Ikastolak

Jakintza Ikastola. Ordizia

II. Errepublika garaian euskaraz irakasteko Ikastolak jaio baziren ere, euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuz, Gerra Zibilak Ikastolen hauen desagertzea suposatu zuen. Baina ez betirako, Gerra ondorengo enbata pasata, ezkutuko ikastolak irekitzen hasi ziren, pixkanaka eta banaka hasieran. 1960ko hamarkadan ikastolen hedakuntza eman zen eta Euskal Herri osora zabaldu ziren.

Ordiziako Ikastolaren lehenengo aipamenak 1965 ingurukoak dira. Ordizia euskalduntzeko zerbait egin behar zela eta ikastola bat sortzeko proiektua lantzen hasi ziren. Urte horretan guraso eta gazte talde bat, Jazinto Setien apaiza buru zutela biltzen hasi ziren Ataunen. Bilera horietan hitz egindakoa Ordiziako Guraso Elkarteari azaldu eta, bide batez, laguntza eskatu ere egin zitzaion, Jose Ramon Gaztañaga zen Ordiziako Guraso Elkarteko buru. Elkartekoek begi onez ikusi zuten proiektua eta bultzada emateko prest agertu ziren.

1968. urtean sortu zen Ordiziako Jakintza Ikastola eta gurasoek bultzatutako ekimenean 50 ikasle inguru elkartu zituen Sanperio kaleko Pelotazale Elkartean. Elkarte anonimoa bezala antolatu zen eta bere sorrerako titularra Jakintza Elkarte Anonimoa. Rosarito Lasa eta Mari Karmen Oiharbide andereñoak, izango dira ikasle horien heziketaren ardura hartuko dutenak, gurasoen ilusio, ekimen eta laguntzarekin. 1970ean Garagartza enparantzan dagoen San Jose ikastetxea erosi zuten Ikastolako bazkide eta laguntzaileen artean. Urte horretan Jakintza Ikastolak baimen baldintzatua lortu zuen bere heziketa jarduerak garatu ahal izateko. Fidel Eizagirre, Ordiziako apaiza, agertzen daurte horietan Jakintza Ikastolako titular bezala.

1971n Jakintza Ikastolara Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Ikaztegieta eta Amezketatik etortzen ziren ikasleak. 1974an Ikastolak baldintzazko baimena lortu zuen OHOko 8 gelentzako. 1977an Batxilergo ikasketak emateko baimena lortu zuen, baina 1979an Jakintza Ikastolak Batxilergo ikasketak emateari utzi egin zion eta, ondorioz, ikasleak Beasaingo Lizeora joaten hasi ziren.

1983an San Ignazioko Eskola Publikoaren eraikuntza Jakintza Ikastolaren erabilpenerako geratu zen, oso-osorik, eta leku faltari lotutako arazoak neurri handian konpondu egin ziren. Haur Hezkuntza gelditu zen soilik Garagartzako etxean. Urte honetan bukatu zen, era berean, bailarako ikastetxeetatik ikasleak Jakintzara etortzeko joera. Urte honetatik aurrera, herrian bertan geratzen hasiko dira OHO amaitu arte.

1984ean Ikastolen geroa aztergai den sasoi honetan, planteamendu ezberdinak agertu ziren. Urte honetan egindako Batzar Orokorrean, EIKE eta EEPAren alternatibak aztertu ziren eta Ordiziako Batzarra EEPAren alde posizionatu zen.



1989an Ikastolako administrazio guztia, ordurarte Garagartzako egoitzan kokatzen zena, San Ignaziora ekarri zen. Urte honetan egindako Batzar Orokorrean, Jakintza Ikastolak bere ondarea, Garagartzako lokalak, Eusko Jaurlaritzari ez ematea erabaki zuen.

1993a mugimendu ugariko urtea izan zen: Villa Eugeniako eraikuntza berria inauguratu zen; aurrerantzean, bertan izango dira Haur Hezkuntzako haurrak eta, honela, instalazio eta lokalen premia konponduta geratu zen berriro. Jakintza Ikastolako 25. urteurrena ospatu zen. 1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara, Kooperatibara eta herrira. Ikastolak aukera egin behar zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Maiatzaren 24an, Euskal Eskola Publikoaren legeari dagokion erabakia ere hartu zen eta sare publikoan ez integratzea erabaki zuten Jakintza Kooperatibako bazkideek.

1994ean Jakintza Ikastolak berriro lortzen du Batxilergorako ikasketak eman ahal izateko baimena eta kontzertazioa, ituna. Urte berean onartzen du bere Hezkuntza Proiektua Jakintza Ikastolak. 1996an Egoera ekonomikoa larria zela-eta, ordurarte entitate juridikoa izan zena Jakintza S.A. desagertzea erabaki zen eta langileen kooperatiba sortzea. Titular berria Jakintza Ikastola Kooperatiba Elkartea. 1998an, hainbat errekurtso jarri ondoren, INEMek dagokion kapitalizazioa onartu zion, diru sarrera garrantzitsua jasoz.

2002an, Kalitatearen Zilarrezko Q-a lortu zuen. 2004ko azaroaren 3ko Buletinean agertzen denez, Jakintzak Jakintza Ikastola Herri Onurako Kooperatiba izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bete beharrak ere baditu Herri Onurako izendapenak. Garrantzitsuenetakoa zera litzateke, Jakintza Ikastolak bere zeregin nagusia utzi edo desagertuko balitz, Ikastolak duen ondare edo patrimonio guztia Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasako litzatekeela.

2005ean Kalitatearen urrezko Q-a lortu zuen. Urte berean Jakintza Ikastolako IKT taldeak IKTeroak blog-a sortu zuen, 2007an Estatu mailako, gelako blog onenaren saria lortzen du Euskaljakintzak.