Literatoak

Amezaga Urlezaga, Elias

Idazlea eta bibliografoa, EAEko idazle emankorrenetako bat, literatur genero guztiak landu zituena. Bilbon jaio zen 1921eko abuztuaren 9an, eta Getxon hil zen 2008ko apirilaren 13an.

Familia aberats bateko seme bakarra izan zen (aita Balmasedako alkatea izan zen Primo de Riveraren diktaduran). Batxilergoa Bilbon ikasi zuen, eta Zuzenbidean lizentziatu zen Oviedoko Unibertsitatean. Hala ere, inoiz ez zuen abokatu gisa lan egin; letrei emana bizi izan zen, eta bereziki, euskal literatura ikertzen jardun zen. Antzerkigile gisa makina bat antzerki lan estreinatu zituen Espainian eta Amerikako hainbat herrialdetan.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide emeritua izan zen, eta aldizkari eta egunkarietan maiz kolaboratzen zuen; horrez gain, hitzaldi eta solasaldietako hizlari bikaina izan zen, eta Bilboko Udalak 2001ean omendu zuen. Santa Maria de Getxon bizi zen, 60ko hamarkadan eraikitzeko agindu zuen dorretxe batean.

Mario Angel Marrodan idazleak 90eko hamarkada hasieran argitaratu zuen Elías Amézaga, escritor del pueblo vasco lana, autorearen bizitza eta obra laburtuz; lan horretatik jaso ditugu ondoko hitz hauek: "Autore talentuduna zen, prosa dentsoa eta mamitsua zuen, balizko sormena, oparoa eta transzendentea, uzta propiotik lortua edo besteena ikasi eta orraztu ondoren lortutakoa; ezagutarazten digu, eta gaur egungo diagnosiaren eraginpean jartzera behartu" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Sortzeko pasioa oso goiz azaleratu zen. Hamahiru urte zituela, Secreto de confesión lehen antzerki obra inprimatu zuen; egileak horrela gogoratzen du pasadizoa: "makina berri bat erosi nuen, baita konposizio kutxa bat ere, eta letraz letra, guztia liburu bihurtu nuen". (Itzulpen moldatua gazteleratik). Bokazioak lan gehiago ekarri zituen, eta haietako batzuk ikastetxean eta herrietako katekesietan antzeztu zituen. Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Zuzenbide Eskolan merkataritza irakasle-ikasketak egin zituen, eta azken hori Oviedon bukatu zuen.

Laster antzerkian hasi zen lanean, eta Lope de Vega Konpainiarekin Redentor del Mundo lana hamazazpi herrialdetan estreinatu zuen. 1951ean bere konpainia sortu zuen, eta Madrileko Beatriz Antzokian hasi ziren lanean. El inventor de la< luna bere obrak porrot egin zuen. Asturiasen ere antzerki-lanak estreinatu zituen eta Unibertsitatean antzerkia egin zuen, La Voz de Asturiasekin kolaboratu zuen (Oviedon) eta Memorias de un autor desconocido liburuxka modura argitaratu zioten. Madrilen hainbat obra itzuli eta egokitu zituen, eta antzerki berriko konpainiekin estreinatu zituen.

Zenbait aldizkarietako eta egunkarietako kolaboratzaile emankorra eta zutabegilea izan zen, besteak beste Hierro, Deia, Euzkadi, Hoja del Lunes, El Diario Vasco, El Mundo del País Vasco, Diario 16, El Periódico de Álava, Muga, Revista Internacional de Estudios Vascos, Letras de Deusto eta Bilbao.

Elias Amezagak hirurogeita hamar liburu baino gehiago argitaratu (asko auto-edizioa), eta hamaika estilo landu zituen: eszenografia, narrazioa, kritika, saiakera, prentsa eta iritzi artikuluak, epistola liburuak, historia, happening-a, eleberria, fabula, olerkia, biografia eta kazetaritza. Baina obra bitxiena Autores Vascos (1984-1996) bildumako hamar aleak dira.

