Ikastolak

Anaitasuna Ikastola. Ermua

Ermuko ikastolaren sorrera, imajina daitekeenez, ez zen lan erraza izan, Euskal Herriko hainbat herritan bezala oztopo ugari gainditu behar izan baititu bere historian zehar, gehien bat lehen garaian, 1968an, 1968ko udaberri hartan... Ermuak garai hartan erritmo ikaragarrian ari zen hazten, eta bertoko euskaldun eta abertzale talde batek beren nortasuna eutsi nahirik, ikastola erdi isilean zabaltzeko asmoa adierazi zuen.

Dozena erdi ikaslerekin eta andereño eta guraso gutxirekin ahaleginen ondorioz, Ermuko irakaskuntza euskaldunaren lehenengo urratsak eman zituen ikastolak. Arazo latzak, garai gogorrak eta hainbat leku aldaketa jasan behar izan zituzten, baina ikastolak fruitu oparoak eman zituen eta guztien laguntzari esker irakaskuntza bikaina eskaintzen jarraitzen dute.

Esaten dugunez, 1968an ermuar batzuk, guztiz kezkaturik, irtenbide bila hasi ziren. Nola edo hala zerbait egin behar zuten herria eta bere ezaugarria, euskara, zegoen egoera larritik ateratzeko. Bertan, herrian, irtenbiderik ikusten ez zutenez, kanpora luzatu zituzten euren begiak. Zirt edo zart egin behar zela eta, erabakia hartu zuten: abiatu beharra zegoen. Horretarako txalupa bat behar zuten. Handik eta hemendik oholak lortuz, egunez eta gauez lana eginez, azkenik lortu zuten txalupa hori. Ez zen, ez, luxuzko itsasontzi horietako bat, ezta yate sinple bat ere, txalupa kaskar bat zen. Baina uretan sartu eta, hondoratu ez zenez, nahikotzat jo zuten. Orain izen bat jarri behar zitzaion eta batek esan zuen: "zer izen ANAITASUNA baino egokiago? Azken batetan denok elkartu ditugu gure indarrak hau egiteko. Zer deritzozue?". Dirudienez, denek aho batez, onartu zuten proposamena, eta honela, margolari trebe batek hitz hori margotu zuen txaluparen albo batean.

Dena prest zegoen bidaia horri hasiera emateko. Dena gertu utzi ondoren, irailaren lehen egunetan txalupa errekan jarri eta Hezkuntzaren itsaso aldera abiatu ziren. Ekaitza gogorrak, itsaso bareak, animalia ikusgarriak...Denetarik ikusi zuten bidai horretan. Ia urte bete itsasoan egin ondoren, uztailaren lehen egunetan, txalupa txikia bueltatu zitzaien. Ez zekarren betirako konponbidea, baina ahal izan zuten guztia ekarri zuten. Nahiz eta gauza handirik ekarri ez, jendea ez zegoen burumakur, bai zera! Honek indar gehiago eman zien aurrera jarraitzeko, hain gogozko eta beharrezko ikusten zuten, konponbidearen bila.

Hurrengo bi hilabeteak atseden hartzeko eta Anaitasuna txalupa konpondu eta hobetzeko erabili zituzten. Bi hilabete hauek igaro ondoren, berriz ere, irailaren hasieran erreparatu zuten txalupa eta han zihoazen berriz ere gure ermuar ausartak zerbaiten bila. Eta honela jarraitu diote lanari, bidaiei geroz eta hobekuntza gehiago ekarriz, jendearen parte hartzea zabalduz,...1968 urtetik urte asko pasa dira eta orain bai, orain esan daiteke Anaitasuna ikastola itsasontzia dela eta ez txalupa, oraindik ere Hezkuntza itsaso horretan dabilela lanean gure mesederako.