Eleberria

Daskonagerre, Jean Baptiste

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Idazlea. Jean Baptiste Daskonagerre Laxalde Donibane Lohitzunen jaio eta hil zen (1844-1927).

Zuzenbidea ikasi zuen Parisen; han frantses idazle ospetsu handiekin egin zituen harremanak eta joera erromantiko zein errealisten berri izan zuen: Lamartine, Hugo, Stendhal, Balzac...). Lapurdira itzulita, Baionako abokatuen elkargoan eman zuen izena eta notario gisa lan egin zuen Baionan eta Bastidan. Kontseilu Nagusiko kide hautatua izan zen, eta urteetan zehar eutsi zion ardura horri. 1884an Afrika iparraldera joan zen bizitzera, eta seme bat abokatu izan zuen Tunisian.

Daskonagerrek idatzi zuen lanik ezagunena Les échos du pas de Roland izan zen. Parisen inprimatu zen 1867an, Bonaparte printzeari eskainita zegoen, eta ohar deigarri bat zeraman: "Traduit du basque". Bi urtetan lau argitalpen izan zituen, liburuaren arrakastaren erakusgarri. Daskonagerreren obrak Ganix Antxordoki mugalariaren abenturak kontatzen ditu, bereziki don Carlosen emazte Maria Teresa portugaldarrari mugaz bestaldera pasatzen lagundu zionekoa, lehen karlistaldiaren testuinguruan. Nonbait, Antxordoki zahartuta eta miseria gorrian zegoela Daskonagerreri eskatu zion laguntza, eta hari kontrabandista ohiaren abenturak idatzi eta salmenten etekinen bidez agureari laguntzea bururatu zitzaion.

Frantsesez argitaratu ondoren, gaztelaniaz argitaratzen saiatu zen Daskonagerre. Berminghan donostiarrak eta Garcia Gutierrez olerkariak egindako erakusgarriak ez ziren literaturzaleen gustukoak izan, eta azkenean Vicente Manterolak egindako behin betiko itzulpena argitaratu zen Madrilen, 1872an.

Vinsonen esanetan, garai hartan ingelesez eta alemanezko bertsio bana argitaratu behar ziren, baina asmoa ez omen zen burutu.

Jendea euskarazko "jatorrizko" bertsioaz galdetzen hasi zelarik, Daskonagerre, euskal bertsioa egiteko gauza ez omen zela, itzultzaile bila hasi zen: lehenbizi Larregi apaiz zuberotarrari eta gero Edmond Guibert Larresoroko ikasle bati, baina haiek egindako lanari ez zien egoki iritzi. Azkenean, Vinsonek kontatzen duenaren arabera, egilearen familiako andre batek hartu zuen itzulpena agintzeko zeregina, eta sakristau batek egin zuen andre horren begirapean. Frantsesetik hitzez hitz itzulia zegoen, baina orrazketa baten beharra zuen; orduan Vinsonengana jo zuen, eta Vinson eta lagun baten artean egin zuten, 1869tik 1870 bitartean. Atheka-gaitzeko oihartzunak 1870ean argitaratu zen azkenean, 2.100 aleko argitaraldi batekin. Ameriketan ere argitalpen bat izan zuen, Californiako Eskual-herria aldizkarian, 1895ean.

Beste lanik ere idatzi zuen Daskonagerrek euskal gaiei buruz, frantsesez: Le Golfe de Gascogne (1880) eta Mendigor-Içareder. Récit Basque (1883).