez, Jurramendi liberalismoan sartu zen sinbolikoki. Dena dela, horrek ez zituen desagerrarazi Lizarrako mendiak liberalentzako zituen konnotazio txarrak. Gainera, karlismoak ez zion inoiz ere mendiari uko egin.

II. Errepublikan, Comunion Tradicionalista alderdiak Jurramendiren oroitzapena modu sistematikoagoan ustiatzen hasi zen, eta haiek bakarrik erabil zezaketen ondaretzat jo zuten. Jada ez zen oroitzapen loriatsua bakarrik, baizik eta inspirazio-iturri ere bai: gazteek jarraitu beharreko eredua zen, indarrean zegoen erregimenaren aurka egiteko. Memoria demokratizatu nahi zuten, erabilera eruditutik edo elitistatik harago. Karlisten gizarteak legatu hori bere gain hartu behar zuen, eta legatu hori iragan gerlariari, hau da, 1833ko, 1808ko eta gurutzaldien garaiko arerioen aurkako borrokari bereziki lotuta zegoen.

Jurramendi izan zen proposatutako irtenbidea: mendi belikoa, 1873koa, Lizarrako sancta sanctorum-aren ateetan Moriones jeneralaren errepublikanoak bota zituen, eta 1931n ere, errepublikarrak kanporatuko zituen. Jarrera horren erakusle, 1936ko uztailaren 25ean Jurramendiko tertzioa eratu zuten, hirugarren unitate militar karlista. Hala, 1873 (baita 1835 ere) eta 1936 artean helburuek bere horretan jarraitzen zutela agerian geratu zen. Horrela ikusi zen ere 1939ko maiatzaren 3an, Jurramendiko erromeria hasi zenean. Erromeriak helburu zuen gerra karlistak omentzea eta 1936ko gerran tradizionalistek izandako parte-hartzea aldarrikatzea, baita Nafarroak izan zuen protagonismoa ere, Foru Aldundiak ekitaldiari emandako babesak argi erakusten duen bezala.

Hala eta guztiz ere, armadak ez zuen alde batera utzi mendia bere memorian sartzeko asmoa. 1943ko abenduaren 2ko dekretuz, unitate militarrak berrantolatu ziren, eta Konstituzio Errejimendu zaharrak Jurramendi Mendiko 20. Ehiztari Batailoia izena hartu zuen. Aldaketa hori ez zegokion tradizio bakarrari, biak biltzen baitzituen: karlista zein liberala. 1939ko armada garaileak bere gain hartu zituen tradizionalismoaren eta milizia liberalaren oinordekotza.

50eko hamarkadaren amaieratik, karlismoaren herentzia tradizionalista zalantzan jarri zuten mugimendua eguneratu eta berritu nahi zuten sektoreek. Berrikuntza horiek hedatzeko plataforma izan ziren Montejurra izeneko argitalpena eta erromeria bera ere, 70eko hamarkadan oihartzun handia lortu zuena, nazioan nahiz nazioartean.

Frankismoaren amaieran, Jurramendi eztabaidarako eremu bilakatu zen. Pertzepzio karlista antagonikoak mendi sinbolikoaren ekitaldietatik aldendu ziren. 60ko hamarkadaren erditik aurrera, Carlos Hugo de Borbon Parmakoaren karlismoaren bilakaera ideologikoa hedatzen zihoan heinean, herentzia tradizionalista aldarrikatzen zuten ahotsak agertu ziren. Barne-hausturak, arazo pertsonalak eta organismo disidenteak agertzeaz gain, Jurramendiko urteroko ekitaldien gaineko kontrola hainbatetan gai aproposa izan zen liskarrak sortzeko. 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran, ekitaldi horietan garatu zen Carlos Hugoren eta haren taldearen bilakaera sozialista eta autogestionarioa. 1968tik aurrera, errege-familia karlista Espainiatik kanporatu ondoren, mugimendua erradikalizatu zen. Lizarrako mendiko ekitaldiak frankismoari aurka egiteko plataforma bihurtu ziren, karlismoaz kanpoko beste talde batzuen babesarekin. Hori ikusita, norabide berri horren aurkako sektoreetan tradizionalismoa berreskuratzeko beharra zabaltzen joan zen, oroipena mantentzeko faktore gakoa zelako. Funtsean, bi ikuspegiak bateraezinak ziren. Izan ere, bakoitzak berea zela aldarrikatzen zuen, eta ez zuten onartzen kontrakoek loturarik edukitzea. Istilu ugari izan zituzten 70eko lehenengo erdiko deialdietan, baina zoritxarreko gertaerarik ez zen egon.

