Arkitektura

Ablitasko gaztelua

Ablitasko gaztelua, izen berdineko Ablitas udalerrian aurki dezakegu. Herria Nafarroa Garaiko hegoaldeko muturrean kokatzen da, bertako hiriburutik 104 kilometro hegoaldera,Tuterako merindadean hain zuzen ere.

Inguruko geografiari dagokionez, Ebro ibaiaren sakonuneko udalerrien klima mediterraneo epela du, eta herria nahiz gaztelua mendi koskor baten maldan kokaturik daude, hirigunearen goreneko mutur batean. Gaztelua tontorrak babesturik gelditzen da eta gaur egungo mantentze egoera kaskar xamarra dela esan genezake.

Eraikinaren gaineko lehenbiziko aipamena 1119.urtekoa da, Alfontso I.ak Ablitas udalerria konkistatu zuenekoa hain zuzen ere. XII. mendean aurretik bertan zegoen musulman jatorriko eraikin baten gainean eraiki zen, azken hau X. mende inguruan eraikia dela uste delarik.

1276.urtean Oibarko Martin Ruizek Juana erreginari omenaldia egin zion Ablitasko gazteluan eta baita erreinuko beste bost gotorlekuetan ere. Lau urte geroago, kanpoko horma berreraikitzeko lanak egin ziren, behera erorita baitzegoen.1320an Juan Le Chat omen zen gotorlekuko alkaidea. 1357an berriro ere, zaharberritze lanari ekin behar izan zitzaion, Ribaforadako Beltran gotorlekuko alkaide zelarik.

XVI. mende hasieran, Gaztelako erresumaren inbasioaren ondoren, Nafarroako erresuma zaharreko gazteluen eraistea agindu bazen ere, Ablitasko gazteluak zutik iraun zuen. Hala ere, gaur egun zilindro itxurako dorrearen hondarrak, harlanduzko hainbat egitura, eta iraganbidearen zati batzuk besterik ez dira kontserbatzen.

Defentsa handia izan zen Nafarroako Erresuman, hegoaldean konkretuki. Gaztelua, komunikazio sistema edo saretzeaz arduratzen zen garai hartan, horretarako ke seinaleez baliatuaz inbasio edo erasotze saiakerez ohartarazteko helburuarekin.

1949.urtean Ondare Historiko Babestua izendatua izan zen, eta gaur egun ozta-ozta zutik dirauen oinplano zilindrikodun eraikin zaharkitu bat da.

Gaztelua jaunen egoitza bilakatu zen. Epai-audientzia eta espetxea ere bazituen bere garaian. 1647. urtera arte izan ziren ziegak bertan, Ablitasko jaunak jauregi berria eraiki zuen arte. Jatorrian zazpi bat metroko garaiera izango zuen, gotortutako beste bi oinez gain. Azken hauetan gazteluko jaunaren egoitza eta bizilekua leudeke, eta ondorioz dorreak denera 17-20 metroko inguruko garaiera izango lukeela kontsideratzen da.

Ikuspegi ederrak gozatu daitezke gaztelutik, Ebro ibaiaren aurkako bidean Aragoi aldetik datozen bideak nahiz Nafarroa inguruko hainbat herri ikus daitezke mendebaldean. Iparraldera begiratuz gero, Tutera ingurua ikus dezakegu, eta Murchante eta Cascante ipar-mendebaldera begiratuz gero.

Egitura eta aztarnei dagokienez, lehen lubanarroa edo fosa zen lekuan daude gaztelurako kalea, aparkalekua eta baita eraikuntza batzuk ere, 1970eko hamarkadan eginak direlarik. Oraindik ere Gaztelua herritik kanpo aurkitzen da. Eraikinaren mendebaldean, herrian Goiko Leizeak deritzatenak leudeke, eta Beheko Leizeak, berriz ekialdean, zulo horiek bizileku, biltegi eta ukuilu edo eskorta izan zirelarik garai batean. Bere garaian bizileku izandako zulo asko nabarmentzen dira da gazteluaren inguruan.

Dokumentu zaharretan ikus dezakegunaren arabera, 1356an harresi moduko bat egin zuten lubakiaren goiko aldean eta baliteke haren hondakina izatea gaur egun hegoaldean ikus dezakegun horma.

