Pintoreak

Arteta Errasti, Aurelio

Euskal pintore garaikide garrantzitsuena dela esan ohi da. Bilbo, 1879ko abenduak 2; Mexiko, 1940ko abenduak 10.

14 urte zituela Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen. Urtebetez marrazketa eta beste ikasgai batzuk jorratu zituen. Txirotasunak behartuta bere familia Valladolidera mugitu zen. Arte eta Ofizioetako irakasle Jose Martin jaunaren ikaslea izan zen. Halaber, Luciano Sanchez Santare irakaslearen ikasle partikular izan zen. 1897an Madrilera jo zuen. Han San Fernandoko Arte Ederretako goi-eskolan ikasketak burutzen zituen bitartean hainbat lanbide izan zituen, besteak beste, marrazkigile, brotxa lodiko pintore, Errege Antzokiko konpartsako kide, ukitu-emaile, brodatuen diseinatzaile, litografoa, moda-aldizkarien diseinatzaile, emanalditan banatutako eleberrien ilustratzaile, etab. Diru-sarrera eskasak zituenez, Madrileko auzo ilunenak ezagutu zituen. Hiri horretan ikaskide izan zituen Elias Salaverria, Jacinto Olave eta Jose Maria Lopez Mezquita.

Bost urte egoera txarrean bizi ostean, zorionak Parisen ikasteko aukera eman zion: 1902an Bizkaiko Foru Aldundiak ikasketa-pentsioa onartu zion, Angel Larroque pintorearekin lehia bizian. Gaia "Lan-isripua" izan zen. Urte hartan, 23 urte zituela, Parisera jo zuen (urriaren 7an). Han Quintin de Torre eskultore izan zuen bizikide Montmartre auzo ospetsuan. Puvis de Chavannesen pintura soziala ezagutu zuen. Hala, jende apal, arrantzale, langile eta nekazarien gaiarekiko zuen atxikimendua sendotu egin zen. Hiru urte beranduago, 1905ean, irteera artistikoak egin zituen, besteak beste, Erroma, Florentzia, Milan eta Italiako beste zentro artistiko batzuetara. Bere kritiko guztiek esaten dutenez, bidaia horiek eragin itzela izan zuten pintorearengan.

Bilbora itzuli zelarik (1906), bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen Delclaux arte-galeria ezagunean. Bitarteko materialik ez zuenez, sarritan, publikoarentzat lan egin behar izan zuen. Bizitzako etapa horri buruz zera aipatzen du Juan de la Encina arte-kritikari ezagunak:

"Artetak urteak igaro zituen ekoizpen oso motela garatuz, neurri batean, bere izaera ahalketiaren erruz, bere espiritu kritikoak eraginda, beti erne bere bulkada sortzaileak noiz geldiaraziko eta, batez ere, garaiko giro nazional etsigarriaren erruz, hain latza, ankerra eta aurkakoa kutsu espiritualeko obra guztiei bizkar emana"

(Itzulpen moldatu gaztelaniatik).

Dena den, garai horretakoak dira bere maisulan ugari (esate baterako, 1919an Parisen aurkeztu zuen La despedida de las lanchas eta María). Horrez gain, orduan eginak dira hainbat mihise, langilearen bizitza saiatu eta gogorra islatzen dutenak, efektuentzat, alferrikako keinuketarentzat edo melodramatismoarentzat tarterik uzten ez dutenak.

Pixkanaka bere burua ezagutarazi zuen euskal lurraldean eta handik at. 1911n sortutako Artista Euskaldunen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Erakusketa askotan parte hartu zuen: "Arte Espainiarraren Erakusketa", Paris, 1919; "Artista Euskaldunen Erakusketa", Madril (Retiro), 1916; "Espainiako Pinturen Erakusketa", Londres, 1920; Madril, 1930 eta 1932; "Artearen Veneziako XIX. Bienala", 1934; eta garrantzia urriagoko beste zenbait.

