Pintoreak

Abad Azpilicueta, Jose

Nafarroako margolari hau Marcillan jaio zen1930ean, eta 1986an hil zen.

Akuarela maisu garrantzitsuetako bat izan zen, eta teknika horretan bildu zuen bere lan guztia. Bizi zen artean, denbora gehiago eman zuen irakaskuntzan erakusketetan baino, eta, horregatik, oso gutxitan ikusi da bere lana. Ido beretik, nabarmena da Nafarroako Kutxak 2001eko apirilean Madrilgo Juan Bravo Aretoan egin zuen atzera begirako erakusketa. Bertan, bere pintura lan guztien ibilbidea erakusgai jarri zuen.

Abad Azpilicueta Madrilera joan zen bizitzera, hamar urte bakarrik zituela. Urte gutxi batzuk beranduago, Banco Mercantil Industrial bankuan sartu zen, baina marrazteko gaitasun izugarria zuenez, delineatzaile ikasketak hasi zituen. Horri esker, perspektiba eta espazioaren osaera menderatu zituen. 1945ean, berriz, Madrilen Agrupación Española de Acuarelistas taldea sortu zenean, teknika horrekiko interesa piztu zitzaion, artisten artean ongi ikusia ez zegoen arren. Pepe Valenciano, Feliz Herraez eta Pedro Villaroig maisuen dizipulu izan zen, eta laster ikasle izatetik irakasle izatera pasa zen.

Bere akuarela lan gehienak paisaiak dira, baina ardandegia edo natura hila bezalako generoak landu zituen, eta noizbait erretraturen bat ere egin zuen. Naturaren begirale handia zen, eta, horregatik, bere sormen-lanetan aukera kromatiko ugari erabiltzen ditu, argi intentsitate handia emanaz. Era naturalean margotzen zuen, eta, ondorioz, astoa bizkarrean penintsula osoa zeharkatu zuen, paisaiak zuzenean erretratatzeko, edo oharrak eta argazkiak hartzeko, gero estudioan berregiteko.