Kontzeptua

Alboka

Alboka, mihi bakun jogune (batiente) motako klarinete bikoitza da. Mihi bakunekoa, hots sortzaile diren fitak horrelakoak direlako eta bikoitza bi soinu-tresna direlako, batean edo erantsita jarrita.

Albokaren zatiak eta bakoitzaren zeregina:

Albokaren zatiak

Albokaren zatiak. J. L. Bengoa Zubizarretaren Nuestros instrumentos musicales liburutik hartua4.

1.- Fitak. Bi ditu albokak. Gutxi gora-behera 6 cm. luzera eta 7'5 mm. lodierako kainabera. Honek duen begiaren kanpoaldetik mozten da mutur hori itxia eta bestea irekia utzirik. Mutur itxi hortatik 6 mm.tara zeharka ebaketa bat egin, hautsi ez dadin kontu handiz, eta labanarekin kanabera tira bat (bibratu behar duen mihi) ebaketa egin dugun alde horretatik altxatzen da. Bere mihiaren bibrazioaren eraginez sortzen da hotsa. Fita bakoitza, albokak dituen bi tutuetako batean sartzen da, haren luzapenaren gisa.

2.- Kanaberak - tutuak. Alboka bakoitzak bi ditu. Gutxi gora-behera 13 cm.ko luzera eta 1eko lodierakoak. Tonu aldaketarako ezkerraldekoak (fita aldetik begiratuz) 4-5 mm. diametroko bost zulo ditu eta eskuin aldekoak hiru.

3.- Adar txikia - ahokoa. Ahokoaren funtzioa betetzen du. Kanabera-tutuen eta uztarriaren muturrak sartzen zaizkio behealdetik eta bere barruan gelditzen diren bi fitak babesten ditu. Jotzeko ezpainak bere kontra jartzen dira. Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroako Urbasa aldean, uztarriaren zurezko zati beretik osatzen da zurezko adar txiki gisako zatia. Uztarria, kanaberak eta adar txikiaren artean gelditzen diren tarte ireki horiek argizariarekin ixten dira haizea galdu ez dezan.

Zegamako Gorrotxategitarren alboka bat

Zegamako Gorrotxategitarren alboka bat.

4.- Adar handia. Haizezko beste soinu-tresna askok haize irteeran duten kanpaia bezala, albokak ere hotsa handitzeko adar handia du. Askotan, goialdeko alboetan belarri (vientos) gisako zuloak izaten ditu. Gehienetan adarraren irteerako ertzaren buelta osoan zerraren hortzen moduko bukaera izaten dituzte. Alboka zahar batzuetan, adar txikia eta handia apaindurik daude grabatutako marrazki geometrikoekin.

5.- Uztarria. Zurezko erdizirkularra izaten da eta bera da albokaren euskarria eta heldulekua ere. Zati guztiak lotzen ditu eta bera da gorpuzten duena. Askotan, albokariak uztarria lantzen eta apaintzen saiatzen dira, tailatzen eta barrutik ere forma desberdinak ematen. Batzuetan apaintzeko uztarriaren bi aldeetan latoizko burua duten iltzeak sartzen dute.

6.- Katea. Alboka zaharretan adar handia, ongi ajustaturik, uztarriaren beste muturrean sartzen da, eta joaldia bukatzerakoan albokariak soinu-tresna gordetzeko adar handia askatu egiten ohi zuen. Jotzerakoan, askatzeko arriskua zegoen eta lurreraino erori ez zedin, uztarria eta adar handia lotzen zuen kate bat ipintzen zitzaion.

4BENGOA ZUBIZARRETA, J. L. (1975): Nuestros instrumentos musicales. Caja de Ahorros Vizcaína. Colección temas vizcaínos; Arte y literatura 3.

Neurri ezberdinetako albokak egiten ziren, ez zegoen erabat finkaturik ez soinu-tresnen afinazioa ez eta ematen zuen eskala. Arteako Leon Bilbao eta Igorreko Silbestre Elezkano "Txilibrin" Arratiako alboka egile zaharrek egindako albokek, dena itxirik Lab-La tarteko nota ematen dute eta Zegamako Gorrotxategik egindakoak la#.

Ezagutu ditugun albokari zahar guztiek dijitazio itxia erabiltzen zuten eta beraien albokekin ematen zituzten eskalak nahiz eta berdinak ez izan, denak tendentzi bera zeukaten: Dena itxia La bezala hartzen badugu, behetik hasita lehen zuloa irekirik Sib-Si tarteko nota ematen dute, bigarren zuloa irekia Do-Do# tartekoa, hirugarren zuloa irekia Re, laugarren zuloa irekia Mi eta bosgarrena irekia (lehena goitik hasita) Fa#. Ikusten dugunez, eskala zahar hau ez da gaur egun entzuten dugun horietakoa, horregatik alboka horiekin jotzen den guztia oso berezia egiten zaigu.

