Arkitektura

Principal Antzokia edo Antzoki Berria. Gasteiz

Euskal Herriko lurraldean garrantzi handia izan zuen mugimendu neoklasikoak esparru artistiko guztietan, bereziki, arkitektura arloan. Izan ere, agerraldi artistiko honetan oso ondo islatzen eta erakusten dira neoklasizismoaren ideia nagusiak, hau da, Ilustrazioaren pentsamendua. Funtsezko forma geometrikoetan oinarrituriko lerro zuzenak sustatzea, eraikinaren izaera bolumetrikoa eta trinkoa azpimarratzea, egiturazko argitasuna eta apaingarrien araztasuna eta neurrizko estetika berreskuratzea, izan daitezke, laburbilduz, ezaugarri esanguratsuenak.

Tipologiei dagokienez, tipologia zibilak tipologia erlijiosari gaina hartu zion garai honetan, zeren ideia ilustratuei eta hirigintzaren garapenari esker, gune publikoen balioa asko handitu baitzen. Hori dela eta, eraikin publiko ugariak, hots, portuak, ospitaleak, museoak, liburutegiak, astronomi behatokiak eta antzerkiak hasi ziren zabaltzen.

Arabako herrialdean, Gasteizen, hain zuzen ere, XVIII. mendeko azken urteetako nobleziak eta, batik bat, burgesiak bereganatu eta bultzatu zuten Ilustrazioaren espiritua, neoklasizismo estiloa, alegia. Hainbat faktorek baldintzatu zuten hiri honetako panorama arkitektonikoa, besteak beste, demografi aurrerapena, hiriaren derrigorrezko zabalkuntza eta ohitura aldaketak garaiko pentsamendu berriak bultzatuta. Horretaz gain, hiriaren kultura-mugimendua aipatu behar da. Garai horretan, XVIII. mendeko bukaeran eta, batez ere, XIX. mendeko hasieran, burgesia hiritarrak iharduera artistiko eta zientifikoak sustatu zituen, Ilustrazioaren pentsamendurako egokia izan zedin bat.