Kontzeptua

Arabako Inauteriak

Mozorrotuen segizioa sekulako iskanbila izaten zen, herri nagusietan (Gasteiz, Agurain, Laudio, etab.) egiten ziren txantxa eta parodien parekoa. Aipatu herrietara inguruko bizilagunak urreratu ohi ziren.

Data horietako jokoen artean, pertika jokoa eta "chata" delakoa aipatu behar dira, Garizuman ere ohikoak. Kanpezun egiten zena ere aipagarria da. Bertan, soka bat lotzen zen kale nagusiko bi aldeetara eta hartatik oilarra zintzilik. Modu horretan, haurrek hegaztia hil egin behar zuten begiak estalita zituztela.

Mozorrotu batzuek haurrak animatzen zituzten "piku" jokora jokatzera. Bitartean hitz hauek abesten zirelarik:

Al higuí, al higuí,
con la mano no,
con la boca sí.

haurra ahoa erabiliz pikua harrapatzen saiatu behar zen. Heldu batek makila batekin pikua mugitzen zuen nahieran. Beste eskuan simaurra izaten zuen partaidearen aurpegia zikintzeko.

Herri handienetan karrozekin egiten zen segizioa. Aski landuak izaten ziren eta landa-eszenak edo antzinako zibilizazioen muntaiak irudikatu ohi ziren. Laudioko Rakatapla elkarteak urtetan zehar atera zuena oso ezaguna izan zen lurraldean. Kurtze baserritik ateratzen zen eta beste batzuekin lehian ere ikus zitekeen Bilboko kaleetan barna.

Karrozen gainean konpartsak joaten ziren. Kantuan eta, aldi berean, haietako hitzak salduz. Beste zenbait konpartsa oinez joaten ziren, uniformez jantzita eta musika-tresnaz hornituta. Artxibategi eta hemerotekatan gordetzen diren dokumentuetan ikus daitekeenez, XIX. mendean zehar eta XX. mendeko hastapenean konpartsek garrantzia handia zuten Gasteizen. Herri adierazpenaren ardatza ziren. Izen ezberdinekoak zeuden, esate baterako, "Los bebes", "Los turcos mamelucos", edo "Los incas".

Somos 'Los Incas'
bastante civilizados,
tanto que la carne humana
ya no queremos comer.

Pero al llegar a Vitoria
y contemplar sus mujeres,
a todos nos han dado ganas
a la antropofagia de nuevo volver.

Que algunas hembras
hay tan colosales,
que abren en nosotros
un hambre feroz.

Y es una gran pena
no poder comerlas,
porque están mejor
que un pollo con arroz.

Plaza, pilotalekua edo etxe bateko ataria izaten ziren dantzarako ohiko guneak. Dantza horretan haur, gazte eta heldu ibili ohi ziren. Musika Bandak giroa alaitzen zuen eta haren ondoan gitarra-jotzailea, bandurria- edo harmonika-jotzailea nahiz txistularia izaten ziren. Hala, giroa areagotu egiten zen uneka.

Urtean zehar dantzaldia, orokorrean, bezperen ostean hasten zen eta amaitzeko otoitz egiten zen: Abemariak. Neskatoak etxera joaten ziren mutikoek lagunduta eta, ondoren, azkenak tabernara itzultzen ziren. Inauterietan egiten zen saioan ezberdintasuna zera zen, mozorrotuak izaten zirela eta goizeko ordu txikienak jo arte luza zitekeela. Lokal itxietan edota mutiko nagusiaren etxean egiten zen, bapo afaldu ondoren.

Gau horretan egiten zena Garizuma aurretiko azken dantza izaten zen, hots, Pazko-igandera arte ez zen berriz errepikatuko. Hala ere, beste herri batzuetan egiten zen bezala, eskean jasotako zenbait produktu gorde egiten ziren Eltze-itsu Igandean (Inauteri-igande osteko igandea) dastatzeko. Aipatu egunez, gainera, zenbait dantzaldi egiten ziren ageriko klandestinitatean.