Zinekoak

Ione, igo zerura

Zine Cerok 1999an ekoiztutako filma. Luzemetraiaren ekoizlea Luis Goya izan zen eta zuzendaria Joseba Salegi.

Bederatzi urte atzera egin beharra dago egitasmo honen jatorria aurkitu ahal izateko. 1990ean Karitateko Jesusen Zerbitzarien Konpainiako lekaimeek Euskal Ekoizleen Elkartearekin harremanetan jartzen dira ikaragarrizko proposamena mahaigaineratuz. Euren sortzailea izan zen Jesusen Bihotzeko Maria Josefa arabarrari buruzko filma bideoz egitea. Helburua, zinta hori sortzailearen beatifikazioa lortzeko Vatikanora bidaltzea zen. Agindua hasieran Julio Medemi esan zitzaion, baina honek, lan arazoengatik, filma bertan behera utzi behar izan zuen, filma Joseba Salegiren eskuetara igaroz. Horrela sortu zen Sor Maria del Corazón de Jesus; una vida para Dios y para el hombre izeneko XX. mende-bukaeran euskal zinemagintzaren ikusentzunezko ekoizpenik agian bitxiena izanik bere garaiko euskal zinemagile asko bildu zituen bideoan egindako luzemetraia. Komentuetan eta Vatikanoan ikusia izateko pentsatutako lana zen, eta bere ukitua, ideologia integrista katolikoz gainezka, filmaketa egiten hasi orduko ere erabat zaharkituta zegoen. Halabeharrezkoa zen Salegik egunen baten zinemagintza-abentura hau zinera eramatea.

Ione, igo zerura filmean nolabait esperientzia bitxi hau berregiten da. Horrela, porrotaren ertzean zen ekoizle batek lekaime-elkarte batetik agindu bat jasotzen du. Errealitatean gertatu zen bezala, lekaimeek gerora beatifikazio batera begira Vatikanora bidaltzeko material gisa eta baita erlijio-zaletasunak sustatzeko balio zezan Ordena-sortzailearekiko film bat nahi dute. Ekoizleak, etsitako egoera baten, proposamena onartu besterik ez du. Hortik aurrera, batzuetan gaindituezineko eragozpenez jositako egitasmo bat aurrera ateratzeko bere odisea berezia hasten da. Hasteko, bai ekoizleak (Kike Diez de Rada) eta baita zuzendariak ere (Martxelo Rubio), erlijio-elkartearen ideia zorrotzetara filma egokitu dakionaz arduratutako Alejandro aitaren kontrol zorrotzari aurka egin behar die. Bestalde, donearena egiten duen aktoresa (Esther Esparza) bere gutizia guztiak ezartzen dituen jainkosa-eitedun izarra da. Egia esan, jarrera ezatsegin hori gaixotasun larri batek jota egonagatik zinearen bere azken agurra izango dena dakien emakume ahul bat ostentzen duen maskara besterik ez da. Gainera Sor Carmenen (Iñake Irastorza) irudia dugu, komentuko ama ekonomoa. Hasieran filmaren ideia abegiz ikusten badu ere, zineko jendetza arrotzen etorrerak komentuko lekaime-komunitatearen integritate morala arriskuan jartzen duela egiaztatzean, behingoan azaltzen da bere zentsuratzaile-izaera, horretara zinemagileek arerio berri eta anker bat irabaziz. Eta ekoizleak, bere lan konplexuari buruko min gehiago erantsiz, maitasun-gatazka samina du bere emaztearen eta Ione (Anabel Arraiza) aktoresa gaztearen artean.

Pena da Salegik filmaren arlo garrantzitsuenetako bat atontzen ez jakitea. Bata bestearen aurkakoak diren mundu biren arteko kontrastea: bideoa egiteaz arduratutako filmazio-taldea eta komentuan bizi diren lekaime-aldra. Salegik zinemagileen "bohemio" izaera lekaimeen erretiro-munduarekin kontrajartzeko muturrera darama eta, hain neurriz gainezko argazkia, errealitatetik kanpo, aspergarri eta irrimarragarri bihurtzen da. Lekaimeen argazkia egoki eta jatorragoa da. Historia paralelo batzuk askoz hobeto lortuta daude. Ekoizlearen eta Ione aktoresa gaiaren arteko maitasun-historia tirabiratsua. Edo amaia zoritxarreko bati duintasunez aurre dagion jainkosaren historia. Edozelan ere film interesgarri eta originala, oinarri duena bezalakoa. Tamalez, kalitatezko euskal film asko lez, ez zuen ez jendartearen ez kritikaren aldekotasunik izan.

  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.