Pintoreak

Abaunza, Ricardo

1956an Gernika-Lumon jaiotako pintore bizkaitarra.

Oso gazte zela murgildu zen pinturaren eremuan aitaren eskutik eta Arte Eskolako ikasketak egin zituen Gernika-Lumon eta bertako monitore gisa amaitu zuen. Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederrak ikasi zituen. 1982-1985 bitartean marrazketa- eta diseinu-irakasle izan zen Mungiako Larramendi Ikastolan. Bere ibilbidean zehar kultur elkarte askotan parte hartu du. Hala, publizitate-lan ugari egin ditu (kartelak, programak, pankartak, anagramak, etab.). 1972. urtetik erakusketa kolektibotan parte hartu du, besteak beste, Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon, Bakion, Mungian, Bilbon, Getxon edo Ozkabarten (Errioxa). Atzerrian ere izan da ikusgai bere lana, esate baterako, Pforzheimen (Alemania) 1988. urtean eta Melbournen (Australia) 2000. eta 2003. urteetan. Gainera, hainbat lehiaketetan hautatu dute, adibidez, 1985ean Ertibil lehiaketan.

Bakarkako erakusketen artean Gernika-Lumoko Euskadiko Kutxako Erakusketa-aretoan egindakoak aipa daitezke, 1990., 1991. eta 2001. urteetan, azken hura Contra la guerra izenekoa.2000ko hamarkadan ere egin zituen erakusketak, esate baterako, Bilbon, Basaurin edo bere jaioterrian.

1987. urtetik Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendaria da.