Bestelakoak

Amilamia

Hala deitzen zaie Agurainen izaera adeitsua eta eskuzabala duten jeinu jakin bati. Izaki fantastikoak dira, eta tradizioak dio Lezaon bizi direla. Lezao urmael handi batez hornitutako leizea da, eta Agurain hegoaldetik sei kilometrora dago, Entziako mendilerroaren oinean. Amilamiak azal zurikoak dira, ilehoriak, lotsatiak eta atseginak. Ilea orrazteko urrezko orraziak erabiltzen dituzte, eta lanabes eta sekretu miresgarri ugari gordetzen dituzte; besteak beste, hutsik dagoen bahe batetik irina ateratzeko gai dira. Noizbait artzainei ere lagundu izan diete... Agerikoa da maitagarrien antza dutela.