Toponimoak

Andra Mari Harri

Horrela edo Ama Birjina harri deitu ohi zaie Igone baserritik gertu dagoen harkaitzari (Amezketa) eta Igaratzako mendateko harkaitzari (Aralarko mendizerra). Haitz horietako bakoitzak zulo bat du gainaldean, giza oinatz baten modukoa. Kondairak dio zulo hori Ama Birjinaren hanka-arrastoek egin zutela, handik pasa zenean. Bertatik igarotzean, artzainek eta beste pertsona askok euriak zuloetan egindako putzuetan eskua busti, eta aitaren egiten dute. Batzuek txanponak uzten dituzte, zeruan grazia lortzeko. Done Mikelera edo beste santutegiren batera bidean bertatik pasatuz gero, txanponak hartu, eta bisitatuko duten tenpluaren atabakan bota behar dira. Horrelako haitz ugari aurki ditzakegu herrialdean zehar, eta fededunentzat benetako aldare dira, bertan eskaintzak egiten dituztelarik. Agian, fenomeno honekin lotuta ere badago Bizkaiko Jaunek XIV. mendean zuten ohitura hura: Pedro Barcellosen Livro dos Linhagens obraren arabera, Busturiako haitz batean behi-erraiak uzten zituzten, haien arbasoarentzako eskaintza gisa, hau da, Iñigo Gerraren ama eta Don Diego Lopez de Harokoaren emaztea. Lañun, Santorkaria haitzetik gertu, "Santuen harria" deritzon haitza dago, eta bertatik herriko apaizek ekaitzak konjuratzen zituzten.