Arkitektura

Andre Mari Katedrala. Iruñea

Iruñeko Santa Mariako katedrala garai batetan desagertutako katedrala erromanikoa zegoen orube berean dago, eta lehenago Pompelo hiri erromatarreko forua zegoen toki berean ere, seguru asko. Oraingo fabrikaren zati gehiena XV. mendean zehar eraiki bazen ere, badira beste garai batzuetan altxatutako elementuak ere. Honela, 1100 eta 1127. urteen artean katedrala erromanikoa eraiki zen, baina fabrika hau erori zen 1390an, burualdea eta aurrealdea soilik zutik geratu zirelarik. Lau urte beranduago, hau da 1394an, hasi ziren katedrala berria eraikitzeko lanak. XV. mendeko lehen erdialdean zehar katedralaren lanak erritmo bizian garatu ziren, baina Blanca erreginaren heriotzarekin eta ondoren sortu ziren arazo politikoekin erritmoa asko mantsotu zen. Gerra Zibilaren lehertzearekin, azkenik, (1451) lanak gelditu omen ziren. Badirudi 1481etik aurrera gogor ekin zitzaiola berriro lanari, eta katedraleko atal garrantzitsuenak 1501erako bukatuta zeudela esan dezakegu.

Elizaren oinplanoa gurutze latinokoa da, sei ataleko hiru naberekin, erdikoa zabalagoa, eta alboko kaperekin. Transepto markatua du, nabe bakarrekoa kasu honetan, eta burualde sakona, girolarekin. Girolan lau kapera erradial pentagonalak ireki ziren, burualdeari itxura benetan orijinala emanez.

Altxaeran, nabe nagusiak eta transeptoak altuera berdina dute, alboko nabeak, girola eta kaperak baxuagoak diren bitartean. Pilareen gaineko arku formeroen gainean argiztapena bermatzen duten leiho gotiko handiak daude, baina horma-mihise zabal batek eragozten du murruaren desagerpenaren ohiko sentsazio gotikoa. Estalkiari dagokionez, gurutze-ganga xumeak erabili ziren, kruzeroan eta presbiterioan trazeriak zertxobait konplikatuagoak diren arren. Azken errestaurazioan, gainera, berreskuratu da gangaren polikromia aberats eta dotorea. Giltzarrietan Nafarroako erresumako pertsonai garrantzitsuen armarriak daude, oso praktikoak elizaren atal ezberdinen datazioa zehaztu ahal izateko.

Fabrika honek aurrealde neoklasikoa du, XII. mendetik zegoen fatxada erromanikoa XVIII. mendean erori zelako. Proiektu berria Santos de Ochandáteguik zuzendu zuen, Ventura Rodríguezek egindako diseinuak jarraituz. Fatxada hiru ataletan banatua dago, erdiko gorputz nagusia eta alboko bi dorreak. Erdiko atala zutaberi klasiko bat da, orden korintoarreko lau zutabeko bi ilarez osatua. Honen gainean hiru faszia horizontalez osatutako arkitrabea eta dekoraziorik gabeko frisoa daude, gehi frontoi handi bat. Honen gainean bigarren solairu bat dago, harrizko balaustrada batekin eta errosetoi baten gainean dagoen bigarren frontoi batekin. Dorreak, bestalde, oinplano karratua dute, eta hiru solairutan banatuta doaz. Lehengo biak zuzenak eta beteak dira, baina hirugarrenean eragin barrokoa oraindik sumatu daiteke, askoz ere mugituagoak direlako, goialdean dagoen kanpai-itxurako errematea azpimarratu daitekeelarik.

Bestalde, gogoratu behar dugu katedralak jatorrizko ate gotiko bat kontserbatu duela, transeptoko iparraldeko besoan kokatua. San Jose enparantzatik ikus daiteke, eta XV. mendekoa da, Tournayko Jehan de Lomeren tailerrean egina, seguru asko. Tinpanoan Amabirjinaren koroatzea irudikatu zen sinpletasun handiz.