Azkenean, egoerak eztanda egin zuen 1976ko maiatzaren 9ko ekitaldietan. Sixto Enrique de Borbon Parmakoari lotutako sektore tradizionalistek gailurra berriz konkistatu behar zela aldarrikatzen zuten, eta hori mendiak zuen garrantzi sinbolikoa adierazgarri da. Bitartean, haren anaia Carlos Hugok dinastiarengatik zegokion hautagaitza bere gain hartu zuen 1975ean, haren aita don Javierrek uko egin ondoren. Tradizionalismoaren ustez, Lizarrako gailurra usurpatu zuten, eta, horrenbestez, hori berreskuratzea beharrezkoa zen, indarkeriaz baliatuz, hala beharrezkoa balitz. Nazioarteko ultraeskuindarrek lagunduta, sektoreko kide batzuk ekintza antolatu zuten, haien hitzetan, mendia errekonkistatu eta esanahi tradizionalista lehengoratzeko. Ildo beretik, Carlos Hugoren karlismo autogestionarioarentzat, Jurramendik islatu egiten zituen karlismoa eta haren izaera herrikoia, herriaren funtsezko errealitatearen ezagutza eta Francoren erregimenari eta hark utzitako egoera politikoari aurka egiteko modua.

Sixto de Borbon Parmakoaren jarraitzaileek mendiaren gailurrean metrailadoreak, subfusilak eta armak jarri, eta tiroka hasi ziren. Bitartean, Iratxeko Monasterioaren zelaigunean bi bandokoak borrokan aritu ziren, hagaz, makilez eta pistolez armatuta. Horren ondorioz, Carlos Hugoren bi jarraitzaile hil ziren: Aniano Jimenez Santos eta Ricardo Garcia Pellejero. Haien hileta-elizkizunetan benetako herria, askatasuna eta egia irudikatzen zituen sinbolismoa nabarmendu zuten. Hildakoak karlismoaren martiri bihurtu ziren, eta horien eredua karlismoaren hazi bihurtu zen, mendiaren esanahi sinbolikoa areagotuz.

Jurramendin gertatutakoa uneko gatazka-giroa zabalaren erakusgarri da, nazioarteko parte-hartzearengatik eta gobernuak egin zuena eta egin ez zuenarengatik, Espainiak bizi zuen egoera zail haren erdian. Horren adibide argia da hilketa horiek argitzeko irekitako lege-prozesua. Hiru errudun aurkitu ziren, baina garai hartako sistema politikoaren eta judizialaren gorabeherek zigorrak eraginkortasunez izapidetzea zaildu zuen. 1977ko urriaren 15eko amnistiak espetxetik atera zituen, gertatutakoa helburu politikoak zituela eta amnistia aplikatu behar zela iritzita.

Hortik aurrera, ekitaldiaren gainbehera begi bistakoa izan zen. Gobernuak 1977koa debekatu zuen, Xabierreko gazteluaren inguruetan egin bazen ere. Gainera, hauteskunde-kanpainarekin bat egin zuen, eta Jurramendik bizirik jarraitu zuen Euskadiko Karlista Alderdiak hartutako izendapenean, ez baitzuten alderdia legeztatu 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetarako. Horrek kalte egin zion hauteskunde-plataformari, espero zutena baino boto gutxiago lortu baitzituzten (Gipuzkoan, botoen % 0,1 eta Nafarroan, % 3,2). Hilabete batzuk beranduago, alderdia legeztatu zen; baina Jurramendik presentzia mantendu zuen EKAn, urteko ekitaldiaren bitartez, hauteskundeetan presentzia txikiago bazuen ere. Horrela, 1979ko hauteskunde orokorretan 25.998 boto lortu zituzten lau probintzietan, horien % 75 Nafarroan. Karlismoa zenbait ortodoxia kontrajarrietan banatu zen, eta, horrenbestez, herrian zeukan eragina galdu zuen. Gainera, historiaren pisuaren eraginez, militanteek eta jarraitzaileek nekez onartu zuten hain denbora laburrean gertatutako diskurtso-aldaketa hura. 1976ko Jurramendiko gertakariek sendotu egin zuten karlismoa basati izanaren topikoa, eta izaera hori altxamenduetarako egokia izan arren, ez zen hitzarmenen garairako aproposa.

Orduz geroztik, ekitaldien bertaratzea nabarmen jaitsi zen, eta, aldi berean, karlismoa indar politikoa galtzen joan zen. Mendiaren sinbologiak ere presentzia galdu zuen, eta gaur egun ekitaldia baino ez da mantentzen.

  • ARBELOA, Victor Manuel. "Las dos batallas de Montejurra (1873-1876)". El Ejército y Navarra. Una visión retrospectiva a tres siglos de vida militar en Navarra., Iruñea: Nafarroako 5. Mendiko Dibisioaren Kuartel Nagusia, 1996, 115-28 or.
  • AROSTEGUI, Julio. Los combatientes carlistas en la guerra civil española 1936-1939., Madril: Aportes XIX, 1991.
  • CASPISTEGUI, Francisco Javier. El naufragio de las ortodoxias. El carlismo 1962-1977., Iruñea: Eunsa, 1997.
  • CLEMENTE, Jose Carlos; COSTA, Carles S. Montejurra 76. Encrucijada política, Bartzelona: La Gaya Ciencia, 1976.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. Merindad de Estella. I. Historia de Estella/Lizarra., Iruñea: Pamiela/Udalbilde/Euskal Kultur Elkargoa, 2006.
  • LACARRA, Jose Maria. Colección diplomática de Irache., Zaragoza: Instituto de Estudios Pirenaicos, 1965; Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1986. 2 ale.