Lanbide liberalak

Eguren y Mugica, Juan Maria de

Hezkuntzako ikuskaria.

Juan Maria de Eguren y Mugica elgetarra (Gipuzkoa) probintzia horretako ikuskari izendatu zuten 1859/12/15eko Errege Aginduz 1859ko ekainaren 4ko Errege Dekretuaren arabera. Horrenbestez, bera izan zen probintziako lehen ikuskaria 1857ko Moyano legea aldatzen zuen aipatu xedapena aplikatuz. Kargua 1860ko urtarrilean hartu zuen eta 1876ko apirilera bitartean mantendu zuen probintzian. Orduan Araban jarraitu zuen lanean kargu berean, izan ere, 1874ko maiatzaren 21eko bateraezintasunen dekretua aplikatu zitzaion, funtzionario horiek jaio ziren probintzian kargua betetzea ekiditen zuena. Dena den, bi urte beranduago mugitu zen Arabara, izan ere, karlistaldia zela eta ezinezkoa zen Gasteizera mugitzea.

Ibilbide horretan, hala ere, bere espediente pertsonalari erreparatuz (Estatuko Administrazioaren Artxibo Orokorrean gordetzen dena) 1867ko uztailaren (Almeriako Eskola Arruntera jo zuen) eta 1868ko irailaren artean (iraultzak garaipena erdietsi arte) kargua utzita egon zela ikus dezakegu, izan ere, karguari uko egiteko eskaria egin eta onartu egin zioten. Denbora-tarte horretan Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas ospetsua idatzi zuen, 1867ko abenduan argitaratu zena. Testua Instrukzio Publikoko Kontseiluak onartu zuen ikastetxeetan erabiltzeko.

Bere meritu eta zerbitzuen orrietan (berak idatzi zituenak) erreparatzen badugu, gauzatu zituen jarduerak eta jaso zituen aitortzak ikus ditzakegu. Hala, 1866an Isabel Katolikoaren Errege Ordenako Zaldun izendatu zuten, probintziako zentsu eta estatistikan egindako lanagatik, nahiz lehen irakaskuntzaren sustapenean zituen bestelako aurrekariak zirela medio. Ehun eskola baino gehiagoren sorreran esku hartu zuen (haur eskolak ere bai) Donostian eta beste herri batzuetan. Gainera, eskoletara bideratutako 60 lokal berriren eraikuntzan ere esku hartu zuen. Beste erreforma batzuetan ez ezik, Tolosan kokaturik izan zen Gipuzkoako Maistren Eskola Arruntaren sorreran nahiz desagerpenean (1865-1869) parte hartu zuen.

Eguren liberal militantea zen. Horrez gain, instituzioetan kolaboratu zuen eta Foru Aldundien eta Batzarren aitorpena eduki zuen, eta haien laguntza ere jaso zuen. Eskolen sustapenaren alde nahiz haurrak haietara joan zaitezela bultzatzearen alde lan egin zuen. Halaber, Donostiako Tokiko Batzarrak egindako erreforma-planetan parte hartu zuen. Dena den, ez zuen beti maisu gehienen babes eta aitorpena izan, liburu-salmentan zituen negozioak zirela medio.

Eguren eskoletan gaztelania inposatu zuen eragiletzat oroi dezakegu, izan ere, lurraldeko eskoletara egindako bisitaldietan egindako txostenetan argiak eta zehatzak dira hizkuntza hori erabiltzeko maisu eta maistrei egindako ohartarazpenak. Haatik, bere jarduna ez zen eskolei bideratutako gomendioak egitera mugatu. Aitzitik, eskoletan irakaskuntza gaztelaniaz garatzeko metodoari buruzko hainbat testu argitaratzeaz gain, liburu hauek ere kaleratu zituen: Diccionario vasco-castellano, Guía para uso de viajeros en el País Vasco eta Manual de conversación para uso de los que visitan el País Vasco. Hots, eskoletan gaztelaniaren erabilera sustatzen duen bitartean, euskara ezagutzen ez dutenei hizkuntza horretako oinarrizko elementuak helarazten saiatzen da, herrialdeko biztanleekin hizkuntza hori erabil dezaten. Bere testu ezagunena Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas izenekoa da. Bertan bere izaera erabilgarria azaltzen da, "gaztelaniaz irakasteko komenigarritasunaren eta, are, behar biziaren" aurrean.

Probintziako biztanle gehienak euskaldunak ziren eta, herri gehienetan, gaztelania ulertu ere ez zuten egiten; herri garrantzitsuenetan ere "gaztelania artean ez zen ohikoa eta pertsona kultu eta prestatuenen artean baino ez zen erabiltzen", Eguren berak adierazten duenez. Euskarak probintzian bizi zuen egoerak bere ondorioak zituen hezkuntza-sistema osoaren barnean, izan ere, Egurenen arabera, gaztelania ez jakitea oztopo handia zen eskola-ikaskuntza jasotzeko, hizkuntza horretan irakurri eta idazten baitzen irakaskuntzako arlo guztietan, kristau-ikasbidea salbuetsita.

