Arkitektura

Arradako harresia

Arradako harresiak 92 x 156 x 136 metrotako neurriak ditu, 12.500 metro karratuko azalera ixten duelarik. Murruak 1,30 metroko zabalera du, eta tamaina handiko harlanduez egina dago, batzuetan harlanduxkoez eginiko horma-atalak ere topatu daitezkeen arren. Gaur egun hiru ateren arrastoak ikus daitezke, bi ekialdeko harresian eta beste bat iparraldekoan. Murruetako iparraldeko atala sendoena da zalantzarik gabe. Harresiak zortzi metrotako altura du zonalde honetan, eta bost erdi-dorreekin indartua dago, barrurantz irekita guztiak, Artaxoako harresian bezalaxe. Dorre hauek harresiaren murruen lerrotik kanpora oso gutxi aterata daude, obra gehiena hesi barruan utziz, poliortzetika zaharra eta sinplea erakutsiz. Altueran dorreek hiru solairu dituzte, eta pisu bakoitzean murruaren zabalera gutxitzen da, erlaitza bat sortuz, zurezko egitura bertan paratu ahal izateko.

Harresiak markatzen duen hirukiaren hegoaldeko erpinean dorre zirkular handi baten arrastoak ikus daitezke, Arradako agintari militarren egoitza zonalde honetan zegoela salatuz. Dorreak 6 metrotako diametroa du, eta Artaxoan edota Fantovan ikusitakoen antzekoa izango zen zalantzarik gabe.

Harresiaren barruan dagoen hiri-trama oso sinplea da. Iparraldetik hegoaldera kale nagusi bat bereizten da, luzea, zabala eta nahiko zuzena. Mendebaldetik beste kale paralelo bat doa, baina ez dago lehengoa bezain ongi egituratua. Kale motz batzuk zeharkatzen dute eremua mendebaldetik ekialdera ere, trama ortogonal sinple bat eratuz eta etxalde txikiak sortuz. Etxeak atxikirik daude haien artean, eta oinplano errektangeluarra dute kasu guztietan, luzea mendebaldeko harresiari itsatsita dagoen etxaldean, eta karratuagoak besteak. Murruak harlanduxkoez egina daude, eta 30 cm.ko lodiera dute bataz beste. Ez da sumatzen etxeen barneko espazio-banaketarik, barruko hormak, izanez gero, zurezkoak zirela pentsatu dezakegularik. Orokorrean, itxura arkaiko eta zaharra erakusten duen hiri-egitura da.

San Nikolaseko eliza erromanikoa ekialdeko harresiari atxikirik doa, eta Arradako eraikinik garrantzitsuena eta hobekien kontserbatua dagoena da. XII. mendekoa da, eta oinplano errektangeluar sinplea du, hiru ataletan banatua eta abside erdizirkular batekin. Bi sarrera ditu, nagusia mendebaldeko murruan, eta beste bat Epistolaren aldeko murruan. Ebanjelioaren aldetik beste nabe bat gehitu zitzaion beranduago, herriaren hazkundearen ondorioa zalantzarik gabe. Azken nabe hau nabe nagusia baino baxuagoa eta estuagoa da, hiru tramotan ere doa banatua, eta horma zuzen betekin amaitzen den burualdea du.

Altxaeran, murruak ongi landutako harlanduez egina daude. Tramoak bereizteko pilastrak erabiltzen dira, harroinekin eta landaretza geometrikoa daramaten kapitelekin. Nabe hauek kanoi gangekin estalita doaz, erdi puntuko arku fajoiekin indarturik. Inposta xakextatu batek markatzen du gangaren abioa, eta absideak labe-ganga sinplea jaso zuen.

Sarrera nagusia elizaren oinetan dago, eta erdi puntuko arku sinplea da, bi arkiboltekin. Bi zutabeen gainean zihoazen, eta fusteak galdu badira ere, gaur egun ikus daitezke harroina zirkularrak eta landaretzarekin eta bolekin apainduriko kapitelak. Epistolaren aldeko sarrerari dagokionez, ate zuzen sinplea da, eta ateburuak landua darama Erdi Aroko Krismoi bat. Elizaren burualdearen gainean kanpai-horma bat dago, erdi puntuko bi arkuekin, kanpaiak kokatzeko, eta bukaera triangeluarrarekin. Alde batean beste krismoi bat ikus daiteke, horman industua. Elizaren hegoaldean, azkenik, hilerri txiki bat zegoen.

Mendebaldeko harresitik gertu uharka handi bat ikus daiteke. Eraikin publikoa zen zalantzarik gabe, eta euriaren ura bilduko zuen, herriaren beharrak asetzeko eta, gerra garaian, setio bat jasan ahal izateko. Harlanduez eginiko hormak ditu, 8 x 6 metrotako neurriekin, eta gaur egun irekita dagoen arren, Erdi Aroan estalki-sistemaren bat izango zuen zalantzarik gabe.