Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

Borrell, Bartzelonako kondea, lehenengo kristau subiranoa izan zen Al-Hahkamekin (961-976) bake hitzarmena negoziatzera Kordobara joan zena. Bartzelonako kondea 971ko ekainean eta abuztuaren 12an joan zen, eta urte berean iritsi ziren Baskoniako lehenengo enbaxadoreak, Antso Abarka erregearen izenean. Kalifak Iruñeako erresumaren enbaxadoreak hartu zituen, eta Basal abadeari eta Naiarako epaile zen Belasco buruzagiari egin zien harrera lehenik. Irailaren 30ean, hainbat enbaxadore berri joan ziren Iruñeatik, Antso Abarka erregearen anaia zen Jimeno kondea, besteak beste. 973ko irailaren 23an, Antso Abarkaren eta beste kristau konde batzuen enbaxadoreak hartu zituzten Kordoban, eta bertan egindako negoziazioekin, su-etena bermatuta geratu zen.

Une horietan, Gaztelako Garci-Fernandez enbaxadorea zegoen Kordoban, Fernan Gonzalez kondearen oinordekoa eta Iruñeako erregearen koinatua zena. Galib jeneral musulmana, mugako buru militarra, Marokon operazio militarrak zuzentzen zebilen, Hasan ibn Guennun al-Hasani buruaren matxinada lasaitzeko. Abagunea aprobetxatuz, Gaztelako kondeak ustekabean erasoa egin zion Soriatik gertu zegoen Deza gotorleku musulmanari, zendu berri zen Amril ben Timlat berberearen feudoa zena (974ko irailaren 2an). Kalifak, berehalakoan erantzun egin zien: gaztelau enbaxada atxilotu zuen Gaztelara bueltan zegoela, eta Kordobara preso eraman zituen. Galib buru militarra berehala itzuli zen Kordobara, eta armada batu zuen, Gaztelako kondeari eraso egiteko. Gaztelako konderriak laguntza eskatu zien kristau erresumei eta Iruñeako erregeari. Horrela, Iruñeako erregeak Kalifarekin hitzartutako bakea hautsi behar izan zuen, senideak babeste aldera. Azkenean, galiziarrak eta baskoiak ere gatazkan sartu ziren. Aliatuek Gormaz gotorleku musulmanari eraso egin zioten 975eko apirilaren, eta ekainaren 28an, kristau armada garaitua izan zen bere gotorlekuaren beraren hormetan. Galib jenerala, Gaztelako lurretan sartu, eta Estercuel herrira iritsi zen, Tuteratik gertu. Bertan, Viguerako errege eta Antso erregearen anaia zen Ramiro Gartzesek Sos gaztelutik bidalitako nafar zalditeriaren aurrelari-taldea ustekabean harrapatu zuen, eta garaitu egin zituen.