Elizaren presbiterioan Iruñeko Santa Mariaren irudia dago. Erromanikoa da, XII. mendekoa, gaur egun zurezko irudi orijinala zilarrez estalia dagoen arren. Irudi honen aurrean Nafarroako erregeak koroatu ziren Erdi Aroan zehar eta 1512 urterarte. Absidean 1540an Esteban de Obrayk egin zuen aulkiteria errenazentista dago, eta presbiterioaren aurrean Karlos III.a erregea eta haren emaztea Leonor erreginaren hilobia. Ohe-hilobia da, eta erregeak etzanda irudikatu zituzten, alabastroz eginiko tamaina naturaleko eskulturetan. Obra hau Jehan de Lome autore frantziarrak egin zuen 1419an, eta eskultura gotikoko adibide bikaina da, lan honen bitartez autoreak Europako iparraldeko forma eta ezaugarriak Nafarroan sartu zituelako, egundoko eragina sortuz. Karlos III.aren eskultura erregearen benetako erretratua kontsideratzen da, eta bere oinetan lehoia irudikatu zuen, Karlosen indarra eta ausardiaren sinboloa, Leonor erreginaren oinetan fideltasuna irudikatzen duten zakurrak agertzen diren bitartean. Azpimarratzekoak dira, baita ere, hilobiaren lau aldeetan agertzen diren hogeita zortzi gortesau eta eklesiastiko negartien erretratuak, emetasun eta naturalismo handiz egina.

Katedralean aurkitu daitezkeen gainontzeko lan ugariren artean, nabarmendu behar dugu Juan de Anchieta eskultore gipuzkoarrak eginiko Gurutziltzatua (1577), Caparrosoren erretaula, lan gotiko bikaina eta katedraleko erretaularik hoberena (1507), Pietatearen erretaula, Domingo Bidarte eta Juan Claver artistek egina (1600), eta Juan Bazcardok eginiko Gurutziltzatua (1600).

Iruñeko katedralean badira, gainera, beste egontoki eta dependentzia interesgarriak. Klaustroa, adibidez, 1290 eta 1350 urteen artean burututako obra da, nahiz eta 1472an bigarren solairu bat gehitu zitzaion. Frantziar gotikoaren adibide bikaina da, eta Europako klaustrorik hoberenetako bat kontsideratu daiteke, zalantzarik gabe. Bi solairuak komunikatzeko, dorre baten barruan XVI. mendean eraiki zen eskailera kiribil zoragarri bat. Klaustroan dauden hilobi ugariren artean, Miguel Sánchez de Asiáin apezpikuarena nabarmenduko dugu,1364an egina.

Klaustroan, bestalde, bi ate gotiko garrantzitsuak irekitzen dira, Anparoko atea eta Ate Preziosoa. Anparoko atea XIV. mendekoa da, 1335 urte ingurukoa, eta bere estiloa Toulouseko eskola frantziarrekin erlazionatu egin dute. Konposizio desordenatua eta trinkoa du, eta tinpanoan irudikatu zuten gai nagusia Amabirjinaren heriotzarena da, errealismo, dramatismo eta adierazkortasun handiz egina. Azpian dagoen mainelean, bestalde, Anparoko Amabirjinaren irudi gotiko ederra ikus daiteke. Ate Preziosoari dagokionez, 1360 urte aldera egin zen, eta Anparoko atearen alderantzizko estiloa irudikatzen du. Frantziatik etorritako maisu batek egin zuen, baita ere, baina kasu honetan konposizio ordenatu eta klasikoa du. Tinpanoa lau erregistrotan banatua dago, bertan Amabirjinaren bizitzaren pasarte ezberdinak irudikatu zituztelarik, jaiotzaren eszenarekin hasita, eta zeruko bere koroatzearekin amaituz.

Klaustroari itsatsita Barbazana kapera aurkitu dezakegu, XIV. mendean egina, Arnalt de Barbazan apezpikuaren hilobia gordetzeko. Tronpen gaineko izar-ganga dotore batekin estalita doa. Jantokia edo errefektorioa ere XIV. mendekoa da, eta egontoki zabal eta dotore hau Elizbarrutiko Museoko artelanak erakusteko erabiltzen da. Jantoki honen ondoan, gainera, tximinia ikusgarria duen sukalde gotikoa dago, XIV. mendeko lana ere. XV. mendeko obra da katedraleko Logela, sakristiak, azkenik, XVII. mendekoak diren bitartean.

  • A.A.B.B. Pamplona. Guía de Arquitectura. Iruñea, Colegio de Arquitectos Vasco-Navarro. Delegación de Navarra, 1994, 34-35 orr.
  • A.A.B.B. La Catedral de Pamplona, 2 tomo, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1994.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, C. La Catedral de Pamplona. El Arte en Navarra I. tomoa, Iruñea, Diario de Navarra, 1994, 146-160 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.) Catálogo Monumental de Navarra, V tomoa, Merindad de Pamplona, Pamplona e Índices Generales, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1997, 7-109 orr.
  • GÁRRIZ, J. La Catedral de Pamplona. Navarra, temas de cultura popular, 92 zbk., Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1993.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.) Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 247-248 orr.
  • MARTINENA, J.J. La Pamplona de los burgos y su evolución urbana, siglos XII-XVI. Iruñea, Diputación Foral de Navarra, Institución Príncipe de Viana, 1975, 117-127.