Medikuntza

Aranguren Oro, Manuel Bernardino de

XVIII. mendean Arrasaten (Gipuzkoa) jaiotako medikua.

Tolosan aritu zen mediku gisa eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide ere izan zen.

Hango batzarretan lan zientifikoak aurkeztu zituen, bai medikuntzari buruzkoak eta baita kimika eta botanikari buruzkoak ere. Ortega doktoreak "Euskal Herriko flora" osatu nahi zuen Madrileko Errege Lorategi Botanikoan eta arrasatearrari eman zion eginkizun hori. Hala, milako erdi landare espezie sailkatu zituen. Elkartearen ikerketetan parte hartu zuen Ortegak 1777an proposatutako herbariora herrialdeko bi landare-sorta bidalita. Horrez gain, "miserere, ileo edo hesteetako bolbulua"-ri buruzko txosten bat taxutu zuen. Aipatutako gaixotasunari sendabidea bilatu ahal izateko elkarteari "Haen makina" eskura zezala eskatu zion, "sua itzaltzeko xiringa edo bonba"-ren antzekoa zena. Ur sendagarri mineralak asko baloratzen zituen. Ignacio de Izaetarekin batera, Zestoako urei buruzko txosten bat argitaratu zuen. 1794an hil zen, ziur aski Konbentzio-gerran hedatutako izurrite batek jota.

  • SARRIONANDIA GURTUBAY, Magdalena in SÁNCHEZ GRANJEL, Luis (koordinatzailea): Diccionario histórico de Médicos vascos, Bilbo, 1993.
  • URUÑUELA BERNEDO, J. "El doctor Manuel Bernardino de Aranguren"; La medicina vasca en el época del Conde de Peñaflorida, 147-56. or. (Bilbo, 1985).