Ikastolak

Almen Ikastola. Eskoriatza

Gipuzkoako hego-aldean eta Deba ibaiaren sorburuan kokatutako Leintz bailaran, 36.000 biztanletako berezko eskualde bat osatzen dute Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasatek. 1960-1970 arteko hamarkadan, kooperatibagintza zela-eta hazkunde demografiko eta ekonomiko nabarmenean zegoen eskualde honetan, irakaskuntzaren eskaintza oso murriztua eta garestia zen.

Batxilergo Elementala nahitaezko baldintza izanik Lanbide Heziketarako edo eta Goi-maila Ikasketetarako, berau eskualdean ez izateak neska-mutilen etorkizuna nabarmenki mugatzen zuen. Egoerari aterabideren bat bilatu nahian herritar talde bat inguruko erakunde eta pertsonen laguntzaz irtenbidea aurkitzen saiatu ziren.Orduko arazoa eskola-falta zen; ez zegoen eskolarik! Aretxabaleta eta Eskoriatzako jendeak Arrasatera, Bergarara eta Oñatira joan behar izaten zuen.

Marianisten komentu zaharra, "Ntra. Sra. Del Pilar", izan zen proiektu berriaren lehendabiziko egoitza, proiektu berriak "Dorleta Amaren Ikastetxea"izena jaso zuen. Eskola egungoa baino beherago zegoen, gaur egun, Mendigoia Hotela dagoen toki inguruan.

1965-66. ikasturtean hasi zen martxan batxilergoko 40 ikaslerekin. Era apalean sortutako hura gorpuztu zedin, 1967an A.L.M.EN. (Asociación Leniz Mancomunidad de Enseñanza) bezala ezagutuko zena sortu zen. Eskola honetan lehenengo Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikasleak hartzen ziren eta gero postuak bete arte arrasatekoak, bergarakoak ... Eskola mistoa zen, hau garai hartan urrats handia zen, ez zegoen eskola mistorik, eta asko kostatu zen Almen misto bihurtzea, jendeak ez baitzuen oso arrunta ikusten.

Sortu eta berehala lortu zuen babes juridikoa. l972ko martxoaren 4tik aurrera Batxilergoko ikastetxe ofiziala izan zen. Hezkuntza Sistemak legeztatu zuen l970eko berrikuntza zela eta, OHOrako ( Oinarrizko Heziketa Orokorra) baimena ere jasoko zuen urte berean, hau da, l972ko maiatzaren 27an. UBI (Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea) irakasteko baimena, berriz, 1978ko uztailean eskuratu zuen. l970eko urrian inauguratu zen 1.000 ikaslerentzat lekua zuen eskola berria.

Aipatu behar da baita, Aretxabaleta eta Eskoriatzan, eskolaurrera mugatuak zeudela ikastolak eta ezin zutela OHOko ikasketen ardura hartu. Beraz, AlmenENENekin akordio batetara heldu eta honek hartu zituen. Horrela, bada, ALMEN sortu eta bost urtetara euskarazko lehendabiziko bi taldeak hasi ziren martxan, biak Aretxabaletatik etorriak, Loramendi eta Jose Arana Ikastoletatik etorritako ikasleak. 1975ean, euskalduntze-prozesua bideratuta zuela, Ikastola bihurtu eta Ikastolen Konfederakuntzan sartzeko eskakizuna onartuko zitzaion.

Maisu-maistra euskaldunen premia nabarmentzen hasia zenez, 1972ko uztailaren 3an ALMENek, beste batzuen artean, Magisterio Eskola (gaur egun Eskoriatzako Irakasle Eskola) sortzeko egin ziren lehendabiziko ahaleginetan parte hartu zuen. Aretxabaletako haurren euskalduntze prozesuaren haserako eragile zuzena bihurtu zen. Hurrengo urtean era berean jarraituko zuen, laguntza material eta metodologikoa eskainiz.

Eskualdeko Hezkuntza mugimendua bultzatu eta koordinatzea helburutzat zuen Liga de Educación y Cultura-ren babesean gauzatutako hezkuntza mugimendua hartzen ari zen indarra eta handitasunak, bertako egituraketa egokiago baten premiazko beharra adierazten zuen. l980tik aurrera, Liga de Educación y Culturaren ordezko HEZIBIDE izan zen, beronek jaso baitzuen inguruko hezkuntza eremua koordinatu eta bultzatzeko zeregina. Berregituraketa honek ikastetxe bakoitzaren egoera juridikoa finkatzera behartu zuen. Eskualdeko hezkuntza talde honetan sustraitu zen guraso, irakasle eta bazkide kolaboratzaileen partaidetza ahalbideratzen zuen kooperatiba mistoaren formula.

Honela, 1980ko ekainean, ALMEN Kooperatiba bihurtu zen legez. 1990ean ALMEN Kooperatibak gutxi gorabehera 1.800 bazkidek osatzen zuten.

2000. urtean hausnartze eta adoste prozesu baten ondoren, Eskoriatzako ALMEN Ikastola eta Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolak, San Viator Ikastolak eta Umezaintzak bigarren mailako Arizmendi Kooperatiba eratu zuten, 2003.urteaz geroztik juridikoki hezkuntza-enpresa bakar moduan dihardu. 2003ko otsailean lau kooperatibetako Batzar Nagusiak desegin eta Arizmendi Lehen Mailako Kooperatiba bihurtu zen. Egungo Arizmendik hartu zuen lan guztien ardura. 2003ko irailaren 1etik Arizmendi da Leintz Bailarako ikastola kooperatiba bakarra.

2005eko Gipuzkoako Ikastolen Festan, Kilometroetako, geltokietako bat, ALMENen eraikinean egon zen, hain zuzen ere.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • ALMEN Ikastola, 1966-1991. Ikastolaren 25. Urteurrena. Iturriak bilduma. Arrasate.
  • "ALMEN" Wikipedia. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 19an].