Literaturakoak

Exposicion breve de la dotrina christiana (1656). Martin Otxoa Kapanaga

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Mendetan zehar euskal literatura zerbaitek ezaugarritu eta baldintzatu badu izaera berezia emateraino, horixe da XVII. mendearen hasieran Eliza Katolikoaren Kontrarreformak gizartearen eremu guztietara ekarritako ondorioek eragindako egoera. Nekez aurki daiteke euskararen eta euskal literaturaren historian hain lorratz sakona utzi duen gertaerarik. Hainbestekoa izan da eragina ezen, esan bezala, harrezkero euskal literaturak sendo bereganatu baitzuen urte luzeetan iraun izan duen definizio aski ezaguna, estigma gogorra ere izan dena, hau da, euskal literatura elizgizonen eginkizuna izan dela oraintsura arte. Euskaldun fededun binomioaren sorrera inguruabar horretan dugu. Edonola ere, Kontrarreformaren eraginpean kokatu behar dugu XVII. mendeko euskal literaturaren loraldia. Loraldia bai, baina ia erabat mugatuta literatura erlijiosora, eta oso emaitza ezberdinekoa Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, testuinguru sozial eta historiko ezberdinek hala aginduta. Horrela, bada, Euskal Herriko iparraldean, neurri batean behintzat, produkzioa ugaria eta kalitate onekoa izan zen bitartean, hegoaldean guztiz antzua eta kamutsa izan zen. Sasoi horretako hegoaldeko lurraldeetako emaitza literarioa, horrela deitzea zilegi bada, salbuespen urri batzuk salbu, han-hemenka moldatutako zenbait dotrina kristau dira. Dotrina gutxi eta, gainera, ez den-denak gaurdaino iritsitakoak.

Horietako dotrina bat dugu Martin Otxoa Kapanaga lizentziadun eta presbiteroak (Mañaria - 1661) Bilbon 1656an moldatu zuen Exposicion breve de la dotrina christiana deritzona. Dotrina hau Jeronimo de Ripalda (Teruel 1535-Toledo 1618) Jesusen Lagundiko errektorearen dotrina ezagunaren moldapen eta itzulpena da. 1656an Bilbon inprimatua, ez zen ezaguna izan. Lehenengo edizioan mila bostehun ale egin eta Edward Spencer Dogson euskalari ingelesak Viseun bigarren edizioa egin zuen 1893an.

Kontrarreformaren irizpideei jarraituz, Ripaldak eta Gaspar de Astetek egin zituzten dotrinak izan ziren euskal elizgizonek nagusi hartu zituzten ereduak. Horrela, bada, XVI. mendean baditugu Hegoaldean gaztelaniaz eta euskaraz batera moldatutako dotrinen gaineko lehenbiziko albiste eta lekukotasunak. Sancho de Elsoren dotrina (1561), gaur galdua, da aipatzen den lehena, nafarreraz idatzia. Betolatza arabarren Dotrina Christiana (1596) dugu bizkaieraz idatzitako lehena, eta XVII. mendean badira bizkaieraz Kapanagarena berarena, Viva Jesus izenburua daraman beste baten zatia, Juan Bautista de Amilletarena (Antzuola, 1639-1700) eta Nicolas de Zubiak 1691an Donostian inprimatu bide zuen dotrinaren txatal bat. Mende honetan Nafarroan dugu Juan de Beriaynen Doctrina christiana en romance y bascuence (1626). Gipuzkeraz, berriz, galduta dagoen Martin Yañez de Arrietak itzulitako dotrina, eta bakarrik gordetzen den Azkoitiko Concepción de María kongregazioaren Sumario breve izeneko araudi laburra ditugu, beste batzuk ere egon zitezkeen arren. XVIII. mendekoak dira gipuzkeraz idatzita heldu zaizkigun dotrinak. Lehena Otxoa de Arinen dotrina (1713).

Dotrina horiek guztiak balio gutxiko testu literarioak badira ere, Hegoaldeko lehenengo euskal testuak dira, eta balio handia dute euskararen ikerketarako, hegoaldeko euskalkien lehenengo agerpen sendoak baitira. Alabaina, esan beharra dago dotrina hauek, baita Iparraldean idatzi zirenek ere, euskal prosa finkatzen lagundu zutela.

Esan bezala, Kontrarreformak ekarritako katolizismoaren berrindartzearen testuinguruan kokatu behar dira lanok. Hamaseigarren mendea mende iraultzailea izen zen mundu kristauan, krisi sakonekoa. Hamazazpigarren mendearen hasieran, krisia zeharo gainditurik, katolizismoa jaun eta jabe izan zen Euskal Herrian. Kontrarreformak mundu katoliko guztian intolerantzia ekarri zuen. Inkisizioa, inprenta zentsura eta Erreformaren aurka Trenton hasitako kontzilioa dira horren adibideak. Intolerantzia, hala ere, eguneroko bizimoduan bi modutan gauzatu zen. Borrokan, alde batetik, ezen arlo erlijiosoa eta politikoa batu ziren protestanteen aurka egiteko. Eta bestetik, konbertsioa, modu zibilizatuan, presio bide guztiak erabiliz: eskolak, misioak, Jesuitak... Kontrarreformak protestantismoaren ideien aurkako jarrera bultzatu zuen, arlo erlijiosoan batez ere:

