Literatoak

San Martin Ortiz de Zarate, Juan

Auñemendi, Otsalar.

1922ko ekainaren 23an jaio zen Eibarren eta 2005eko maiatzaren 30ean hil zen.

Alpinista zen bokazioz eta Pirinioetako, Gredoseko eta Alpeetako tontor garrantzitsuenak eskalatu zituen. Espainiako Mendi Federazioko Goi Mendietako Eskola Nazionalean aritu zen irakasle. 1950az geroztik Espeleologian ibili zen eta San Martingo Harria leizera hainbat espedizio egin zituen.

Euskarazko idazle modura, 1957an Euskaltzaindiko urgazle izendatu zuten eta 1964an euskaltzain oso. 1964an "Lauaxeta" kazetaritzako saria jaso zuen Baionako Euskal Idazkaritzaren eskutik. Literatur lehiaketa askotako epaimahaikide izan zen. Argitalpen garrantzitsu batzuk aitortu behar zaizkio. Kolaboratzaile izan zen "Euzko-Gogoa", "Egan", "Jakin", "Karmel", "Olerti", "Euskera", "Eibar", "Euskalerriaren Adiskideen Buletina", "Pyrenaica", "Eusko Folklore Urtekaria", "Aranzazu", "Olerti", "Muga", "Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra", "Fontes", Buenos Aireseko "Euskalduna", Oviedoko "Speleon" eta "Munibe" aldizkarietan, kritika eta bibliografia-aipamen asko argitaratuz.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Aranzadiko kide izan zen eta baita Euskaltzaindiko idazkari eta presidenteorde ere. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseilaritzako Zientzien eta Erakunde Kulturalen Saileko zuzendari ere izan zen. 1989ko martxoaren 2an Ararteko izendatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Modu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ararteko bilakatu zen. Ombudsmaneko Europako Institutuko presidente izan zen 1994-95 bitartean.

Lan asko utzi dizkigu idazle gisa: Mogel, bere bizitza ta lanak (1959); Zirikadak (1960); Eztenkadak (1965); Egilekide Estudio Etnográfico del valle de Urraul Alto (1966) lanean; Escritores euskéricos (1968); Euskeraren inguruan kolaborazioa, "Euskal Elerti 69" (1969); Uhin berri (1969); Hegatsez (1971); Elgueta con Anguiozar y Ubera (1975); Gogoz (1978); artikulua: Eibar, "EGI del P. v." (1979); Literaturaren inguruan (1980); Bidez (1981); Landuz (1983); Erromanikoa Euskal Herrian (1983); José Manterola (1985); Existe-t-il un art basque? (1983); Las artes del pueblo vasco (1987); Los Zuloaga. Dinastía de artistas vascos, V. kapitulua, "El pintor Ig. Zuloaga" (1988); Antzinako Eibar (1993); Dichos y hechos - Esanak eta eginak (1994).

AMA

Halaber, azken urtetan ere utzi zuen zenbait liburu: Euskararen ostarteak (1998 euskarari buruzko artikulu luzeak); Giro gori (1998 poesia-lan osoa); Santa María de la Asunción de Hondarribia. Su Historia, arte y arquitectura (1998); Giza eskubideen inguruan (Elkarlanean argitaletxea, 2000,giza eskubideei buruzko artikulu bilduma); eta Eibar eta Elgetako toponomastika (Argitalpena: Euskaltzaindia, 2001).

1950eko hamarkadatik aurrera San Martinek poema ugari argitaratu zituen, "Olerti" aldizkarian batez ere. Beti "Otsalar" izengoitia erabiltzen zuen, izan ere, poema askotan diktaduraren garaian zalapartatsuak izan zitezkeen gaiak jorratzen zituen. Existentzialismoa, erlijioa eta aberria ziren Eibarko idazlearen gai kuttunak. Lehenengo poemetan maitasuna ere landu zuen eta hizkuntza bateratua ahoz aho ibili zen garaian gai horri buruzko poesiak ere egin zituen. Horrez gain, hainbat poetaren lanak euskaraz eman zituen; Rilke, Garcia Lorca, Brecht eta Shakespeare bereziki. Poema gehienak "Olerti" aldizkarian argitaratu zituen 1959 eta 1968 artean.

Giro Gori (Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratua) bilduman 1954 eta 1977 bitartean idatzitako poemak barneratzen dira. Horien artean, ETAko (Euskadi ta Askatasuna) kide zen eta poliziak erail zuen Xabier Etxebarrietaren omenez egindako poema batek izan zuen eragin bortitza. Etxebarrieta hil eta ordu gitxira idatzi zuen, 1968an.

FIO

Eresia, Xabier Etxebarrietari

Gorde nahi dugu lehengoa
Lege-zaharra hemengoa,
Euskal Herriak izangobadu herri bezala geroa.

Xabier zuen izena
Egiazkoa izana
Oroit zaitezte anaiguztiok Euskadigatik hil zena.

Benta-haundiko hilketa
Dago mendekuz beteta,
Erruki gabe hil dutelakoanai Etxebarrieta.

Idea garbiz jantzia
Eskaini zuen bizia:
Jaun zerukoak emandagiola hemen ez den justizia

Euskal semeok isilik!
Ez gero egin nigarrik!
Haren gogoa bizi denarte esperantza du Euskadik.

Elegia a Xabier Etxebarrieta

Queremos guardar lo antiguo
La vieja ley nuestra,
Si el Vasconia ha de tener
futuro como pueblo.

Se llamaba Xabier,
Nombre verdadero,
Recordad, hermanos,
que murió por Euskadi.

Muerte de Benta-Haundi,
Ha traído venganzas,
Porque han matado sin piedad al hermano Etxebarrieta.

Vestido de ideas nobles,
Ofreció su vida:
Déle el Señor de los cielos la justicia que no encontró en la tierra.

Callados están los vascos.
No vayan luego a llorar:
Mientras dure su recuerdo habrá esperanza para Euskadi.


Giro Gori-Tiempo ardiente, Euskal Herriko Unibertsitatea Argit., 1998.

FIO

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Juan San Martini buruz.