Kontzeptua

Garapen iraunkorra

Garapen Iraunkorra, gaur egungo beharrizanak gerora izango diren belaunaldiek eurenak izango dituzten beharrizanak asetzeko ahalmena konprometitu gabe asetzera datorren garapena da. Definizio hori Nazio Batuen Batzar Nagusian 1987ko udazkenean Ingurugiro eta Garapenari buruzko Mundu-Batzordeak aurkeztu izanda "Informe Brundtland", deritzon agiritik datorkigu.

1970etik 1980ra bitarteko urte-epea, garapenaren izenean berriztagarriak ez ziren baliabide naturalak alferrik galtze bidean zegoenaren egitatea era argiagoan ikusten hasi zeneko garaia izan zen. Garai horretan, bestalde, eguratsean, lurzoruan, uretan, landare eta animalietan eta guztion arteko harremanetan aurreikusi gabeko aldaketak ere nabarmendu ziren.

Ohartutako aldaketek mundu mailako beroketa, ozono-geruzaren agortzea, uraren eta lurraren geroago eta kutsadura nabarmenagoa, oihan-galtzea eta landare eta animalia espezie anitzen galtzea bezalakoak dakartza. Aldaketon abiadura, erakunde eta zientzia munduak guzti horren iturburu eta ondorioen nondik norakoak aldatu edota geldotzeko zuen ahalmena baino askoz azkarragoa zen.

Ingurugiroarekiko ohartutako aldaketok Lurraren kapital naturalaren etengabeko agortze prozesuan oinarritutako garapenaren ondorioa ziren. Aldaketotan sakontzeko helburuz eta egoera hori antzaldatzekotan, 1983an Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak aipatutako gaiak azter zitzan asmoz Ingurugiro eta Garapenari buruzko Mundu-Batzordea sortu zuen eta beronek, lau urtetako ikerketaren ondorioz, 1987an, "Informe Brundtland"delako agiria aurkeztu zuen.

Egun, Garapen Iraunkorrak dakartzan ideia nagusiei buruzko adostasun handia dago. Alde batetik, Brundtland Txostenean azaltzen zen bezala, gaur egungo belaunaldiak gure ondoren datozen belaunaldien aurrean, gutxienez, guk dugun ongizate-maila bera izan dezaten, baliabide nahiko uztearekiko betebeharra dugu, egun arte jardun izan dugun bezala jarduten jarraitzen baldin badugu, gerora izango diren belaunaldiei euren etorkizuna hipotekatu egingo diegulako.

Bestalde, Garapen Iraunkorra, izatez, pertsona eta nazio guztiek euren ahalmena garatu eta bizitza kalitatea hobetzea ahalbidetzeaz gain lurrean bizitzari eusten dioten sistemak hobetu eta babestu ahal izatea bideratzen duen prozesu dinamiko bat dela ere onartzen da. Oldozmen honetan nabarmentzen dira Garapen Iraunkorraren hiru dimentsioak: dimentsio ekonomikoa, giza-dimentsioa eta ingurugiro-dimentsioa, ingurugiroaren babesa eta gizarte-ongizatea aintzakotzat hartzen dituen hazkunde ekonomikoarekiko ereduaz hitz egiten baitugu.

Garapen Iraunkorraren dimentsio ekonomikoari buruz, ezinbestekotzat jotzen da munduko biztanleria guztiari beharrezko ondasunak hornitzera letorkeen ekonomia-jarduna sustatzea, horretara bere ondorio txarrak mailarik txikienera ekarriz ondorengo belaunaldientzako jasangarria izan dezan. Aipatutako ondorio txarrak baliabide naturalen kontsumoari eta hondakinak sortzeari buruzkoak dira.

Giza-dimentsioa, ingurugiroaren hondamendia garatze bidean diren herrietako elite eta garatutako herrietako bizitza tankera eta oparotasunarekin eta baita baztertutako humanitatearen biziraupenagatiko borroka eta txirotasunarekin ere lotuta dagoen ebidentziaren eskutik eratortzen da.

Hirugarrenez, ingurugiroarekiko gaiaz, baliabideen mugagabeko ustiaketa eta onura, ekonomiaren abiada onaren irizpide bakar bezala, onartezina da. Planeta mugatu batek ezin du, ekoizpenik gorenean eta kontsumoan oinarritutako ekonomia-sistema batek eskatzen dituen baliabideak mugagabe hornitu. Horregatik guztiagatik benetako garapen batera abiatu beharra dagoenaren ideia nagusitu da, ingurugiroa zaindu dezan planetaren ustiaketa arrazoibidezko batekin bateragarri izan dadin bizitza-baldintzen hobekuntza ahalbidetuz.

Garapen Iraunkorrarekiko irtenbideak hiru dimentsioen baterabide bezala, batez ere, ulertu behar dira, hau da: ekonomikoa, gizarte mailakoa eta ingurugiroarekikoa. Garapena iraunkortzat izan dezagun, ekologikoki zentzudunak izan beharra du, ekonomikoki bideragarriak eta gizarte-mailan guragarriak. Elkarren artean zerikusia duten helburuak izatean, era integratuan aintzat hartuak izan behar dira.

Garapen Iraunkorra ekonomiaren administrazioari bakarrik ez eze teknologia-garapenari eta baliabide naturalen erabilerari ere ezarri behar zaie, hori guztia ekosistema, bioaniztasuna, ingurugiroa eta baliabide naturalenganako geroago eta begirune handiagorako gizartearen jarrera-aldaketa lagun izanez.

Garapen Iraunkorraren ondorioa, ingurugiroaren babesa, gizarte kohesioa eta baita ekonomia garapena ere nazio- edo lurralde-arazo izateari utziz mundu mailako arazo bihurtzera iristea da eta, beraz, Planeta guztiak egungo andeatzea leheneratu eta jasangarritasunerantz bideratzearen alde lanean jardun beharra dugu.

Hala ere, Garapen Iraunkorrarekiko orotariko ekimen bat tokian tokiko ekimen-planetan oinarritu behar da. Ezaguna den "orotara oldoztuz tokian aritu" esaldiak osotasuna zatiak eratzen dutela adierazten du, eta beraz, Planetaren Garapen Iraunkor bat nekez lortuko da tokian-tokiko ekimenik garatzen ez bada.

Jarduera-planteamendu hori izan zen, energia, ekonomia eta gizarte egoera larriaz ohartu izanarekin batera, 2003ko urte-hasieran, Euskal Herriko enpresagizon, politikari eta gizarte-eragile talde bat aipatutako ildoetatik azterketa partekatu bat egitera bultzatu zuena.

Eusko Ikaskuntzak une hartan gizarte honetako eragile anitzek egindako oldozmenaren eraginez, ez zuen Euskal Herria eta Garapen Iraunkorrari buruzko Disziplinanitzdun Egitarau Berezi bat abiarazteko zalantzarik izan. Horretara, gizarte, ekonomia eta ingurugiroari lotutako arloak era oso batez aztertu zitzan eztabaida eta oldozmenerako etorkizuneko prozesu estrategiko baten gizarteko eragile desberdinak parte hartu zezaten gizarte-plataforma bati babesa ematen zitzaion.

Hiru urtetan zehar gizarte honetako 300 eragilez, gutxi gora behera, osatutako talde batek Egitasmo horretan egindako lanaren ondorioz sortu zen Ekintzen Plana, funtsezko irizpide aukera izanik, etika eta adoredun Gobernu eta erakundeek lideratutako aurrerabidearen eredu berri bati bultzada emate asmoz.