Kontzeptua

Jauna eta Anderea

Zuberoako Maskaradako pertsonaiak dira, Maskarada Gorriko kideak.

Maskaradaren taldean Aintzindarien atzetik doaz.

Denbora luzean bion paperak mutilek egindakoak baziren ere, gero eta sarriago ikusten da Anderearen papera neska batek eginda.

Jauna honela doa jantzita: Frak beltza, azpitik alkandora zuria daramalarik; eskunarru zuriak; praka beltzak, galtzerdi ilunak eta zapata beltzak, buruan kapela luze, eta bularretik gurutzatuta, bi edo hiru koloredun banda (gorria, zuria eta berdea). Eskuan, makila darama, eta ezker aldean, ezpata bat.

Jauna beltzez jantzita badago, Anderea jantzi luze zuriarekin agertzen da, egal zabaleko kapela zuria ere, eta zapata zuriak, emaztegai baten antzera, eta besotik lotzen du Jauna.

Jantzi horiek ez dira aldatu Chahok 1855. urtean eta Herellek 1914. urtean egindako deskripzioetatik. Jaunaren jantziari dagokionez, Caubisens "suprefetaren uniformea" dela dio, eta Badérerentzat, "frantses erako jantzia" da.

F. Michelentzat Maskaradak gizarte feudalaren klase sozialak irudikatzen ditu, eta hori jarraituz, Jaunak eta Andereak gaztelu Jauna eta Anderea izango lirateke. Chahorentzat, ordea, Jaunak zuberoko gizarteko noblea edo kalitatezko gizona izango zen.

Jauna maskaradaren arduraduna da, eta guztiok obeditzen diote.

Maskaradaren nagusia delarik, bera eta bere emazteari dagokie arratsaldeko saioa gailendu, eta honela, musikarien ondoan egoten dira, beraientzat erreserbatutako aulkietan, Laborari eta Laborarisaren ondoan.

Ofizio batzuetan Zamaltzaina paper berezia badu, besteetan Jauna da garrantzizko papera hori daukana: Txorrotzen ofizioan, esate baterako, pertsonaia horiek Jaunaren ezpata zorroztu behar dute; Kauterak, aldiz, haien emankizunean, zulatutako pertxa bat saldu nahi dizkiote Jaunari.

Maskaradaren ekitaldian, Jaunak eta Andereak, Laboraria eta Laborarisarekin batera, Kadrillak dantzatzen dute, eskuetatik lotuta bikoteka egiten diren kontraiantzak.

Beste dantza batzuetan ere parte hartzen dute: Barrikadetan, bai goizekoetan zein arratsaldean plazan egiten duten sarreran, Aintzindariak dantzatu eta gero Jaunak egiten du bere dantza, eta amaitzen duenean, bere ezpata Andereari ematen dio, berak ere bere dantza egin dezan.

Muxikoetan parte hartzen dute, baina ez Aintzindarien borobilean, a kanpoko borobilean baizik, gainerako dantzariekin batera.

Branlian Jauna eta Anderea sokaren hasierako lekuetan jartzen dira; Jaunak sokako mutur horren mugimentuak zuzentzen ditu (sokaren azkenengoko muturra Laborariak zuzendurik dago), eta sokan sartzen den ikusleetako jendea ezin da jarri Jauna eta Anderearen erdian, baizik eta Anderea eta Laborarisaren artean, hau da, bigarren eta azkenaurreko lekuen artean.

Herellek dioenez, 1914. urtean Andereak eta Laborarisak ez zuten parte hartzen Branlian. Kasu honetan, Jauna eta Laborariaren ondoren dantzatzeko, herriko neska bereziak aukeratuko zituzten (beste Soka-dantzen antzera), eta aurretik aipatutako araua berdin jarraituko zen, Jauna eta Laborariaren bikoteekin.