Monarkia eta noblezia

Bonaparte, Napoleon

Napoleon I.a Frantziakoa.

Militar eta politiko frantsesa, Ajaccion (Korsika) jaioa 1769an. Santa Elena uhartean hil zen 1821ean.

Frantziako Iraultzak iraun zuen bitartean karrera militarra egin zuen, eta behin gobernu errepublikarra ezarrita zegoenean, estatu kolpea eman zuen 1799an; horren ondoren, Errepublikako Lehen Kontsul izendatu zuten. 1802an, biziarteko kontsul izendatu zuten, eta, 1804an, bere burua "Frantsesen enperadore" bilakatu zen.

Napoleonek jarraitu egin zuen armada errepublikarrak Europako zenbait puntutan hasita zuen gerrarekin, eta hedatze politika jarraitu zuen; Espainia ere bere konkista planetan sartu zuen. Garai hartan, Espainia gainbehera zetorren monarkia absolutu baten mende zegoen; Karlos IV.a errege borboitarrak, bere balidoa zen Manuel Godoyren esanak aintzat hartuz, horren esku utzi zituen gobernu auziak. Koroak egoera ekonomiko larria bizi zuen eta, gainera, erregearen seme zaharrena konspiratzen ari zen erregea bere lekutik kendu eta boterea hartzeko.

Napoleon egoera horretaz baliatu zen, eta Baionatik Espainiako tronua inbaditzeko eta okupatzeko planak egin zituen; hiri horretan bizi izan zen, hain zuzen ere, hiru hilabete baino gehiagoz 1808an.

Azkenik, 1813an kanporatu zuten armada frantsesa Espainiatik, eta, bestalde, Frantziaren kontra aliatutako herrialde europarrak borrokak irabazten hasi ziren. Herrialde aliatuen armadek Frantzia inbaditu zuten, eta 1814ko martxoan Parisen sartu ziren. Handik egun gutxira, Napoleonek abdikatu egin zuen Fontainebleaun, eta Elba uhartera joatera behartu zuten.

Alabaina, erbestealdiak ez zuen luze iraun. Hurrengo urtean, Napoleonek boterea berreskuratu zuen Frantzian, eta konkista ekintza militarrei ekin zien berriro. Urte horretan bertan, 1815ean, aliatuek garaitu zuten Waterloon, eta Santa Elena uhartera erbesteratu zuten. Uharte horretan hil zen 1821ean.