1921ean Artetak mandatu garrantzitsu bat jaso zuen: Madrileko Bilboko Bankuaren hallaren dekorazioa. Hartako freskoa izan zen egilearen maisulana, 1923an amaitu zuen. Zirkulu formako frisoa da, 36 metro luze eta 2 metro altu dena; 3 x 2 neurriko 12 sekziotan banatzen da. B. de Pantorbak horrela deskribatzen du:

"Sarrerako atearen parean, frisoaren bi dibisio nagusietan, jatorriko klasikoko hamaika irudi paratzen dira; arte, zientzia eta letren irudikapenak dira". Bi alboetara, gizon eta emakumeen 33 gorputz gogor (langileak, Baskoniaren aberastasun ekonomikoaren sustatzaileak) lanean ari dira, joanean dira, mugimenduan dira, ekoizpen betean. Gure begien aurrean landa, portu eta fabrika giroko eszenak errepikatzen dira...itsasontzia eta lokomotora, arraina eta fruitua, gure lagun zintzoak, zaldia eta idia... Euskal itxura ageriko langileen silueta dinamiko gihartsuak ageri dira gardenki murruan; formak kutsu soil ikaragarriz altxatzen dira; zenbaitetan lauegi edo gogorregi irudi dezakete; inoiz ez trinkotasun urriko edo iheskorrak. Mural-marrazkigile handiaren eskuaren bidez erritmo miresgarriko lineak lortzen dira, xalotasun bortitza iradokitzen dutenak. Kolorea lagungarri zaigu bere tonu mate, grisaxka eta harmoniatsuarekin. Argia, eguzki biziaren festatik gabea"

(Itzulpen moldatu gaztelaniatik).

1924an Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari postua eskaini zioten eta 1927an dimisioa eman zuen Bilboko Udalaren barnean ageri zen eztabaida sutsu baten ostean. Urte horretan bertan, 1927an, Artetak omenaldi handia ukan zuen Espainiako intelektualen eskutik. Bañistas izeneko margolanarekin (konposaketaren erakusgarri) Pinturako Sari Nagusia jaso zuen 1930ean. Horrez gain, Los hombres del mar margolanari esker, 1932an Madrilen ospatutako Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Lehen Domina erdietsi zuen.

1936ko gerrak Madrilen harrapatu zuen. Irakasle zen Pinturako goi-eskolan. Madriletik Valentziara mugitu zen. Epealdi horretan litografiak egin zituen, egunkari eta aldizkarien bidez hedatu zirenak. Gero erbestera jo zuen eta Miarritzen margolan andana pintatu zuen, ia guztiak gerrari buruzkoak: bonbardatutako herriak (horien artean Gernika) nazioarteko brigadetako soldaduak, exodoaren eszenak, etab. Margolan horiek oso oihartzun eskasa izan zuten publikoarengan eta kritikarengan, izan ere, artelanen bildumagile garrantzitsu batek, Gabino Gamboa jaunak, bereganatu zituen guztiak.

Lazeria andana pairatu eta Frantziako kontzentrazio-esparruan atxilotuta izan ostean, Mexikora joan zen. Han finkatu eta margolan ugari pintatu zituen. Horien artean adierazgarriak dira Aurresku, Romería eta Arrantzales. Herrialde hartan erbesteratu eta gutxira Mexiko Hirian hil zen, tranbien arteko istripu baten ondorioz. Garezurra apurtu zuen eta bularraldea zanpatu. 61 urte zituen. Indalecio Prietok (bere lagun handiak) Ameriketako lurretan izandako amaiera tragikoa deskribatu zuen idatzi hunkigarri batean (Eusko-Deya, 1940, 57. alea). Arteta landa aldera zihoan emaztearekin, azkenaldiko nahigabeak ahazteko asmoz, Julian Zugazagoitia eta Cruz Salido fusilatu zituztela zioen albistea jaso eta hurrengo egunean.

Egin zituen obra askoren artetik hauek nabarmen daitezke: Federico de Zabala jaunaren egoitzan olio-pinturaz egindako murala (Getxo, 1908); Madrileko Bilboko Bankuko atondoko freskoa; Diozesiar Seminarioko kaperan egindako freskoa (Logroño, 1925); Pedro de Zubiaur jaunaren erretratua, 1928an egin zuena Gernikako Batzar Etxeko euskaldun ospetsuen galeriarentzat. Mandatu modura erretratu ugari pintatu zituen, horien artean, Ramon de Madariaga jaunaren familia agertzen duen dimentsio handiko bat azpimarratu behar da (1923). Bere pintura-obra nabarmenen artean hauek aurki daitezke: Parejita vasca, Los hombres del mar, lehen domina eman ziona Arte Ederren Erakusketa Nazionalean (1932) eta XIX. Veneziako Bienalean lehiatu zena; Bañistas, Pinturako Sari Nagusia (1930), Madrileko Arte Garaikidearen Museo Nazionalean ikus daitekeena. Eva arratiana, Layadores, Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoaren Museoaren jabetzakoa; Coloquio en Campos de Sport, Bilboko Club Atlético de Bilbao Bildumakoa; eta, Naúfragos, Madrileko Arte Garaikidearen Museoan aurki daitekeena.

