Literatoak

Amezaga Urlezaga, Elias

Elias Amezagak hirurogeita hamar liburu baino gehiago argitaratu (asko auto-edizioa), eta hamaika estilo landu zituen: eszenografia, narrazioa, kritika, saiakera, prentsa eta iritzi artikuluak, epistola liburuak, historia, happening-a, eleberria, fabula, olerkia, biografia eta kazetaritza. Baina obra bitxiena Autores Vascos (1984-1996) bildumako hamar aleak dira.

Jose Fernandez de la Sotak bilduma horren helburuari buruz hitz egin zuen Bilbao, literatura y literatos lanean (Bilbo. Laga, 2000): "EAE guztian idatzi dutenen zerrenda sakona eskaintzea E.A.k egin duen lan neketsua eta miresgarria da (idazle nekaezina eta eskuzabala da), eta bizitzaren zati handi bat horri eman dio" (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Mario Angel Marrodanen hitzetan, "dedikazio ikaragarri hori euskal literatura guztiaren errolda edo vademecum bilduma bezala uler daiteke" (Itzulpen moldatua gazteleratik); lana osatzeko mota guztietako iturrietara jo zuen, liburutegi publikoetan eta pribatuetan murgildu zen, hiztegietan, istorioetan, biografietan eta aldizkarietako eta egunkarietako autoreen zerrenda eta aurkibideetan. Bizitzako hogeita bost urte lan luze horri emanak, eta idazteaz gain editatu eta banatu egin zuen Amezagak; lanak, halaber, aurreko beste bilduma batzuk jasotzen ditu, esaterako: Los vascos que escribieron en castellano (1977-1993), lau ale dituena, Las letras vascas en castellano, Literatura vasca en castellano o Letras vascongadas de expresión española. Bildumak osatzeko pasioari erantzuteko argitaratutako azken liburua 50 escritores vascos y un editor obra izan zen, Puente de Kizil-Hilargi argitaletxeak plazaratutakoa Bilboko Udalaren laguntzarekin 2002an.

1997an Bidebarrieta Kulturguneak Amezagari buruzko erakusketa egin zuen Liburutegiko egoitza nagusian, Abraham de Amezaga idazlearen bilobak koordinatutakoa. Erakusketak idazlearen alderdi guztiak jaso zituen, eta urte bereko martxoaren 20an omenaldia eskaini zioten.

2005eko irailean Portugaleteko Salazar Dorretxeak (Bizkaia) Amézaga, la pluma vasca erakusketa hartu zuen, idazlearen figura eta lanaren ibilbidea eskaintzen zuena. Urrian Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria eman zioten hogeita hirugarren edizioan; aipamenak euskal kulturako pertsonen ibilbide osoaren interes berezia saritzen du.