Zinekoak

Justino, hirugarren adineko erailea

Iruindar Jose Maria Lara P.C. ekoizleak egindako filma. Zuzendaritza, "La cuadrilla" izengoitiz ezagunak diren Luis Guridi eta Santiago Aguilarren esku izan zen.

Luzemetraia honek, bere ukitu zorrotz eta umore beltz eldarniagarriz, zuzenean Azcona-Berlanga bikotearen lanak erreferentegune garrantzitsu izanez berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadetako espainiar komediara garamatza. Luis Buñuelen espainiar surrealismo gogorrari edo Frank Caprak egin zuen Joseph Kesselringen Arsenico por compasión (1944) lanaren hurbilketa bikainari ere keinuak daude.

Filmaren protagonista Justino da, Saturnino Garcia euskal aktoreak maisuki egindako eginkizuna. Bere bizi guztian zezen plaza baten sastakalari bezala lan egin du baina erretiro-garaia iritsi zaio. Eta erretiroarekin hasten da Justinoren amets gaiztoa, bat-batean, ekoizpenik ez duen izaki bihurtuz, zuzenean hondakin mailara igaro baita. Bere semeak enbarazu hortaz ez du ezer jakin nahi eta gizarte-laguntzara bidaltzen du eta Justinoz libratzeko, auzoko zahar batekin ezkontzeko ahalegina ere badagi. Egoera horrekiko Justinoren erantzuna, zezenen bizitzari amaia emateko bere jarduera profesionalean erabilitako sastakaia emateko tresnaz jarduera kriminal ero bati hasiera ematea da. Hortxe datza paradoxa. Bizitza era zintzoan irabazteko balio izan dion tresna izan eta, beraz, sistema eraentzen duten arauetara egokitu den kide izatetik komunitatearentzako baliagarri izateari utzi dionean zaramara igorri duen sistema berberaren trasgresiobide bihurtu da orain. Laburbilduz, bikain egindakoa izateaz gain, aktoreek sekulako interpretazioak egiten dituzten filma izanik, gizakien lan-ustiapenean oinarritutako gizarte baten aurkako bere mezu zorrotzean du bere eragingarririk gorena.

Filmaren aurrekontua urria izan zen. Filmaren ekoizleak, ironiaz, "20 milioi eta 200 milioi pezeten artean" kokatzen zuen. Zuri-beltzean ere filmatu zen. Baina ekoizpenaren arrakasta komertziala erabatekoa izan zen. Kritika ere "La cuadrilla"ren proposamen ziniko eta argira makurtu zen. Gainera Sitgeseko Zinemaldian Aktorerik Hoberenari Saria (Saturnino Garcia) eta Filmik Hoberenarena, eta baita Goya Sari bi (Zuzendaritza Berririk Hoberena eta Saturnino Garciarentzako Errebelazio-Aktore Hoberenarena) bezalako sari garrantzitsuak ere lortu zituen. Saturnino Garcia aktorearen ospea ekarri zuen eta espainiar zineari dagokionez 1995eko filmik garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zen.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.