1947an Bilboko Arte Garaikidearen Museoak omenaldia egin zion hari eta bere anaia Alberto Arrueri. Arteta, soila eta handia izan zen, hasieratik muralak egiten jardun zena. Estetika garrantzirik gabe eta umoretsuaren beste muturrean kokatzen da, bere garaikide ziren artisten tentazio izan zen errealismo folkloriko edo "langiledunetik" urrun.

"Gaien araberako epaia egiten bada, Artetako mihisetan agertzen diren subjektuen araberakoa, pintore errealista da, edo agian zehatzago esatera, usadioen zaletasuna eta jite herrikoia nabari duen pintorea da. Mendiko eta itsasoko bizimodua eta euskal jendeak, hiri-paisaiak eta Bilboko langileria: hori da Artetak bere obrak eraikitzeko erabiltzen duen materia. Baina, aurrez aurre arrantzale bat duenean, nahiz laborari edo itsasontzien zamaketari bat duenean, orokorra den zerbait antzematen da haiengan, begien aurrean agertzen den jazoera zehatzetik haratago doana, funtsezko indarraren moduko zerbait, unibertsala, azken finean, ezin azaldukoa dena erabat. Artetak bere mihisean irmoki eraikitako irudi horiek, eskulturikoak, marrazki mardulez hornituak, indar handiz agertzeko gaitasuna erakusten du. Eta irudi horiei beha emozio sutsu eta zehaztugabe hori sentitzen dugu eta, aldi berean, mendiak edo itsasoaren paisaiak hunkitu egiten gaitu. Gure ustez, Artetak emozioak orokortzeko gaitasun itzela dauka, gure artean batere ohikoa ez dena... Bere obraren gaineko beste alderdi arras garrantzitsu bat: indarraren emozioa. Horretan bai, Arteta oso euskalduna da. Gauza jakina da euskaldunok indarra eta trebetasun fisikoa goretsi izan ditugula beti. Bada, Artetak, erreparorik gabe bultzatzen du gurtza eta debozio hori. Are gehiago, Meunierrekin gertatu bezala, Artetaren kasuan indarraren emozioa greziarrek sentitzen zuten moduaz oso bestela agertzen da. Izan ere, Artetak ez du indarra jokoaren jardunean hautematen, madarikaziozko lanaren zeregin gogorretan baizik. Hala bada, bere artean deskribatzen zaigun indarra ez da Joko Olinpikoetako indar aristokratiko ederra, heleniar estatuagintzan ageri den borrokalarien hori, baizik eta bere nagusia sostengatzeko uztarritik tira egiten duen esklaboaren indarra. Baina Meunierren arte entzutetsuan bezala, indar horrek esklaboaren indarraren aztarna ageri du; halaber, arestian aipatu dugun emozio unibertsalaren kutsu horrekin agertzen da, emozio estetikoari dagokionez, naturaren funtsezko indarren sentimenduarekin identifikatzen duena"

(Juan de la Encina);

(Itzulpen moldatu gaztelaniatik).

  • ENCINA, J.: La trama del arte vasco. Bilbo, 1919.
  • ENCINA, J.: Aurelio Arteta. La Pintura Vasca. Bilbo, 1920.
  • ESPAÑA, J.: "Aurelio Arteta, el idílico pintor de Euzkadi". El Hogar, 1941.
  • FLORES CAPEROTXIPI, M.: Arte Vasco. Buenos Aires, 1954.
  • G. DE ALEDO, M.: "Los Náufragos de Arteta". Revista General de Marina, 1950.
  • LLANO GOROSTIZA, M.: "Arteta y la pintura mural." Pintura Vasca. Bilbo, 1965.
  • PANTORBA, B.: "Aurelio Arteta". Artistas Vascos. Madril, 1929.
  • PRIETO, J.: "Aurelio Arteta". Palabras al viento. Mexiko, 1942.
  • RUIZ AÑIBARRO, N.: "Un pintor del Pueblo Vasco". Euzko-Deya. Buenos Aires, 1940, 57. alea.
  • ZUAZAGOITIA, J.: "La vida y la obra del pintor Aurelio Arteta". Artículos. Bilbo, 1959.
  • ZURIA, J.: "Arteta, negación de sí mismo". Euzko-Deya. Buenos Aires, 1940, 57. alea.