Kontzeptua

Ahosoinua

Ezpainetakoa, Ezpainetako-Soinua, Xotixe, Filarmonika

Ekialdean erabiltzen zituzten mihi bakun eta libre sisteman oinarritarik, akordeoiarekin batera, XIX. mendean Europan asmatutako soinu-tresna da.

Zurezko euskarrietako leihoetan, tonu bakoitzeko bakuna eta libre den mihi bat du. Mihi hauek, zeharka eta paraleloki zurezko taulatxoak dituen leihoetan jarriak daude. Itxura eta sendotasuna emateko eta mihiak babesteko, kanpotik metalezko txaparekin forraturik izaten dira.

Musika interpretatzeko, ertz batean (batzuek bi ertzetan) dituen zuloetatik botatako haizeak mihiak bibrarazten ditu. Jotzerakoan, putz eginez haizea ahotik kanpoaldera eta arnasa hartuz barnealdera zuzentzen da, posizio berarekin bi tonu ezberdinak emanez.

Izendapenari buruz hau esan dezakegu: Filarmonika, filarmunika izan da izen arruntena. Bizkaia eta Gipuzkoan aho-soinua izendatu dute, Larraun bailaran "ezpainetako soinua edo ezpainetakoa" eta Leitzan jaso genuen "xotixe" izen bitxia. Bizkaian "mosu-gitarra" izena jaso dugu ere.

XX. mende hasieran Europa osoan zabaldu zen eta batzuen ustez, honen agerpenak, tronpa-mosukitarraren atzerakada ekarri zuen. Informazio gutxi badugu ere, jakin badakigu soinu-tresna hau oso zabaldurik egon dela gure artean.

1960ko hamarkadan, Europako eta Ameriketako modako hainbat aho-soinu taldeen eraginez, gure artean sortu ziren halako taldeak. Holakoak ziren Donostia aldean 1960. hamarkadan sortutako "Los Merlins" eta "Iru bat" hirukoteak. Dena dela, nahiz eta kasu askotan interpretazio maila oso altukoak izan, Euskal Herrian ez dugu halako talde edo jole "profesionalik" ezagutu.

Herri musikaren esparruan, kantu eta dantzarako, nagusiki etxeetako sukaldeetan, ostatu nahiz tabernetan eta toki itxietan jo izan da. Guk Nafarroako Iribas herrian ezagutu genuen halako ezpainetako jotzaile on bat, Martikoneko Periko Garaikoetxea. Honek, XX. mendearen erdialdean, igandero, "bezperak" elizkizunen ondoren jotzen zuen gazteek dantza egin zezaten. Udaldean, eguraldi onarekin atari aurrean jartzen zen eta etxeko larrainean dantzatzen zen, eta negualdean, barruan, etxeko sarrera handian. Txiki-txikitatik itsu gelditua zen eta trebezia eta maila handiz dena belarriz jotzen zuen. Bere errepertorioa oso zabala zen eta herriko festetan jotzera etortzen ziren soinulari guztietatik (txistulariak, akordeoilariak...) hartzen zuen gero joko zuena. Sueltoko dantzak, martxak, "agarraua" eta guzti. Besteen artean, Iribasko Silla dantzaren bertsio berezia jotzen zuen.

  • LANDA, Marcos. Albisturko aho-soinua. IZ. IZ-376, 1991.