Lanbide liberalak

Eguren y Mugica, Juan Maria de

Hezkuntzako ikuskaria.

Juan Maria de Eguren y Mugica elgetarra (Gipuzkoa) probintzia horretako ikuskari izendatu zuten 1859/12/15eko Errege Aginduz 1859ko ekainaren 4ko Errege Dekretuaren arabera. Horrenbestez, bera izan zen probintziako lehen ikuskaria 1857ko Moyano legea aldatzen zuen aipatu xedapena aplikatuz. Kargua 1860ko urtarrilean hartu zuen eta 1876ko apirilera bitartean mantendu zuen probintzian. Orduan Araban jarraitu zuen lanean kargu berean, izan ere, 1874ko maiatzaren 21eko bateraezintasunen dekretua aplikatu zitzaion, funtzionario horiek jaio ziren probintzian kargua betetzea ekiditen zuena. Dena den, bi urte beranduago mugitu zen Arabara, izan ere, karlistaldia zela eta ezinezkoa zen Gasteizera mugitzea.

Ibilbide horretan, hala ere, bere espediente pertsonalari erreparatuz (Estatuko Administrazioaren Artxibo Orokorrean gordetzen dena) 1867ko uztailaren (Almeriako Eskola Arruntera jo zuen) eta 1868ko irailaren artean (iraultzak garaipena erdietsi arte) kargua utzita egon zela ikus dezakegu, izan ere, karguari uko egiteko eskaria egin eta onartu egin zioten. Denbora-tarte horretan Método práctico para enseñar el castellano en las escuelas vascongadas ospetsua idatzi zuen, 1867ko abenduan argitaratu zena. Testua Instrukzio Publikoko Kontseiluak onartu zuen ikastetxeetan erabiltzeko.

Bere meritu eta zerbitzuen orrietan (berak idatzi zituenak) erreparatzen badugu, gauzatu zituen jarduerak eta jaso zituen aitortzak ikus ditzakegu. Hala, 1866an Isabel Katolikoaren Errege Ordenako Zaldun izendatu zuten, probintziako zentsu eta estatistikan egindako lanagatik, nahiz lehen irakaskuntzaren sustapenean zituen bestelako aurrekariak zirela medio. Ehun eskola baino gehiagoren sorreran esku hartu zuen (haur eskolak ere bai) Donostian eta beste herri batzuetan. Gainera, eskoletara bideratutako 60 lokal berriren eraikuntzan ere esku hartu zuen. Beste erreforma batzuetan ez ezik, Tolosan kokaturik izan zen Gipuzkoako Maistren Eskola Arruntaren sorreran nahiz desagerpenean (1865-1869) parte hartu zuen.

Eguren liberal militantea zen. Horrez gain, instituzioetan kolaboratu zuen eta Foru Aldundien eta Batzarren aitorpena eduki zuen, eta haien laguntza ere jaso zuen. Eskolen sustapenaren alde nahiz haurrak haietara joan zaitezela bultzatzearen alde lan egin zuen. Halaber, Donostiako Tokiko Batzarrak egindako erreforma-planetan parte hartu zuen. Dena den, ez zuen beti maisu gehienen babes eta aitorpena izan, liburu-salmentan zituen negozioak zirela medio.