Arquitectura

Laborde Hermanos fabrika. Andoain

Guillermo Laborde Garatek eta bere semeak ziren Eduardo, Jose Maria eta Enrique Laborde Werlinden-ek sortu zuten Laborde Hermanos enpresa 1926ean Andoainen. Eraikin multzoaren lehen pieza 1928an diseinatu zuten, etxea eta produkzio gunea batzen zituena.

Lehen eraikin honen proiektuan Manuel Laborde ingeniariaren sinadura azaltzen bada ere, badirudi proiektu honen eta ondoren datozen gehienen egilea Luis Tolosa Amilibia delineatzailea izan zela. Luis Tolosak garatutako beste eraikin askotan bezalaxe, Labordeko lehen eraikin honek garaiko lengoai berritzailea jasotzen zuen. Mende hasieran, Europako erdialdean egiten ari ziren hainbat arkitekturen kutsua agerikoa da. Ezaugarri nagusiak hauexek ziren: apaingarri eza, bolumen bakunen erabilera, fatxaden horizontaltasun nabarmena, leiho handiak eta karezko horma zuriak. Estalki laua eta hormigoizko egitura zituen eraikin luzanga honek. Itxitura adreiluzko horma bakunaz eraikita zegoen, kanpoaldeko akabera berriz karezko morterokoa "tirolesa" moduan emana.

Espainiako Guda Zibila eta guda osteko autarkia garaiaren artean kokatzen da lehen aroa. Testuinguru historikoa nahiko zaila zen arren, fabrikaren produkzioa gorantz egin zuen. Hau dela eta, lantegi eta hornidura berriak eraiki behar izan zituzten.

1928ko lehen nabetik hasita, aro honetan tamaina txiki eta ertaineko zazpi eraikin egin zituzten. Hauexek izan ziren: 1937ko lehen zabaltzea; aldagelen pabiloia 1937 eta 1939 urteen artean; transformadoreen eraikina, aparkalekuak eta etxebizitza 1939 eta 1941 urteen artean; Widia metalaren fabrikaziorako pabiloia 1941an; lehen nabearen bigarren zabaltzea 1941 eta 1942 urteen artean; Hauts Metalikoen Sailaren eraikina 1941 eta 1942 urteen artean; eta neurketa eta kontrolerako pabiloitxoa lehen eraikinari atxikita 1943. urtea baino apur bat lehenago.

Eraikin guztiek, zenbait aldaketa salbu, 1928ko lehen nabearen eredu estetiko eta konstruktiboa jarraitu zuten. Eraikinak linealak ziren, estalki lauaz eta bolumen soilez osaturik. Horma-artea ertaina zenez argiztapen naturala alboetako leihoetatik egiten zen. Fatxadako konposizioari dagokionez, eraikina hormatal zuriz eta bao handiz osatuta zegoen, eraikin-multzoaren horizontaltasuna nabarmendu nahirik. Lehen nabean bezalaxe, eraikin berrietan apaindura eta ornamentuari uko egin zitzaion, Mugimendu Modernoaren irizpideei eutsiz.

Eraikin guzti hauetatik nabarmentzekoa da aldagelen pabilioiaren garrantzia. Eraikin honen eginkizun nagusia, fabrikaren giza ekimenak jasotzea zen: konketak, jangela, ikasgelak, ekonomatoa, koruaren entsegu gela, eta abar. Fatxadaren hegal handiek, eraikinaren horizontaltasuna eta arintasuna areagotzen zuten. Simetria ardatzean kokatutako eskailera helikoidal dotoreak hiru solairuak lotzeaz gain, enpresak ekoizten zuen brokaren sinbolo bilakatu zen.

Bigarren aro honetan, enpresak burujabetasunaren aldeko apostua egin zuen, horretarako hornidura produktibo berriak eraikiaz joan zen. Aldaketa nagusia arkitektura-tipoei dagokionez, pabiloi hipostiloen etorrera izan zen. Pabiloi berriek dimentsio handiagoak zituztenez albo batera utzi zituzten pabiloi linealen eraikuntza. Estalki lauaren gainean barne-espazioa argiztatzen zuten luzekako argizuloak kokatzen zituzten, shed nabearen aldaera. Lanaren antolakuntza libreagoa eta eraldaketak egiteko aukera handiagoa ematen zuten eraikin berri hauek. Orokorrean, kanpoaldeko itxura eraikin linealen oso antzekoa zen.