Jose Fernandez de la Sotak bilduma horren helburuari buruz hitz egin zuen Bilbao, literatura y literatos lanean (Bilbo. Laga, 2000): "EAE guztian idatzi dutenen zerrenda sakona eskaintzea E.A.k egin duen lan neketsua eta miresgarria da (idazle nekaezina eta eskuzabala da), eta bizitzaren zati handi bat horri eman dio" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Mario Angel Marrodanen hitzetan, "dedikazio ikaragarri hori euskal literatura guztiaren errolda edo vademecum bilduma bezala uler daiteke" (Itzulpen moldatua gazteleratik); lana osatzeko mota guztietako iturrietara jo zuen, liburutegi publikoetan eta pribatuetan murgildu zen, hiztegietan, istorioetan, biografietan eta aldizkarietako eta egunkarietako autoreen zerrenda eta aurkibideetan. Bizitzako hogeita bost urte lan luze horri emanak, eta idazteaz gain editatu eta banatu egin zuen Amezagak; lanak, halaber, aurreko beste bilduma batzuk jasotzen ditu, esaterako: Los vascos que escribieron en castellano (1977-1993), lau ale dituena, Las letras vascas en castellano, Literatura vasca en castellano o Letras vascongadas de expresión española. Bildumak osatzeko pasioari erantzuteko argitaratutako azken liburua 50 escritores vascos y un editor obra izan zen, Puente de Kizil-Hilargi argitaletxeak plazaratutakoa Bilboko Udalaren laguntzarekin 2002an.

1997an Bidebarrieta Kulturguneak Amezagari buruzko erakusketa egin zuen Liburutegiko egoitza nagusian, Abraham de Amezaga idazlearen bilobak koordinatutakoa. Erakusketak idazlearen alderdi guztiak jaso zituen, eta urte bereko martxoaren 20an omenaldia eskaini zioten.

2005eko irailean Portugaleteko Salazar Dorretxeak (Bizkaia) Amézaga, la pluma vasca erakusketa hartu zuen, idazlearen figura eta lanaren ibilbidea eskaintzen zuena. Urrian Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria eman zioten hogeita hirugarren edizioan; aipamenak euskal kulturako pertsonen ibilbide osoaren interes berezia saritzen du.

