Literatoak

Ibiñagabeitia Idoyaga, Andima

Ibiñaga, Elentxun, Norbait, Idoyaga, Andima.

Idazlea eta euskaltzalea. Elantxoben jaio zen 1906ko urtarrilaren 26an. Caracasen hil zen 1967ko azaroaren 2an, 61 urte zituela.

Andima Sabin Ibiñagabetia familia abertzale batean jaio zen. Arreba bat zuen, Francisca Esclava (erregistroak ez zuen gurasoek aukeratutako Pantxika izena onartu). Andima Sabin eta Francisca Esclava. Izen batere arruntak garai hartan, gurasoen ideia eta izaeraren adierazgarri argiak; abertzaleak, dudarik ez. Izan ere, Galo, aita, XX. mende hasierako mitin nazionalistetan ohiko parte-hartzailea zen.

Hamar urte zituela, Andima bere batxilergoko ikasketak hasi zituen Tuterako jesuiten ikastetxean. Orixe izan zuen latin-irakasle. Hamabost urterekin, 1921ean, Loiolako Santutegian sartu zen, jesuita izateko asmoarekin. Jokin Zaitegi, Lauaxeta edo Plazido Mujika izan zituen ikaskide, besteak beste. Beraiekin Elerti Bazkuna izeneko taldea sortu zuen. Bost urte horietan zehar, Andima Ibiñagabeitiaren euskararekiko maitasun eta konpromezua jaio eta indartu egin zen.

Ondoren, Burgosko Oña herrira joan zen Filosofia ikastera. Ikasketak bukatzean eta beste jesuitak bezala, hautatu behar izan zuen: Madriden soldadutza egin edo Colombiara abiatu maisu gisa. Bigarren aukerari eutsi eta hiru urtez bizi zen Hegoamerikako herrian. Handik Marneffera bidali zuten, Belgikara, Teologia eta Zuzenbide Kanoniko ikasketak burutzera.

Apaiza izendatu behar zutenean, atzera egin eta Andimak ordena utzi zuen. Orduan, 1935 urtean, bere amaren ondora itzuli zen, Bilboko Deustu auzora. Han hasi zen bere bizitzako garai berri bat. Union de Explosivos enpresan idazkari bezala hasi zen lanean. 1936ko hasieran Portugaleko Trafaria herrira bidali zuten eta han harrapatu zuen Errepublikaren kontrako altxamenduak. Guda Zibilaren hasiera izan zen hura. Andima Portugalen igaro zuen gerra. 1943 urtean, Jose Antonio Agirre lehendakariak eskatuta, Eusko Jaurlaritzaren agindupean hasi zen lanean: informazioa jasotzen zuen, espioitza lanak egiten zituen,....

1947ko martxoaren 15ean polizia joan zen bere etxera atxilotzeko asmoz, baina Andimiak ihes egitea lortu zuen. Parisera hain zuzen ere. Handik bere ilobei idatzi zien, Bach-en fuga arrakastaz jotzea lortu zuela adieraziz.

Frantziako hiriburuan Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hartu zuen ostatu. Hura izango zen bere etxebizitza eta lantokia hurrengo urtetan. Pixkanaka bere lanek beste bide bat hartu zuten: informazioa biltzeari utzi eta euskal kulturaren alde egin zuen lan. Jokin Zaitegi apaizarekin batera Euzko-Gogoa aldizkaria jarri zuen martxan. Bere lehenengo alea 1950ean argitaratu zen. Hori bai, Guatemalan. Ibiñagabeitia Parisetik hartzen zuen parte aldizkarian. Bertan, hainbat artikulu eta eskutitz argitaratu zituen. Dena den, beste aldizkaritan ere hartu zuen parte: Egan, Olerti, Euzko Deya, Gernika, Alderdi, Eman, Jesus'en Biotzaren Deya eta Irrintzi. Pariseko etapa hau bere bizitzako emankorrena izan zen dudarik gabe.

Parisen ere, bere lagun onenetariko bat izango zena ezagutu zuen: Jon Mirande, gure olerkari heterodoxoenetako bat.

1954ko otsailean Guatemalara abiatu zen, bere laguna Zaitegi laguntzeko asmoz. Apaiza euskaldunak arazo ekonomikoak jasaten ari zituen eta zailtasunak zituen Euzko-Gogoa aldizkaria bizirik mantentzeko. Guatemalan igaro zituen bi urtetan zehar, Andima aldizkari honetaz arduratu zen. Literaturari buruzko berri laburrak eta artikuluak idatzi, euskara irakaskuntza metodoak prestatu (Euskera irudi bidez, 1953; Aprenda el vasco en 60 horas, 1960) eta euskal literaturaren historia idazteko materiala ere jaso zuen.

Nabarmengarria da bere itzultzaile lana. Hainbat idazle klasikoen obrak euskaratu zituen: Virgilioren Bucólicas y Geórgicas, Ovidioren Ars Amandi, Lucrecioren De rerum natura eta Cátuloren lana ere. Horretaz gain, obra modernoak ere itzuli zituen: Julio Dantas portugesaren La cena de los cardenales eta, Jokin Zaitegirekin batera, Jacinto Benaventeren La Fuerza Bruta eta La Malquerida. Gai zientifikoei buruzko itzulpenak ere egin zituen.

1956 urtean Zaitegi Ipar Euskal Herrira itzuli zen eta, berarekin, Euzko-Gogoa aldizkaria. Bertatik aldizkaria argitaratzea errezago izango zela uste zuen. Hori ikusita, Andima Caracasera abiatzea erabaki zuen, bere iloba Lore Mentxakaren etxera. Hiriburu venezuelarrean hitzaldiak ematen hasi zen, baita euskara klaseak ere. Euskadiren askatasunaren beharra lau haizetara aldarrikatzeko ere izan zuen tartea. Ideia hauek eta beste batzuk zabaltzeko (horietako askorekin Alderdi Jeltzaleko zuzendariak ez zetozen bat), Irrintzi aldizkaria sortu zuen 1958 urtean Matxarirekin batera.

1961 urtean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.

Idazlea, itzultzailea eta euskal kulturaren sustatzailea, Andima Ibiñagabeitia gerra ondoko ezinbesteko erreferentea da. Euskal kultura eta letrekiko maitasun eta irmotasunaren eredua, bai Euskal Herrian zein Erbestean ere.