Albokariek ezkerreko kanaberarekin (bost zulokoa) kantuaren doinua ematen dute eta eskuinekoarekin (hiru zulokoa) lagundu; gehienetan tonuaren La nota pedala emanez, besteetan dominante funtzioa betetzen duen Si erabiliz edo Mi eta Fa noten duoa egiten duten Do eta Re joaz, beraien joaldietan joku armoniko aberatsa lortuz.

Jose Mari Bilbao

Jose Mari Bilbao (1886-1977), Arteako albokaria5.

5BARRENECHEA, José Mariano. (1976): Alboka - Entorno Folklórico. Archivo P. Donostia. Lecároz (Navarra).

Albokaren errepertorio tradizionala bereziki jota (hiruko erritmoa), porrusalda (bikoa) eta martxaz (seikoa) osatzen da. Nahiz eta doinu ezagunak eta jakinak jo, albokariek jotzerakoan interpretatzeko joera librea izan dute eta bakoitzak bere estilo eta gustuko ukitua ematen zion, horregatik gaur doinu bakoitzeko hamaika bariante ezagutzen dugu. Pandero eta koplarekin lotua doa.

Panderoak laguntzen du dantza horietan erritmoa markatzen eta doinu gehienek badute koplak kantatzeko zati berezi bat.

Alboka jotzeko arnasketa teknika berezia erabiltzen da. Jotzerakoan haizea etengabe bota behar da, isildu gabe, kornamusa edo xirolarrua balitz bezala. Baina albokak ez du haize erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik eta albokariak haizeari buelta ematea teknikaren bidez lortzen du hori, hau da, haizea hartzen du botatzen duen bitartean. Teknika hori ikasteko, urarekin betetako baso batean lasto edo kanabera fin baten muturra sartu eta beste muturretik putz egiten da uretan etengabe burbuxak ateratzen. Hori lortzeko beste ariketa bat, adar txikia txapelarekin estaliz eta haizea txapelaren filtroan zehar boteaz egiten zen.

Ba da teknika honi buruz, Arratiako zaharrek kontatzen zuten, eta R. M. Azkuek bildutako, "Albokari bat Parisen" izeneko istorioa6.

"Orain larehun bat urte Zeanurin Arratiako izen handiko albokaria bizi zan. Bera hil eta hurrengo hiru bat gizaldietan "Haren bularra langorik!" esaten zan. Bere izena ez da gugana heldu. Behin, ardantegi batean zegoala (batzuen ustez Urrunagan) "polito" edanda gero, "Nire birikak langorik nok?" zion zeanuritarrak.

-Pariseko kalerik luzeena mandoz burutik burura alboka yoten igaroko neuke nik, ahoa behin bere zabalduten eztodala eta etentzaka, isildu bagarik.

-Horixe ikustearren, neu bere Paris horretara yoango nintzakek. Eta zer yokatuko doagu, Arrati?

-Mando gorri eder bana, gura badok.

-Ederto. Astelehen goizean urtengo doagu. Bitoriara yo eta han Pariserako zein bide hartu behar den bat edo batek esango dauskuk.

"Halako baten Frantziako hiri handi eder hartara heldu ziran gizonak. Kalerik luzeena zein zan jakin zuten eta goiz batean eguzkiarekin batera kale luze haren muturrean hasi eta mando banatan trapa-trapa hasi ziran biak ibiltzen, albokaria ibiltzen eta jotzen. Goizean hasi eta iluntzean ere jotzen, etentzaka, ez isildu ez ahoa zabaldu! Jotzea da! Mandazainak, heuren tema galdu behar zuela ikusirik, bere mandoari aurrea hartu eraginda, alboka "musturra" bere eskuaz itxi eta jotzaile gizarajoa arnasarik hartu ezinik ito eta mando gainetik gorpu jausi zan".

Oraindik, albokarekin kantantzen dira istorio hori aipatzen duten kopla zaharrak. Hona hemen horietako bat:

Goizean Parisen, gauean Parisen,
Parisko kalean luzea.
Hauxe kale hau paseu ezkero,
Atzeko mandoa neurea.

Albokari bat Parisen

Albokari bat Parisen7.

6Azkue, R.M. (1959) Euskalerriaren Yakintza, II. Literatura Popular del Pais Vasco. Espasa Calpe. Madrid.

7AZKUE, R.M. (1959) Euskalerriaren Yakintza, II. Literatura Popular del Pais Vasco. Espasa Calpe. Madrid.