Udalak

Anotz

Herria zonalde baxu batean dago, bi mendien malden artean sartuta, Arakil ibaiaren ertzean. Hiriguneak jarraitzen du bide zaharraren ibilbidea, baina errepide modernoa herriaren zonalde garaiaren ondoan doa, herria ezohiko kokapen batean utzi zuelarik.

Hirigunearen sarreran lautada zabal bat ikus daiteke, etxe berriren batekin eta oinplano errektangeluarra eta bi solairu dituen etxetzar batekin. Antza denez, etxe hau eraiki zen abandonatutako eliza zaharraren perimetro-hormak eta atea berrerabiliz, tenplu berria herriaren zonalde garaian altxatu zutenean. Murruak harlankaitza itunduaz egina daude, luzitu gabe gaur egun, eta baoak handitu dituzte arestiko erreforma batetan. Atea hamaika dobela handiez osatutako arku zorrotza da, haria baketon batekin apaindua doalarik. XV. mendekoa dirudi. Jarraian, oinplano errektangeluarra duen etxetzar bat dago, bi solairu gehi ganbararekin. Murruek zonalde honetan ohikoa den trataera daramate, luzituak baina harlanduzko kateekin hormoinean, hormataletako izkinetan, leihoen markoetan eta sarreraren inguruan dagoen hormatal triangeluar zabal batean. Atea erdi puntuko arku berantiarra da, eta leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin solairu noblean.

Kalearen hasieran "Saldiserena" etxea ikus daiteke antzeko ezaugarri formalekin, bertako lur malkartsuari egokitua dagoen arren. Alboko handitze bat du, zuraje ikusgarriarekin. Geroago enparantza bat dago, angelu zuzena sortuz atxikitako bi etxetzarrekin. Lehenengoak errepikatzen ditu lehen aipatutako ezaugarriak, eta bigarrena, "Faustorena" izenekoa bereizten da bakarrik zapore klasizista duen ate dintelatuagatik. Antzeko beste etxe batzuk daude geroago, kasuren batetan luzitu gabe, arestiko eraldaketetan kendu dutelarik.

Kalearen bukaeran eraldatutako etxetzar bat dago, murruen ohiko trataerarekin, kalera begira dagoen fatxadan bi solairuko galeria ikusgarria duen arren, zurezko zutoinen gainean eta forjako balaustradekin. Bukatzeko, eraldatu gabeko eraikin batek oinplano errektangeluarra du, bi solairuekin eta goiko ganbararekin, hegal luzeko teilatuaren azpian. Leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuarekin kasuren batetan, eta beheko solairuan erdi puntuko bi arku daude, horietako batek bolez osatutako zerrenda batez apaindua.

  • Baselizak

Pérez Ollok Santa Luziarena aipatu zuen. Iltzarbe eta Anotzen artean zegoen erdi-aroko herri abandonatuaren eliza omen zen, baina aspaldian galdu zen. San Pedroren baseliza Igual de Soria gotzain ikuskariak bisitatu zuen 1797. urtean, konponketak egiteko agindu zuelarik. Geroago, hala ere, maisuaren etxea egiteko eraldatu omen zuten.

  • San Blasen Parrokia

Tenplu modernoa da, 1920. urtean eta estilo historizistan egina, baina Nafarroako erdi-aroko arkitektura erlijiosoaren ezaugarriak imitatuz. Lehen esan bezala, herriaren zonalde baxuan zegoen tenplu zaharra ordezkatzeko egin zuten. Garai hartatik osagai batzuk berrerabili dituzte, hala nola bataio-pontea eta Ama Birjina eta Haurraren eskultura bat. Oinplanoa xume eta ordenatua da, gurutze latinokoa, tamaina berdineko bi tarteuneez osatutako habearte bakarrarekin, transeptu nabarmena eta burualde zuzenarekin. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barruko eskaileraren bolumena ikus daiteke. Dorreak oinplano karratua du, eta habeartearen lehenengo tarteuneari atxikia doa, hegoaldeko aldean, burualdeari atxikiak beste bi gela dauden bitartean, sakristia eta beste sala bat.

Murruak harlanduxkaz egina daude, harlanduzko kateekin hormataletako izkinetan eta baoen markoetan. Behar bezalako argiztapena bermatzeko zulatuta daude bi idi-begiekin, transeptuaren bi besoetan, baita burualdean eta Epistolaren aldeko murruan erdi puntuko bi leihoekin ere. Habeartearen oinetan koru jaso modernoa dago.

Habearteak, gurutzadurak eta burualdeak gurutze-ganga dute, transeptuaren bi besoek kanoi-ganga duten bitartean. Erdi puntuko arku fajoiekin antolatuak doaz. Burualdeari atxikiak doazen sakristian eta beste gelan sabai lauak daude.

Kanpoaldean dorrearen fuste kubikoa dago, elizaren oinetan atxikia, Epistolaren aldeko murruan. Altueran hiru ataletan banatua dago, eta kanpaiak kokatzeko erdi puntuko baoak ditu goialdean, xapitel batekin amaituz. Atea erdi puntuko arku xume bat da, eta aterpe batekin babestua doa, pilare lauangeluarren gaineko erdi puntuko bi arkuekin irekia.

Barnealdean hiru erretaula ikus daitezke, estilo neogotikoan eta fabrikaren garaikideak. Irudigintza ere modernoa da, erdiko erretaulan dauden XVI. mendeko hiru irudi izan ezik, Ama Birjina eta Haurraren eskultura, San Migel eta Kalbario bat. Ebanjelioaren aldeko murruan Gurutziltzatu barroko herrikoia dago, eta pareko murruan bataio-ponte bat, jatorri zirkularreko motibo herrikoiekin apaindutako fuste prismatikoarekin, eta dekoraziorik gabeko katilu semiesferikoarekin. Sakristian, azkenik, tamaina txikiko Gurutziltzatu barroko bat dago, baita zilargintza-lan batzuk ere.

Parrokia honi dagokio Iruñeko Elizbarrutiko Museoan dagoen Ama Birjina eta Haurraren irudi gotiko bat, XIII. mendekoa. Irudi frontala da, eta Ama Birjina eserita dago, Haurra magalaren erdian duelarik, garaiko estiloari dagokion bezalaxe.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 515-516 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 343 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 566-469 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 26 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 220 orr.

JAS 2009