Kontzeptua

Ezkotixa

Ezkotixa dantza arras ezaguna izan zen XIX. mendean Europa osoan. Dirudienez, schottisch hitza da izendapenaren jatorria, alemanez "eskoziar" esan nahi duena.

Zenbait egilek dantzaren eta Eskoziaren arteko lotura ukatu duten arren, Curt Sachsen arabera, "vals eskoziarra" da aipatu dantzaren jatorria, biko erritmoa duena (Tilmouth eta Lamb, datarik gabea). Polkaren antzekoa da eta, are, dantza horretan hain ohikoa den orpo-punta pausua maiz agertzen zen ezkotix delakoan. Dena den, abiadura motelagoa da bigarrengoan. Ezkotixa oso ezaguna izan zen Parisen 1840eko hamarkadan eta Espainiara ere hedatu zen ospe hori urte batzuen buruan. XIX. mendearen amaieran Espainiako errepertorio lirikoan ohiko bilakatu zen. Hala, biraderadun organoaren laguntzarekin Madril inguruko giroaren ikur bilakatu zen, bereziki, XX. mendean. Orduan Madrid edo Pichi izeneko ezkotixak abesten zituzten Raquel Meller, Celia Gamez edo Concha Piquer ezagunek (Sobrino, 1999). Halaber, garai hartan Madrilen ezkotixa dantzatzeko modu berezi bat sortu zen, mugimendu minimotan oinarritua.

Pentsatzekoa denez, ezkotixa Baskoniara ere iritsi zen eta bertan ere oso ezaguna izan zen, inolako zalantzarik gabe. Hala ere, lotuan egiteko dantza zenez (gaur egun, gaztelaniaz oraindik nahiko normala da pertsona baten zuhurkeria aipatzeko "más agarrado que un chotis" (ezkotixa baino lotuagoa zara) esatea), arazoak izan ziren elizako agintariekin eta, baita, agintari zibilekin ere, dantza ezmoraltzat jotzen baitzuten. Argi dago garai hartako gizartean dantza hori aukera paregabea zela sexu ezberdinen arteko harremanak finkatzeko. Alde batetik kontaktu fisikoa zegoelako eta, beste alde batetik, bikoteak sentitzen zuen intimitate eta independentziagatik, agian bigarren arrazoi hori zelarik garrantzitsuena: bi gorputzen arteko sintonia hori bilatu nahia, eta soilik bi horiena, (gaur egun horren ohiko eta ezaguna ez dena) hainbat dantzei esker ahalbidetu zen lehen aldiz, esate baterako, ezkotixa, valsa, habanera, polka edo mazurkari esker. Horiek kontradantzatik eratortzen dira eta hura bezala bikotean dantzatzeko sortuak baziren ere, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa.

Pedro de Madrazo arte-kritikariaren (garaiko pintoreen familia ospetsuko kidea) aipu pare bat ekarriko ditugu hona, Baskonian dantza horiek izan zuten harrerari buruzkoak, 1886an argitaratuak. Izan ere, aipu horiek argigarriak dira oso (aipua Villafranca Belzunegui 1999:393-4):

"Penintsulako jota eta fandango, Ingalaterrako kontradantza eta Frantziako rigodoi bukaezinekin batera, probintziar eta nafarrek, ezustean, beste hainbat dantza jaso dituzte, esaterako, dantza arinak, polkak, galopak, ezkotixak eta askotariko dantza aglutinatzaileak, egiazko kultura sozialaren laido modura [...] Ah! Euskaldun koitaduak, zortziko onest eta galantaren, aurresku sotilaren eta ezpatadantza kementsuaren sortzaileek dantza satsu horiek hartu dituzte lege oneko opari modura eta, gaur egun, han-hemen dantzatzen dituzte gortean onartuak izan direla ikusi dutelako, gorteko jende hori zer-nolakoa den ohartu gabe! Zeruak nahi beza Madrileko pandemonium horretako moda guztiak bereganatzeko joera iluna senda dadila!"

(itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adibide batera, Julian Romero 121824 gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899) Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek 2/4 erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Bertan hemezortzi ezkotix agertzen dira, hots, bildumako pieza guztien %14 ia. Dena den, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako danbor-jotzaileen errepertorioetan ez da gauza bera sumatzen, ezta Txistulari aldizkariko errepertorio arras zabalean ere. Horrenbestez, badirudi genero horrek ez zuela arrakasta handia izan txistularien artean. Dena den, horren arrazoia ez da kolektibo hori moralitate publikora gehiago gerturatu izana, izan ere, beste hainbat generok, sekulako arrakasta izan zuten kolektibo horretan, esate baterako, lotuak, alsak edo habanerak.

Frantziako eredua gertuago zegoelako edo elizak eta gizarte zibilak sortutako aurkako polemika eta presioa ez zirelako hegoaldeko lurretan bezain indartsuak, egia esatera, ezkotixak arrakasta handiagoa izan zuen Iparralden, bereziki, Behe Nafarroan eta Lapurdin. Musikari ezagun askoren errepertorioan oso ugariak ziren halako generoak, esate baterako, Faustin Bentaberri 25816 (1865-1936) biolin-jotzaile eta klarinete-jotzailearenean eta baita bere iloba Jean Otheguy Lanyaburu biolin-jotzailearen errepertorioan ere, zeina 1956an hil zen. Jose Antonio Quijeraren arabera (2004:164-165), zonalde horretako igandetako dantzaldietan aurrezarritako ordena bati jarraitzen zitzaion II. Mundu Gerrara arte. Hala jauzien ostean, polka bat, ezkotix bat, mazurka bat eta bals bat interpretatzen ziren, hurrenkera horretan. Horien ondotik, gutxienez, lau kontra-iantza (hala izendatzen ziren tokiko euskalkian) dantzatzen ziren. Horiek amaitzean, berriz ere, polka batek hasiera ematen zion zikloari.

Ildo horretatik, oso interesgarria da zonalde horretan ezkotixak zuen kutsu militarra. Hori garaiko beste dantza batzuekin ere gertatzen zen, esaterako, kontradantzarekin, zeina, itxura batean, martxa napoleondar guztien jatorria baita (ibid:194). Tenpluko sartu-irtenetan ezkotixaren doinuak erabiltzen ziren eta Gorputz Egunez edo Besta Berri egunez tenpluaren barruan banderak jasotzean ere doinu horiek erabiltzen ziren, agian hortik dator aipatu lotura; gainera, aipatu festa egunak lotura estua zuen antzina giro militarrarekin (ibid: 192). Honatx ezkotixaren adibide bat, Miguel Angel Sagasetak argitaratutako Danzas de Valcarlos liburuan agertzen dena (138. or.):

ezkotix