Arkitektoak

Aguirre Urrutia, German

Arkitektoa. Bilbo, 1912; Bilbo, 1989.

German Aguirre Urrutia arkitekto bizkaitarra XX. mendeko arkitekto interesgarrienetakoa izatea lortu zuen, printzipioz ez ohiko tipologietan lan eginez eta gainera arrazionalismoaren irakurketa berezia eta pertsonala eskainiz.

German Aguirre Urrutia Bilbon jaio zen 1912an. 1936an Madrilgo Arkitektura Eskolan arkitekto titulua lortu ondoren Bilbora itzuli zen eta, bertan lan egiteko asmotan, bere estudioa ireki zuen. Baina 1936an tamalez Gerra Zibila piztu zenez, ezin ezingo du 1940a arte bere lanbidean hasi, orduan lortuko baitu Bilboko udal arkitekto titulua. Izan ere, garai hartarako kargu garrantzitsua da hori, Frankismoaren lehen urtetan erabaki garrantzitsuak hartuko baitira arkitekturaren esparruan honelako erakundetan; kontutan hartu behar da gerra ondoren eraikuntzaren eremuan erregimen berriak lan handiak egiteko beharra izango duela. Horrela, hurrengo urtetan German Aguirre Urrutia nabarmenduko da bere belaunaldiko beste arkitekto batzuekin batera -Pedro Ispizua, Manuel Ignacio Galíndez, Juan Carlos Guerra edota Rafael Fontan, besteak beste Bizkaian-, bereziki berrogeigarren hamarkadaren amaieratik aurrera, Bilbon berriro zabalduko baitute arrazionalismoaren aldeko apustua, oraingoan gainera hiriaren kanpoko itxura definituz, eta, batez ere, lehen zabalgunetan eraikiko diren hainbat etxebizitza multzoei esker. Izan ere, German Aguirreren ibilbide arkitektonikoan lehen bi hamarkadetan bereziki tipologia honetan lan egingo du, eta Euskal Herriko arkitektura garaikidearen historian honengatik izango da batez ere ezaguna. Horrela, egun oraindik, pertsona askok buruan txertatuta duten Bilboko erdiguneko bilbearekiko irudia etxebizitza hauen formarekin harremanetan jarraitzen du, eta hori Aguirre eta bere belaunaldiko beste hainbat arkitektoen meritoa da.

Hala ere, German Aguirre beste arkitekto asko bezala berrogeigarren hamarkadaren hasieran ezin izango du modernotasunaren aldeko apustu garbirik egin, Ricardo Bastida eta Emiliano Amann y Amann arkitektoekin batera eraikitako Torre Madariaga etxebizitza multzoan (1941) edo Zabalguneko Merkatuan argi ikusten den bezala. Eraikuntza hauetan Frankismoak proposatuko dituen eklektizismoa eta historizismoaren aldeko apustua antzematen dira, etxebizitza multzoaren kasuan Euskal Herriko ohiko etxeen formak bereganatuz, eta merkatuan monumentaltasuna eta klasizismoaren berrirakurketa proposatuz. Hala ere, German Agirre eta bere belaunaldiko beste arkitektoak nahiko garbi ikusiko zuten hasieratik Frankismoak proposatutako estiloaren aldeko apustua ez zuela Espainiako testuinguran etorkizunik, eklektizismoan eta historizismoan oinarritutako eraikin prozesu hauek garestiak eta motelak izateaz gain, ez zituztelako gizartearen benetazko beharrak hasetzen eta ez bakarrik formarekiko ezta funtzioarekiko ere.

Baina hamarkadak aurrera egin ahala, neurrian eta batez ere etxebizitza multzoen tipologian -Santutxutik hasiz Rekaldeberriko promozioraino (1949-1954), eta tartean beste proiektu asko egonik-, eta gehienetan bere aurreko belaunaldiko Hilario Imaz arkitekto bilbotarrarekin batera, German Aguirrek funtzionaltasuna eta arrazionalismoa apurka eta pixkanaka berreskuratuko ditu. Ezaugarri hauek, bere etxe multzoetan ez bakarrik, etxebizitzen oina antolatzeko orduan eta eraikinen fatxadetan ikusi ahal izango dira. Frankismoaren hasieran erabiliko den harria baztertuz eta hogeitamargarren hamarkadan erabili zen hormigoiaalde batera utziz, berak adreiluaren aldeko apustua egingo du bereziki -Bilboko etxebizitza multzoetan material hori erabili zuen Bizkaiko lehen arkitektoa izan zen-. Horrela, aipatutako Bilboko erdiguneko zabalgunearen itxuraren erantzuletako bat izango da Aguirre.

Bilboko udal arkitektoa izan zen neurrian etxebizitza multzoez gain beste hainbat lan eraikitzeko aukera ere izan zuen, eta Bilboko hirigintza plangintzan Manuel Muñoz Monasteriorekin batera -Bilboko hirigintza plangintzako arduradun nagusia Frankismoaren lehen hamarkadetan- parte hartu zuen ere. Eraiki zituen beste eraikuntzen artean -hauetako batzuk egun desagertuta daude- hurrengo hauek nabarmendu daitezke: Miguel de Unamuno plaza, Federico Moyua plaza, Zankoeta etxebizitza multzoa, Sefanitro lantegia Barakaldon, San Agustin eliza Erandion, Zorrozako Udal Hiltegia, Abando Zinea, Central Lechera Vizcaina Lantegia edota Bilboko lehen Magisteritza eskola. Eraikin hauetan German Aguirrek eraikuntza motaren arabera egokitzen zuen bere hizkuntza arkitektonikoa eta horrela batzuetan arrazionalismo garbiaren aldeko apustu ausarta egiten zuen neurrian -lantegien kasuan, adibidez-, bestetan -elizetan, esate baterako- nahiago izaten zuen hizkuntza moderatu eta proposamen soilagoak egin, behintzat ez hain ausartak.

  • CENICACELAYA, Javier; ROMAN, Antonio; SALOÑA, Iñigo. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbao: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, Elías. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • URRUTIA, Angel. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.