Olerkariak

Artola Elizetxea, Rosario

Bertsolaria eta idazlea. 1869ko maiatzaren 7an jaio zen Donostian eta 1950eko urtarrilaren 5ean bertan hil.

Bere familiaren ohiturari jarraiki, bertsopaperak idazten zituen eta garaiko aldizkarietan argitaratu. Askotan alegi modura idazten zituen bere olerkiak, irakaspen eta guzti. Bere kitarraren laguntzaz kantatu ere egiten zituen bere familia eta lagunen artean giro ederra sortuz bere umore eta alaitasunaz. Hona hemen berari buruz idatzitako bertso bi:

Onen bertsoak eta ipuiak
naukate beti zoratzen.
Dama izanik, gure izkuntza
zer asko duben maitatzen
Onen izena paperen batek
diran aguro aitatzen,
nere biotza, triste ba'dago,
pozkidaz da betetzen.

B. Iraola

Gure arrebatxua
polit egokiya,
neskatxa jakintsua
biziro aundiya,
guztiz liraña eta
begiragarriya,
aingerua dirudi
goitik etorriya.

P. Artola

Rosario Teodora Artola Elizetxea Donostian sortu zen 1869an. Bost seme-alabetan gazteena izan zen: Ramon, Pako, Pepe, Manuel (8 urterekin hil zena) eta bera. Ramon olerkari ospetsuaren alaba zen eta Pepe Artola olerkari eta antzezle ezagunaren neba, beraz, esan bezala, bere aita ta nebaren bideari jarraitu zion.

Hogei urterekin, 1889an, idatzi zuen Euskal-Erria aldizkarian "Nere gitarchoari" poema, garaiko aldizkarietan argitaratzen zuen lehen emakumea izanik. Geroztik, etengabe argitaratu zituen bere olerkiak eta bertsoak 1918ra arte. Guztira 50 bertso idatzi zituen, eta ia denak Euskal Erria aldizkarian argitaratu zituen. Esan beharra dago, batzuk aldizkari batean baino gehiagotan agertu zirela, beherago agertzen den bere lan argitaratuen zerrenda luzeagoa eginez.

Saririk ere irabazi zuen: Oñatiko Euskal Jaietan, 1902an, "Arantzazuko Ama Birjiñari" izenekoarekin; Iruneko Euskal Jaietan, 1903an, "Zerutako erregiña" izenekoarekin; Ordizian, 1904an, "Umezurtza" olerkiarekin; baita Hernanin ere, 1909an; Donostiako Lore Jokoetan, 1913an, bere "Ama Birjiña"ri eman zioten saria; eta hiri horretan ere, 1918an, "Aitona eta illoba" izenekoarekin.

Goxo eta bizi adierazten ditu bere bizipenak, bere biografietan irakurri dugunez. Eguneroko bizitzako gaiak ditu kantagai, bere olerkien izenburuei erreparatuta argi ikus daitekeen moduan eta ohikoa zena garai hartako idazle gehienengan: erlijio gaiak (jainkoa, amabirjiña), familia eta lagunak (urtebetetzeak, maitasun adierazpenak), sentimenduak (zoriona, nahigabea), natura, animaliak eta ingurunea (loreak, udaberria, txoriak, saguak, katuak, astoak, azeriak), euskaldun ospetsuei eskainitako bertsoak (Antonio Arzak, Joxe Zapirain, Migel Salaberri, Martzelino Soroa, Raimundo Sarriegi, ...).

Garai hartako emakumeen lana zen balore kristauak eta euskal tradizioen trasmisioa eta lanketa egitea, eta hori da bere ipuin eta alegi moduko olerki eta bertsoetan aurkituko dugun funtzio didaktiko-moralizatzailea, horren ondorioz, portaera arauak eta nortasun eredugarriak emango ditu, Bizenta Mogelen idazmoldeari jarraituz eta garaiko emakume idazleen lanen norabidea zedarrituz.

Hala ere, eta bere ingurukoek nabarmendu zuten moduan, zortziko txikia bezalako neurri txikiaren eta bere umorearen laguntzaz, bazuen ziria sartzeko eta barrea sorrarazteko gaitasuna ere. Beraz, bertso batzuek barrea eragingo dute eta beste batzuek hunkituko dute irakurlea.

Bertsogintzaz eta literatura idatziaz gain besterik ere egin zuen euskal kulturaren mesedetan, Euskaldun Fedea elkartearen antzerki taldean parte hartu zuen, garai horretan euskal antzerkiak izan zuen gorakadan ere parte hartuz. Laurogei urte ondo beteak zituela hil zen, 1950eko urtarrilaren 5ean.

Jarraian duzue argia ikusi zuen bere lehen olerkia eta idatzi zituen alegi moduko bertsoetatik bat adibide gisa, "Nere gitartxoari" eta "Farra eman ziran", hurrenez hurren:

NERE GITARTXOARI
(Euskal Erria, 1889)

Nik gitartxo bat baidet maite eta lagun,
hau joaz pasatzen det denbora txit legun;
nola denok grazi bat zerbaitetan degun,
berarekin pentsatzen nago gau ta egun.

Denbora pasatzeko gauz' hoberik ez da,
honekin nonhai jartzen det nik nahiko festa;
bakarrikan bera da noranahiko orkesta,
hau aitzez inortxo 're aspertutzen ez da.

Triste nagoenean bera det pozgarri,
zenbait bidertan ere hauxen det igarri:
honekin alegria pasatzen det sarri,
soinua joaz eta gaineta kantari.

Gitarra jotzez ez naiz behin ere aspertzen,
berarekin bihotza oso zait zabaltzen,
eta memoria 're txit asko argitzen,
honekin det zorion guztia arkitzen.

FARRA EMAN ZIRAN
(Euskal Erria, 1893)

Egun batian nizkan
Zapatari bati
Eraman konpontzera
Zapata apre bi,
esan ziran: bigarko
ditut konponduko,
aldetan onduena
ditut nik jarriko;
ala esan bezela
joanik beragana,
egiña baizekarren
ordurako lana;
neri ematerako
garbitzen zan asi;
ontzi batean zekan
lustre zar ta guzti;
esan ziran: alperrik
oñetako danak
galdutzen ditu chistu
orren maiz emanak,
etzayo eman bear
txisturik iñola,

eta obe baidezu
beti egiñ ala;
izketan ai zala
alako batean,
nun txistuba bota du
lustrien tartean.
Orduan esan niyon
Farra egiñikan:
Aibeza bedorrenak
Ez aldu gaitzikan?
Oso lotsaturikan
Bertan zan gelditu,
Arpegiya zitzaion
Aguro gorritu.
Besteri naidubenak
Falta erakutsi
Norberak lenbiziko
Bearko du utzi.