Kontzeptua

Aide, Aideko, Aidetikako

Kasuan kasu, gizakiaren ekintzak erraztu edo zailtzen dituen numen edo naturaz gaindiko indarra da. Munduak eta gizakiak bi alderdi adierazten dituzte: bata, berezkoa, "naturala" eta, bestea, berriz, airekoa, "naturaz gaindikoa", "mistikoa". Lehenengoan jarduteko indar eta baliabide naturalak erabili behar dira, bigarrenean, berriz, otoitza edo magia. Gernika inguruan jarduten zuen Ajangizeko (Bizkaia) Ruperto Aurre magoak honela esan zidan:"Zenbait fenomenoren gaineko boterea teknikariena da. Beste zenbait apaizaren mendekoak dira, eta beste batzuk, ostera, nire eskumenekoak baino ez dira".

Aide arrazoi natural ezezagunak dituzten gaixotasun guztien erantzule da. Hortaz, Aideren sinismenak eta tratamenduak hartzen duen eremu geografikoa izugarria da, baita Pirinioetatik eta penintsularen iparraldetik at ere. Kolera gaixotasuna bera Aidek ekarri zuen. Behe laino gisa agertu zen, Zerainen eta Zegaman kontatu didatenaren arabera.