Literatoak

Etxeberria, Hasier

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Elgoibar, 1957.

Aspaldi bizi da Hendaian Psikologia ikasketak egin zituen idazle elgoibartarra. Kulturgintzarekin harreman estua izan du betidanik, eta euskarazko irakaslea izatetik Euskal Telebistako informazio-zerbitzuetako erredaktore izatera pasatu zen. ETB 1eko Sautrela literatur programako aurkezlea izan zen, baina, horretan lan egin baino lehen, Fahrenheit, Beti eskamak kentzen, Babel eta Ez dago larrosarik kultur saioetan ere aritu zen; horiez gain, Zopa haundi eta Lapikoka gastronomiari buruzko saioetan parte hartzen zuen. Halaber, prentsa idatzian kolaboratzaile lanak egin izan ditu, eta horren harira Rikardo Arregi Kazetaritza Saria irabazi zuen 1993an.

Aurkezlea, zutabegilea eta idazlea bederatzi urte inguru zituela "umeen deia" deitutako argitalpen bizkaitar batean hasi zen argitaratzen, eta Etxeberriaren beraren hitzetan, beti izan da idazle, uste osoz; Etxeberriak haurtzaroan kokatzen du idazteko grina, izan ere, sasoi hartaz hitz egitean, garaiko euskararen egoera aipatzen du idazleak, eta haurtzaroko oroitzapenek aita heroitzat hartzera daramate, euskara salbatzeko prest zegoen horietakoak baitzen. Etxeberriak adierazi bezala, horrek eta aitak zeukan literaturarekiko zaletasunak idazten hasteko erabakia erraztu zioten. Gai erlijiosoetatik kanpo, urriak ziren txikia zela irakurri zitezkeen euskarazko testuak, eta zegoen apur hori irakurri beharrak perbertsioak sortu zituela dio Etxeberriak, "eta perbertsio horretan jarraitzen dut. Bat egiten dut betebeharra eta plazera eta estadio horretan gelditu naiz" (2006). Bestalde, Henry Milleren eragina gogoratzen du Etxeberriak, baita Henrich Bool-en Pailazo baten aburuak liburua ere.

Literatur genero desberdinak landu dituen arren, ipuingile bezala sailkatzen du bere burua, eta bere libururik onenetako batez hitz egiten duenean Karramarroen aztarnak (1997) narrazio-liburua aipatzen du. Jolasak, sarritan ironiak eta fikzioaren eta errealitatearen arteko nahasketak osatzen dute idazleak sortutako irudizko mundua, eta berak dioenez "azkenean neuk ere ez dakidan zein den egia eta zein irudimena..." (2006).

1984an Ipuin ezberdinak eta erregalokoak narrazio-liburuan tonu ironikoan idatzitako sei kontaketa argitaratu ziren; zenbait lehiaketetan saritutako ipuinekin osatu zituen Alajaineta (1995) eta Karramarroaren aztarnak (1997), non errealitate magikoa agerian geratu zen. Ia hamar urteko tarte horretan, Mugetan (1988) eleberria plazaratu zen, bi ETAkide eta emakume baten arteko harremanen gorabeherak narratzen dituena. Kutxa Fundazioak argitaratutako Arrainak ura baino (1999) liburuak Irun Hiria Saria irabazi zuen; amodioa da gai nagusia, amodioa obsesio bihurtua, eta liburuan Etxeberriak protagonistaren patu tragiko saihestezina ironiaz lantzen du. 2002an egile batzuen artean Gorroto haut narrazio bilduma agertu zen; horretan Emma Zunz-en ondorena ipuina argitaratu zuen idazleak. Eleberriekin jarraituz, Eulien bazka nobela beltza 2003an plazaratu zuen Etxeberriak, eta hiru urte geroago, horren jarraipena: Mutuaren hitzak.

Haur eta Gazte literatura ere jorratu du idazleak; genero horretan aipagarriak dira Estatua baten historia (1987), Bilintx Saria jaso zuena, eta Espainiako Sari Nazionalean finalista izan zen Inesaren balada (2002), urte berean katalanera, frantsesera eta gaztelaniara itzulitakoa. Ezin ahaztu Antso Erregea antzerki lana, 2004an Ramon Albisturren gidaritzapean Hondarribian antzeztu zena. Era berean, nabarmentzekoak dira Etxeberriak idatzitako kazetaritza-liburuak: 2002an Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketek Bost idazle Hasier Etxeberriarekin batera liburua osatu zuten; literatura abiapuntu hartuta, bost idazle horien gogoetak bildu zituen Etxeberriak. Literatura izan zen oinarria, baita idazle izaera ere. Hala dio lanaren egileak: "idazleak hizkuntzarekin eta gizartearekin oro har kezka batzuk dauzka, gero bere lanetan islatzen dituenak. Horregatik biolentziaz, gizartearen zatiketaz, euskararen egungo egoeraz eta geroaz galdetu diet". 2003koa da, ostera, Patri maitea artikulu-bilduma, eta 2006koa Jakin aldizkarian Gotzon Garateri egindako elkarrizketa luzea: Gotzon Garaterekin berbetan.

Bestetik, 2006an Porca memoria argitaratzen zuen David de Jorge sukaldariarekin. Gastronomia ardatz duten beste zenbait lan ere plazaratu izan ditu egileak: Sukaliztegi Partikularra (1996); Erabateko Sukaldea (1998), L. Irizar eta J. Bereziartuarekin argitaratua; Berasategirekin batera Gipuzkoako Gastronomia-La Gastronomía de Gipuzkoa (2002); Clorofila (2003) Andoni Luis, Unai Ugalde eta Miguel Sanchez-Ostizekin idatzitako liburua; Sukaldean (2003) David de Jorgerekin batera, hurrengo urtean gaztelerara itzuli zena: A cocinar; eta, azkenik, 2005ean gaztelaniaz idatzitako Kursaal Martin Berasategui.

Hau guzti hau nahiko ez bada, Artearen inguruko zenbait liburu eta katalogo ere argitaraturik ditu Etxeberriak: Valerie Belin (2002), euskaraz, frantsesez eta espainolez idatzitakoa; Esther Ferrer, Denboraren Arrastoan elkarrizketa luzea (2004); Koldobika jauregi (pinturaz eta eskulturaz); Aitor Etxeberria (pinturaz); Juan Gorriti (eskulturaz); Jose Ramon Elortza (pinturaz) eta Urtzi Garmendia (argazkiak). Egileak emandako hainbat hitzaldi ere aipa daitezke: 2007an Biarritzen egindako "Literatura eta gatazka" ikastarorako, Maldetan Sagarrak. Euskal gatazka euskal literaturan idatzi zuen; Elkarrizketa zer den izenekoa eskaini zien kazetaritzako ikasleei; Idazlea kazetari denean; Jatunkeria edo Gula; Literatura y Gastronomía edo Texto y compromiso ere nabarmentzekoak dira.