Bere testua sustatzeko, gaztelania ez jakiteagatik euskaldunek zituzten oztopo eta zailtasunak adierazi zituen Egurenek, esate baterako, unibertsitatera jotzeko edo industrian sartzeko; eta, are, baserritarren artean ezjakintasun horrek zekarren arazoa adierazi zuen, gaztelaniaz ezin irakurria zela medio. Ezaugarri horiek ikusita, argi zegoen, Egurenen ustez, gaztelania eskoletan sartuz egoera arindu egingo zatekeela. Hala, irakaskuntzan ez ezik, bere metodoa "gaztelania ikasi nahi duten euskaldunek" erabil zezaketen.

Haatik, metodo horrek beste bertute bat ere bazuen, izan ere, zeharka euskaraz idazten ikas zitekeen, euskalki-aniztasunak gaindituz. Horrela mintzatzen da Eguren, batez ere gaztelaniaren eta euskararen arteko erkaketa-ariketen harira: "helburu nagusitzat gaztelania irakastea duten erkaketa-ariketa praktiko horiek, aldi berean, lagungarri lirateke kaleko euskara hobetzeko, izan ere, metodo horren bidez haurrek izen batzuen eta perpausaren bestelako zati batzuen euskarazko egiazko hotsak, aurretik erabat ezezagunak zirenak, baitaratuko dituzte eta, era berean, ebakeren ohiko erabileratik eratorritako akatsak zuzenduko lirateke". Horrenbestez, Egurenek helburu bikoitza du: gaztelaniaren erabilera bultzatzea eta euskararen ezagutza hobetzea.

Metodoa lau zatitan banatzen da: lehen zatian euskara-gaztelania hiztegi txiki bat ematen da, hizketaldiko gai arrunt eta ohikoen arabera sailkatuta; bigarren zatian euskararen deklinabideari buruzko ariketa praktikoak ematen dira; hirugarren zatia aditz-jokoei buruzkoa da; eta laugarrenean gaztelaniazko eta euskarazko perpausak ematen dira, itzulpen-ariketak egiteko.

Azkenik, irakaskuntza horren osagarri, eskolatik kanpo ere gaztelaniaz mintzatzea aholkatzen du Egurenek, eskola ez zedin izan hizkuntza horren espazio bakarra, bertan jadanik ohikoa baitzen: "Eskolan gaztelania irakasteaz gain, aldi berean, ezinbestekoa da bertan hizkuntza hori arrunki erabiltzea eta euskara soilik haurrei zerbait ulertarazteko beharrezkoa denean erabiltzea, izan ere, bestela helburua betetzeko egindako ahaleginak alferrikakoak lirateke".

Eskoletan gaztelania txertatzeko defentsa hori osatzeko, Egurenek Sustapen Ministroarengana joko du, jadanik Arabatik, 1876. urtetik bertan burutzen baitzuen ikuskaritza lana. Hala, jardunean eta oposizioetan 15 urte bete zituzten ikuskariek eskola arruntetako irakasle izateko ahalmena eskatzeaz gain (bere kasua ebazteko planteamendu orokorra), agintaritzatik gaztelania inposatu eta orokortzeko (ez eskoletan soilik, baizik eta euskaldun guztien artean) beharrezko neurri guztiak hartzeko eskatu zion aipatu ministroari.

Ministroari zuzendutako idatzi horretan Egurenek 1860. urtean Gipuzkoan ikuskari kargua hartu zuenetik "helburu ohoretsu hori" betetzen laguntzeko erakutsitako grina eta kemena gogorarazi zituen. Hala ere, bere "eginahal sendoa" azpimarratuz, Egurenek zera adierazten dio Ministroari: "sentituz euskaldunen artean gaztelania arrunt bihurtzeko baliabide eraginkorrik ez izana (originalean azpimarratuta), izan ere, azken urtetan izandako gertaerak eta Euskal Herriak bizi duen egoera berezia ikusita (karlistek Gipuzkoan duten nagusitasuna aipatu nahirik), sinetsita nago Agintaritzatik bi sexuetako euskal eskoletan gaztelaniaren irakaskuntza praktikoari lehentasuna emateko neurri erabakigarriak agintzeko premia dagoela, eskola horien egunerokotasunean helburu hori betetzera bideratutako jarduna finkatuz zorroztasun osoz" (Estatuko Administrazioaren Artxibo Orokorra -Alcala de Henares-: 2360. leg. J.M. Egurenen espediente pertsonala).

Militante liberal horren arabera, argi zegoen karlistek, beren nagusitasun laburrean eta euskararen aldeko xedapenekin, berak 14 urtez modu pazientean burututako lana suntsitu zutela. Eskoletan gaztelania inposatu bazen, bestelako arrazoi sozial eta hezkuntzazko batzuen artean, ikuskaritzak egindako etengabeko lanagatik izan zen, eta horiek maisu eta maistren artean zuten eraginagatik. Dena den, ez zen hori arrazoi bakarra. Egoera horren aurkako kritikak ez ziren azaldu XX. mendeko azken hamarkada iritsi arte, nazionalistek irakasle euskaldunak lortzeko egindako aldarrikapenekin indartu zirenak, herrialdearen beharrizan sozial eta hizkuntzakoekin bat etorriz.

  • DAVILA, Paulí. La profesión del magisterio en el País Vasco (1857-1930). Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993.