  • 1953: Redentor del Mundo. Bonfix, Madril. (Antzerkia). / Los pecados se hacen de dos en dos. Bonfix, Madril. (Antzerkia).
  • 1957: Yo, demonio. Andanzas y naveganzas de Lope de Aguirre, el fuerte caudillo de los invencibles marañones. Egilearen edizioa. Bilbo. (Tetralogia eta kronikak). (Berrinprimatzeak Habanan eta Donostian, 1977).
  • 1959: El proceso de María Estuardo. Egilearen edizioa. Bilbao. (Antzerkia). / Van Gogh y el más allá. Egilearen edizio. Bilbo. (Biografia eleberritua). (Berrinprimatzea Hilargi Edizioetan, Algorta, 1989).
  • 1962: Del cisma. Egilearen edizioa. Bilbo. (Eleberria).
  • 1963: Morir, ¡qué tentación! Egilearen edizioa. Bilbao. (Eleberria biográfica). / Sonata fúnebre. Egilearen edizioa. Bilbao. (Eleberria biográfica).
  • 1965: Jorge Sand, íntima. Sendo. Algorta (Eleberria).
  • 1966: Consejos a un recién muerto. Sendo. Algorta. (Entsegua).
  • 1967: Auto de fe en Valladolid. Egilearen edizioa. Bilbo. (Eleberria).
  • 1968: Guía del perfecto inquisidor. Sendo. Algorta. (Entsegua).
  • 1969: Et après? -Aux barricades. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1970: Teatro. Egilearen edizioa. Bilbo. (Antzerkia).
  • 1971: Eso. Egilearen edizioa. Bilbo. (Antzerkia).
  • 1972: Con piedras. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1973: Horno. Sendo. Algorta. (Entsegua). / Happening. Exploración. Egilearen edizioa. Bilbo. / Cómo se hace un rey. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1974: Enrique Quarto. Centro Edizioak. Madril. (Biografia).
  • 1975: Peñíscola y Savonalora. Gorka Argitaletxea. Algorta. (Antzerkia).
  • 1976: Mil años con fueros ... cien sin. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbo. (Entsegua).
  • 1977-1981: Los vascos que escribieron en castellano, tomos I y II. Egilearen edizioa. Bilbo. (Literaturaren historia).
  • 1984-1996: Egile euskaldunak. I-X aleak. Bilbo, egilearen edizioa.(Idazleen hiztegia).
  • 1986: A la contra. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1988: Bilbao, nuestro gran Bilbao. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1989: El primer Aguirre o el artífice del Estatuto. (4 Vols.). Ekin. Bilbo. (Biografia). / Euskadi: al cruce de tres culturas. Egilearen edizioa. Bilbo. (Entsegua).
  • 1990: Lehendakari Aguirre, una vida al servicio de su pueblo. Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz. (Biografia).
  • 1992: Miguel de Unamunoren fitxa bio-bibliografikoa. Hilargi Edizioak. Algorta. (Bio-bibliografia). / Tellagorri. Testuen ikerketa eta aukeraketa. Edigetxo. Getxo. (Bio-bibliografia). / Los Fueros, raíz de la basconidad. Ekin. Bilbo. (Entsegua).
  • 1992-1993: Los vascos que escribieron en castellano, tomos III y IV. Hilargi Edizioak. Algorta. (Literaturaren historia).
  • 1993: Esteban Calle Iturrino. Un centenario. BBK. Bilbo. (Biografia).
  • 1994: Calígrafos vascos. Hilargi Edizioak. Algorta. (Hiztegia).
  • 1995: Sabin. Hilargi Edizioak. Algorta. (Biografia Eleberriatua).
  • 1996: Miguel de Unamuno, Prensa de juventud. Konpainia Literarioa. Madril. (Artikuluak). (Unamunoren obran espezialistak ziren Jose Antonio Ereño eta Laureano Roblesek, obra honek beharrezko zehaztasuna ez zuela salatu zuten, Unamunori ez zegozkien izengoitiak ematen baitzitzaizkion) / Amada prensa. Hilargi Edizioak. Algorta. (Kazetari-artikuluak). / El Doctor Justo Gárate, crítico de críticos.. BBK. Bilbo. (Biografia).
  • 1998: Los vascos y la generación del 98. BBK. Bilbo. (Entsegua). / Los vascos, América y el 98 (Libro colectivo). Tecnos. Madril. (Entsegua).
  • 1999: Vidas rotas. Bilboko Udaletxea. Bilbo. (Biografias).
  • 2001: Vicente de Amézaga (1901-1969). Edigetxo. Getxo. (Biografia).
  • 2002: Cincuenta escritores vascos y un editor, Puente de Kizil-Hilargi / Biografía sentimental de Sabino Arana, Txalaparta (Biografia).
  • 2003: Conmigo (un cacho de mi vida), Bidebarrieta Kulturgunea (Autobiografia).
  • AMÉZAGA, Abraham de. Elías Amézaga Urlézaga. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.
  • Bidebarrieta Kulturgunea. "Bilbo aldeko idazlead ezagutzeko = Para conocer mejor a los escritores de Bilbao nº 2". Elias Amezagari buruzko irakurketa-gida. Bilbo, 1977ko martxoak 20.
  • MARRODÁN, Mario Ángel. Elías Amézaga, escritor del pueblo vasco. Beramar, 1990.
  • Elias Amezaga: escritor del pueblo vasco. [Kontsulta data: 2011ko ekainak 23]. Web-ean ikusgai: www.eliasamezaga.com