Batez ere bi aztarna nagusi nabarmentzen dira bere garaian gaztelu izandakotik. Alde batetik dorre nagusia eta lurpeko galeria multzoa beste batetik, nahiko ikusgarriak biak ere. Dorre nagusia lubanarroaren gainean dago eta oraindik ere nabari da dorre sendoa izan zela bere garaian, nahiz eta hormak bistara zituen harri landu gehienak lurrean edo beste lekuren batean aurki ditzakegun gaur egun.

Oinplano borobila du eraikinak, sarrera luze batez hornitua eta materialari dagokionez harkaitza landuz egina gehiena eta beste bi argi zulo gehiago ditu dorreak, sarrerakoaz gain.

Dorreak jatorrian zuen egitura ikusteko eremurik gomendagarriena sarreraren barruko aldea da. Bertan, kanpoan ez bezala, harlanduz gauzatu zen hormaren estaltzea. Erdian, forma biribildun zutabe bat aurki dezakegu, harri blokez gauzatua.

Goiko aldea denboraren eraginez asko aldatu den arren, oraindik ere nabaria da bere garaian inguruan zuen ibilbidea, egurrezko gotorleku bat ikus dezakegularik, babeste elementu bezala.

Gaur egun, dorre nagusia bakarrik gelditzen da zutik harkaitzaren gainean garai batean aurkitzen ziren eraikinetatik. Beste elementuei dagokienez, ez da inongo aztarnarik gelditzen. Harresiari dagokionez, ez da ez honen arrasto ez aztarnarik aurkitzen. Honen inguruan nabari den aztarna bakarra, garai hartako agirietan islatzen dena da, hauen arabera konponketa edo zaharberrikuntzak egin baitziren harresiaren inguruan. Ablitasgo gazteluak, bazituen harresiak beraz. Ba omen zeuden zelatarientzako beste dorre bat eta baita arkulariak babesteko beste eremu batzuk ere, karez, igeltsuz eta zurez estaliak.

Lurpeko aztarnek ere badute zeresana. Harkaitza landuaz osaturiko patio bat eta zenbait areto nahiz galeria aurki ditzakegu lurpean. Patioaren sarrera iparraldetik ematen da. Bertan bi eskailera mantentzen dira oraindik ere, baina gainaldean zuen egurrezko egitura zein estalkia desagerturik daude gaur egun. Ur biltegi bat ere aurki genezake patioko iskina batean Agiriek diotenez, ur biltegi bat egin zuten 1358an, harria zulatuz baina itxurari erreparatuz gero ez dirudi hura bera denik, habez, igeltsuz eta karez estalia baitzen garai hartakoa.

Galeria estu eta luze bat ere aurki dezakegu patio horretatik kanpora abiatuz gero, garai bateko ate ezkutu kontsidera litekeena. Galeria nagusiaren hasiera ere patioan ematen da. Honen garapena lurpeko beste zuloen antzerako da, baina ganga batez egituratua da eta gainari eusteko adreiluzko 5 arkuz baliatuz eraikia da. 23 metroko luzera eta 5 metro inguruko zabalera ditu. Gainaldean duen zulo batetik sartzen da bertan ikus daitekeen argi apurra. Dokumentuen arabera 1620an aritu ziren galeria hau eraikitzen. Gela ikusgarri bat aurki dezakegu galeria hasierako eskuinaldeko eremuan, baina ez dago aztarna izpirik honen erabilerari buruz. Honen eraikitzea biribila eta kupuladuna da, 6 metroko diametro batez hornitua du, eta 2,25 inguru metroko altuera duena, lurretik kupula hasten den zonalderaino. Harri landuz egina dago, eta 5 harri ilara konta ditzakegu ditu kupularaino. Oraindik ere nabari da gune batzuetan zeramika esmaltatuz estaliak zeudela garai bateko harriak. Zoruan axuleiua zuen, eta kupulan aldiz adreilua erabili zuten.

Urrun gelditzen dira gaur egun gazteluaren garai onenak. Nafarroako erresumako indar garrantzitsuenetarikoa zen garai hura. Gaur egun bere indarra, distira eta ospe hura galdu egin dira. Denbora eta urteen indarrak eta benetako zaharberrikuntza baten aldeko apustu baten faltak geroz eta gehiago nabarmenduk ditu bere ahultasun eta gabeziak, gaur egin ozta-ozta zutik mantentzen delarik.

Bere hormetan aurki ditzakegun pitzadurak eta geroz eta ugariagoak diren harrien erorketak arrisku garrantzitsu bat dira bertaratzen diren bisitarientzat, eta ondorioz gazteluko beste eremu batzuetara bezala goiko eremu ugaritara ere sarrera itxi egin behar izan da.