Arkitektura

SACEM

Sociedad Anónima Constructora de Máquinas Herramientas (SACEM) 1939an sortu zuten hainbat enpresen artean, besteak beste Andoaingo Laborde Hermanos SA eta Urretxuko Sarralde SA. Guda Zibilaren ostean, Francoren diktadurak ezarritako politika ekonomiko autarkikoaren abantailak probestuz (Espainiako barne merkatuak eskaera handia zuen eta atzerriko enpresen konpetentziarik ez zuten bertakoek) eta makina erramintaren esparruan zegoen eskaera asetu nahian sortu zuten SACEM. Makina erramintaren ekoizpenean jardun zuten beste hainbat enpresen garapen antzekoa izan zuen SACEMek: aro oparoa izan zuen autarkia eta desarrollismoaren urtetan; Europako krisialdi energetikoa zela eta, krisialdi larria pairatu zuen 80.hamarkadan, 90.hamarkadan enpresaren desagerpena ekarri zuena.

SACEM fabrika (1939), Gipuzkoako Mugimendu Modernoaren adibide esanguratsuenetakoa da. Bere egilea, hainbat eraikin industrial azpimarragarri egin zituen arkitektoa da, Luis Astiazaran hain zuzen ere. Bereak dira, besteak beste, Bergarako Unión Cerrajera (1938), Urretxuko Sarralde fundizioa (1939), edo Andoaingo SAPA (1942). Luis Astiazaranen arkitektura industrialaren hainbat ezaugarri arkitektoniko ditu SACEMek: hormigoizko egituren diseinu trebea, argiztatze sistema eraginkorra, ekoizpenerako espazio malgua, arkitektura tipoaren aukeraketa antzetsua, fatxadetako konposaketa zorrotz eta garbiak, eta lengoai klasikoa eta Mugimendu Modernoaren arteko bizikidetza interesgarria.

Eraikina Billabonako kanpoaldean eraiki zuten, Anoetara bidean, Norteko trenbidea eta Oria ibaiaren artean. 1938.urtean, Luis Astiazarenek lehen proiektu bat aurkeztu zuen Billabonako udalean, gaur egun ezagutzen dugunarekin alde handia zuena eta ezezagunak zaizkigun arrazoiengatik baztertua izan zena. Garaiko ikuspegi paternalistari eutsiz, fabrikaz gain hainbat erabilera aurrikusten zituen multzoak: ikastetxea, jantokiak, gizarte-instalazioak eta abar. Azkenik eraiki zen multzoa, gaur egun ezagutzen duguna da, fabrikaz gain, zaindariarentzat etxetxoa eta sendagileraren pabiloitxoa jasotzen duena.

Arkitektura industrialean ohikoa izan den antolaketa aukeratu zuen Astiazaranek fabrika proiektatzerako garaian, aurrealdean bulegoak jasotzen zituen elementu esanguratsua kokatu zuen eta bere atzealdean produkziorako pabiloia. SACEMen (Urretxuko Sarralden bezalaxe) lengoai klasikoa erabili zuen bulegoak jasotzen zituen bolumen trinkoa ebazteko garaian; atzealdean zuen pabiloia ordea, Mugimendu Modernoaren oinarri estetikoak jarraitu zituen. Modu honetara bi erabilera nagusiak islatzen ziren kanpoaldera: batetik, eragin klasikoa duen portiko erraldoiak (errotulua jasotzen zuena), enpresa serio baten irudia islatzen zuen; bestetik, lengoai modernoa jarraitzen duen pabiloiak, enpresa berritzaile baten irudia islatzen zuen. Bi lengoai hauen bizikidetza oso ohikoa izan zen Gipuzkoako Mugimendu Modernoko arkitektura industrialean, honen adibide dira Eibarko Aurrera fundizioa edo Oriako TSSTko eraikina.

Bulegoak jasotzen zituen atalak eskala monumentala ematen dio eraikinari. Urrun gaudela, bere portikoak osatzen duen huts-bete erritmo garbiak gure harreta deitzen du. Gerturatzen goazen einean, portikoak jasotzen duen zurezko kasetoidun sabaiak hartzen du protagonismo osoa. Behin barruan gaudela, garaiko empresetan ohikoa zen dotoretasuna topatu dezakegu: kalitate goreneko marmolak eta zurak akaberetan, konpositiboki espazio garbiak, eta abar.

Produkziorako atala, nabe linealez osatutako pabiloi bat da, zerra-hortz edo shed erako estalkia eta hormigoizko egitura duena. Oin planoa 10x10 metroko zutabe-erretikula neutro batek osatzen du, produkzio guneari malgutasuna eta antolaketa askatasuna ematen diona. Ohikoa den bezala, zerra-hortz estalkiaren argizuloak iparraldera begiratzen dute, fabrika osoan argiztapen homogeneo eta neutroa eskainiz. Argizuloen kontrako norantzan, fabrikari erabilgarritasun handia ematen dioten zubi-garabiak daude portiko guztietan.

Azpimarratzekoa da eraikinak kanpoaldera duen itxura abstraktoa. Bi elementuz (portikoa eta pabiloia) osatutako bolumen trinkoak sekulako indarra hartzen du paisaian. Fatxadaren konposaketa ere zorrotza eta garbia da, pabiloiaren leiho hoizontalak eta portikoaren itzalgune bertikalak soilik ageri zaizkigu fatxada zurian.

Fabrikak hainbat zabaltze lan izan zituen 50, 60 eta 70.hamarkadatan, esanguratsuena 1956ean egin zutena: produkziorako pabiloi berri bat erantsi zitzaion fabrikari ibairantz. Gaur egun, eraikina hainbat jaberen artean banatuta dago, nahiz eta zati handiena, metal-kautxuaren ekoizpenean jarduten den Arteca SA enpresak duen.