  1. Protestantismoaren arabera, fedea nahiko zen salbazioa lortzeko, Kontrarreformaren arabera, hori nahikoa ez zela eta obra onak ere egin behar ziren.
  2. Kontrarreformak sakramentuak indartu eta azpimarratu zituen. Konfesioak berebiziko garrantzia lortu zuen, apaizen irudia goraipatzen zen, bitartekariak ziren eta fededunei kontrola ezartzen zieten.
  3. Protestanteek sinbolo guztiak ezabatu zituzten. Kontrarreformak, ostera, berreskuratu eta indartu egin zituen.
  4. Kontrarreforman hizkuntza arruntetan zeuden bibliak debekatu egin ziren, latinez idatzitakoak baino ez ziren onartzen.
  5. Kontrarreforman mezaren errito guztiak apaizen esku zeuden, apaiza bera zen bitartekaria, eta ez zen apaizik gabeko mezarik gehiago izan.
  6. Kontrarreformaren eraginez, gatazka zabaldu zen eta inpresio orokorra hondamendiarena izan zen. Horri eusteko ahalegina berrindartze erlijiosoa izan zen, moral katoliko estuaren mugapean. Norbanakoaren aurkako kontrola zabaldu zen, kontrol sozial izateraino.
  7. Hortxe kokatu behar dugu Barrokoa. Barrokoa ez da aurrekoarekiko erabateko etena, baina bai zenbait formen areagotzea. Artelanetan eta literaturan Errenazimendurekiko aldea azaltzen du. Hark arte klasikoa zuen oinarria, eta bere nahia oreka, lasaitasuna, bilatzea zen. Barrokoak, berriz, muturreko joerak piztu zituen, neurrietan desorekaren bila ziharduen, kontzientziak eragin nahi zituen eta, era berean, gizartea. Hunkitze prozesu horretan garrantzia handia izan zuten gizakien pasioek. Erlijio literaturaren eremuan mistika eta aszetikaren liburuak dira Barrokoaren emaitza zuzenak.

    Euskal erlijio-literaturari dagokionez, Barrokoak emaitza ezberdinak izan zituen Euskal Herriko lurraldetan. Esan bezala, iparraldean aurkitzen ditugu emaitzarik dirdiratsuenak, Axularren Guero delarik gailurra, aszetikan kokatzen duguna. Aszetika lanek, dotrinek eta poesia erlijiosoak betetzen dute iparraldeko erlijio lanen baratza. Ez da harritzekoa, halarik ere, produkzio hau guztia kontuan hartzen badugu, iparraldeko lurralde asko aurretiaz protestanteak izan zirela. Bertan berriro katolizismoa gogor ahalegindu zen. Hegoaldean, berriz, ez da aszetika lanik, are gutxiago mistikorik, ez eta egile ezagunen poesia erlijiosorik ere. Bizkaian ditugu soil-soilik aipatu dotrina apalak.

    Dotrina apal horietan, uste ahal dugunaren kontra, hegoaldeko elizaren euskararen aldeko apustu ahula dakusagu. Izan ere, urteetan euskaraz ondo idazteko gai ziren elizgizonen falta salatu zen. Elizak nahikoa zuen lantxo hezitzaile hauen bidez erdaraz ez zekitenengana heltzearekin, konturatuta baitzeuden euskara bera zela protestantismoaren ideien zabaltzea eragozten zuena. Horrekin batera, hortxe dugu euskara ohitura kristau on guztien gordailua zen ideiaren sorrera.

    XVII. mendearen hasieraren bueltan Hegoaldeko elizaren konstituzio sinodaletan, nabarmen azaltzen da dotrina zabaltzearen beharra, bai eta euskalki diferenteetan egitea, ahalik eta fededun gehienengana heltzeko.

    Exposición brevek asmo hori darabil, mendi eta haitz artean bizi direnei oinarrizko kristau irakaspenak eramatea. Adierazi bezala, Kapanagak Ripaldaren dotrina moldatu eta itzuli zuen euskarara, arkaismoz beteta azaltzen den Durangoaldeko euskarara. Dotrina hauetan ohi bezala, testu elebiduna dugu Exposición Breve, zutabe batean gaztelaniaz emana, eta alboan, beste zutabe batean, euskarazko itzulpena. Testuotan ez dago prosa bikain eta txukuna egiteko asmorik, nabarmen-nabarmena da erdararen eragina itzulpenean, eta egileak berak hitzaurrean aitortzen duen moduan, kristau irakaspena modu azalean ematea da helbururik behinena, testua erabat landu gabe. Kapanagak obratxoa Juan Joaniz y Echalaz Calahorrako apezpikuari, opetsi zion, dotrina apezpiku haren babespean egin baitzuen. Exposición breve bi zatitan banatzen da, eta dotrina txikiek jorratu ohi dituzten pasarteak dakartza, kristau ona izateko oinarrizko irakaspenak, eta sekula ez Bibliaren pasarterik, fededunek beraiek interpreta zitzaten, ezen horixe zen hain zuzen ere Kontrarreformak galarazten zuena. Dotrina honen lehenengo zatia hogeita bat ataletan dago banaturik eta horietan azaltzen dira kristau praktikaren ikasgai laburrak: kontzientzia azterketa, eguneroko ariketa espiritualak, oinarrizko otoitzak, sakramentuen esanahia, aginduen esangura eta mezaren atal eta zereginak. Bigarren atalean aitortzaren beharra nabarmentzen da, eta horretarako, sutsu ematen ditu aholku eta orientabideak.

    • KAPANAGA, Martin Otxoa. Exposición breve de la doctrina christiana compuesta por el P.M. Geronimo de Ripalda de la compañia de Iesus. Con licencia en Vilbao, por Juan de Azpiroz. Año de 1656.
    • IBON, S. Historia social de la literatura vasca. Madril: Akal, 1975.
    • MITXELENA, L. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 1988.
    • URKIZU, P. Historia de la literatura vasca. Madril: UNED, 2000.