Literatoak

Ortiz Alfau, Angel

Bizkaiko literatur idazle, editore eta kritikaria. 1924ko martxoaren 26an jaio zen, Bilbon, eta 2002ko apirilaren 4an hil.

Oso gaztea zela Bizkaiko hiriburuko literatur giroan murgiltzen hasi zen: La Marina eta La Concordia kafetegietako solasaldietan parte hartzen zuen, eta Musas, Indice, Primer Acto eta El Abra bezalako aldizkarietan idazten zuen.

Hamarkada ugari eman zituen literatur kritikari lanetan Hierro egunkarian, eta Hoja del Lunes, Tribuna Vasca, La Gaceta del Norte eta El Correo bezalako egunkarietan ere lanean aritu zen.

El cofre del bilbaino bilduma eta El Tilo argitaletxea zuzendu zituen, eta tokiko autoreen liburu klasikoak berreskuratu zituen.

Haren zaletasun handienetako bi Kixotea eta Miguel de Unamuno izan ziren. Lehenengoa inspirazio izan zuen En la Ruta de Don Quijote bidaia-liburua idazterakoan, eta Kixote beraren eskuizkribuaren kopia bat ere egin zuen. Liburutegi Nazionalean gordeta dago idatzia, eta haren anaia Rafaelek egin zituen bertako marrazkiak. Bestalde, Unamunoren Lagunen Elkarteko fundatzailea eta lehendakaria izan zen, eta Bilbao en la Obra de Unamuno (1986) entsegua idatzi zuen. Haren obretako batzuk dira Guía Secreta del País Vasco (1974), Ramón de Basterra (1988) eta Raúl Guerra Garrido (1989).

Halaber, politikarekiko zaletasuna sartu zitzaion, eta Bilboko Udaleko zinegotzi sozialista izan zen zortzi urtez. EITBren lehenengo Administrazio Kontseiluko kide izan zen.

1972an, Urrezko Liburua saria jaso zuen, Liburuaren Institutu Nazionalaren eskutik. Hainbat kultur forotan parte hartu zuen: Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, The Hispanic Society of America eta El Sitio Elkartean.

1988. urtetik 2002ko apirilean hil zen arte, Ortiz Alfauk Bilbao udal egunkaria zuzendu eta koordinatu zuen. Egunkari hark bazuen literatur gehigarri bat, Pérgola izenekoa, eta bertan, joera eta korronte guztietako idazleek -herrialdekoek zein atzerritarrek- parte hartzen zuten.