Eskultoreak

Dueñas y Zaballa, Valentin

Eskultore bizkaitar hau Bilbon jaio zen 1888an, eta Madrilen hil, 1952an.

1899an, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zen. Jarraipen saria, bost bigarren sari - horietako bat lehen sarirako aukerarekin- eta accesit bat jaso zituen. Hiru urtez, Bilboko Udalaren ikasketa pentsio batekin ikasten aritu zen, eta udalak zoriondu eta saritu egin zuen, eskulturaren artean lan ona egin zuelako eta pentsioari probetxu handia atera ziolako, udalaren txostenean jasotzen den bezala. 1904tik aurrera, hiru urtez Quintin de Torreren estudioan lan egin zuen. 1910ean, Bizkaiko Aldundiaren pentsio bat eskatu zuen. Sustapen batzordeak artistaren aurrekariak aztertu zituen, baita obren hiru argazki ere: zirriborro bat eta "Dueñas jaunak eskulturarako dohain onak dituela erakusten zuten" bi eskultura (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Batzordeak erabaki zuen pentsioa emateko justifikazio nahikoa zegoela, eta bi urteko pentsioa eman zion, urteko 2.500 pezeta. Lehen urtean, naturaletik modelatutako figura aurkeztu behar izan zuen, eta bigarrenean, bi figuraz osatutako konposizio bat, gai askekoa. Hala ere, pentsioa oso eskasa zen, 1902an pentsiodunek horren bikoitza jasotzen baitzuten urteko. Dirudienez, azkenean ez zioten diru-laguntza eman, eta, beraz, Cesareo beraren aitak dokumentazioa atzera bota zuen. Urte horretan, busto bat aurkeztu zuen Bilboko Kale Nagusiaren erakusleiho batean.

1912an, lehiaketa bidez eskultura-pentsio bat lortu zuen, eta emakume soslai bat egin zuen, data eta sinadura zuena, baita honako eskaintza ere: D.R.E. "eskerronez". Urtebete beranduago, Parisera bizitzera joan zen. Francisco Durriok hartu zuen, eta haren ikaslerik onena izan zela esan ohi da. Bazkide deneko Euskal Artisten Elkarteak antolatutako "Exposición de Arte Moderno" erakusketan parte hartu zuen, eta, bertan, ikasketa burua, erretratu bustoa, ikasketa figura eta behe erliebea aurkeztu zituen. Abenduaren 15ean, naturaletik modelatutako figura biluzia aurkeztu zuen. Pentsioaren barruan egin beharreko lehen aurkezpena zen, eta epaimahaiak -Sorriguietak eta Prietok osatutakoa, besteak beste- ohorezko aipamena egin zion.

1914an, Bilboko Museoaren Batzarrak baimena eman zion pentsioaren obrak Museoan erakusteko. Abenduaren 15ean, kalifikazio epaimahaiak ohorezko kalifikazio eman zion, eta, horregatik, 500 pezetako hobaria jaso zuen berriz ere. Urtebete geroago, hirugarren domina eman zioten "Exposición Nacional de Bellas Artes de Madrid" erakusketan. Abenduaren 10ean, bustoa aurkeztu zuen pentsioaren proiektu gisa.

1916an, Euskal Artisten Elkarteak Madrilen eta Bartzelonan antolatutako erakusketetan parte hartu zuen. Bietan, erretratua eta figuratxo bat aurkeztu zituen. Horren ostean, Euskal Artisten Elkartearen Aretoko erakusketan parte hartu zuen. Bertan, brontzetan egiteko erloju baten eredua aurkeztu zuen R.E.ri dedikatua. Loreontzi bat aurkeztu zuen, Quintin de Torreren eskultura batekin Senako erakusketan, eta Artxandan, 1917an, Pio Barojaren omenez egindako bazkari polemikoan izan zen. Hurrengo urtean, Ramon Gomez de la Sernak Valetin Dueñas aipatzen du Madrilgo Pombo Kafetegian biltzen ziren solaskideen artean. 1919an bi obra aurkeztu zituen, "Exposición Internacional de pintura y escultura de Bilbao" erakusketan: behe-erliebea eta brontzea. Erosketa-bozketan, 17 puntu eman zizkion Nemesio Sobrevila arkitektoak. 1922an, Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen, Cheles (marmola) eta Retrato (igeltsua) obrekin, eskulturen atalean eta Ofrenda (igeltsuzko erliebea) obrarekin, Dekorazio Artearen atalean. Madrilen bizi zen aldi batez, eta denbora horretan zehar, dekorazio eskulturak eta beste eskultore batzuentzako lanak egin omen zituen .

1925ean, Madrilgo Salon de los Ibéricos aretoko erakusketan parte hartu zuen. Arriagako Monumentuaren Musa egin zuen, beraren maisu Durriorekin ikasitakoak jarraituz (1932). Euskal Artearen erakusketan parte hartu zuen, Bilboko Arte Modernoaren Museoan (1934), eta baita Parisen ere, Euskal Artisten Erakusketan, gerra zibila jada hasita zegoela (1937). Frantziar hiriburuan, Jose Antonio Aguirreren bustoa egin zuen.

Dueñasen obren artean, honako hauek aurki ditzakegu: Abrazo, Echebarria Lallana familiaren panteoia eta Gregoria de Isasi Zuluetaren panteoia Derion, Grupo escultórico, desnudos retorcidos, hainbat emakume eta gizon bat urmael baterako (hondatutakoa), Centro de mesa con cuatro personajes, Musas, atlanteak, eta baliteke Getxoko hilerrian dagon San Cosmeren figura egin izana, Durrioren modelatu batetatik abiatuz. Bilboko Bankuaren San Nicolas eraikinean 1984-1985 urteen bitartean egindako "Escultura Vasca 1889-1939" erakusketarako aukeratu zuten.

Xabier Saenz de Gorbearen hitzetan:

"Dueñasen obrak Durrioren jarrera modernista eta Mogrobejoren jarrerarik sintetikoena hartzen ditu abiapuntu. Artista honen ibilbidea ez da horren homogeneoa, iragana berreraikitzetik alegoria sinbolistetara eta bihurrikatze bortitzetara igarotzen da, baina ez du pertsonaien aniztasun anatomikoa islatzen duen modelatuaren izpiritua galtzen."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).