Bigarren aroko eraikinak hauek izan ziren: "Labherit" edo metal gogorra lantzeko pabiloia (1943) , "K" pabiloia eta ijezte pabiloia (1950 eta 1954 artean). Garai honetan beste lan txiki batzuk ere egin ziren, Manuel Laborderen liburutegia lehen eraikinaren gainean, transformadorea eta hidrogenoa lortzeko pabiloiak adibidez.

60. hamarkadan Espainiako politika ekonomikoa irekiaz joan zenez, Laborderen esportazioak gora egin zuten. Hamarkada erdialdean produktibitate maila gorenera iritsi zen enpresa. 70.hamarkadan ordea, barne krisia eta Europa osoko krisialdi energetikoa zela eta, Laborde Hermanosek sekulako beherakada izan zuen bere ekoizpenean.

Azken aro honetan lau eraikin berri egin zituzten: bulego eraikin berria (1957-1958); gasolindegia (1958), fundiziorako pabiloia (1959); eta "E" tailerraren (edo Widia pabiloiaren) zabaltzea (1964). Azpimarragarriak dira bulego-eraikin berria eta gasolindegia. Bi eraikin hauek, Luis Tolosak utzitako zirriborro batzuen arabera eraiki zituzten.

Bulego-eraikina 1939an egindako zabaltzearen gainean kokatu zuten. Eraikin berria lehen solairuan soilik kokatzen bazen ere behe solairuari fatxada berria eman zion. Kanpoaldeko itxura oso bestelakoa zen aurreko eraikinen aldean. Leihoak jasotzen zituen uztarri errepikakor batez osatuta zegoen fatxada. Erretikula berri honek beste eraikinen horizontaltasunarekin erabat hausten zuen. Luis Tolosak gasolindegi txikia ere marraztu zuen bere heriotza baino lehen. Oskol-egitura erabiliaz, estalki eder bat eraikitzea zen asmoa, exekuzioa ordea kalitate eskasekoa izan zen.

Berrogeita zazpi urtez lanean egon ondoren, apurka-apurka beherantz egin zuen enpresak. Zorrak zirela eta, 1973. urtean fabrika hirutan bereizi behar izan zuten. Alde batetik Labherit pabiloia geratu zen, bestetik ijezte eta fundiziorako pabiloiak, eta azkenik tarteko eraikinak. Azken hauetan kokatu zen 2001 urtean Martin Ugalde Kultur Parkea. 1994. urtean Euskaldunon Egunkariak birmoldaketa prozesua habian jarri zuen bere erredakzioa Labordeko bulegoetan kokatzerakoan. Urte batzuk beranduago, Lizarra Grafikak inprenta eta Zabaltzen argitaletxea, Euskaldunon Egunkariarekin batera ekoizpen kulturala sustatzeko enpresa-parkea sortzea erabaki zuen. Hiru sustatzaile nagusi hauek beste hainbat enpresa txiki batzuekin batera osatu zuten Martin Ugalde Kultur Parkea. Ekimen honek, fabrika zaharraren birmoldaketa eta gaiberritzea ekarri zuten.

(Irudiaren egilea: Ezekiel Collantes).

Eraikin multzoaren egoeraren axonometria1973 urtean:

  1. 1) Fabrika-etxebizitza (1928);
  2. 2) Zabaltzea (1937);
  3. 3) Aldagelen pabiloia (1939);
  4. 4) Transformadoreen eraikina (1939-1941);
  5. 5) Aparkalekua (1939-1941);
  6. 6) Etxebizitza (1939-1941);
  7. 7) Widia metala ekoizteko pabiloia (1941);
  8. 8) Zabaltzea (1941-1942);
  9. 9) Hauts metalikoen arloa eta laborategia (1941-1942);
  10. 10) Neurketa eta kontrolerako pabiloia (1941-1942);
  11. 11) Metal gogorra ekoizkteko Labherit pabiloia (1943);
  12. 12) K pabiloia (1950-1954);
  13. 13) Transformadore eta hidrogenoa lortzeko pabiloiak (1950-1954);
  14. 14) Ijezte pabiloia (1950-1954);
  15. 15) Bulego eraikina (1957-1958);
  16. 16) Gasolindegia (1958);
  17. 17) Fundizio pabiloia (1959);
  18. 18) Widia pabiloiaren zabaltzea (1966).
  • Laborde Fondoa
  • Andoaingo Udal Artxiboa
    • Artxibo historikoa
    • Artxibo orokorra
  • Jabetzaren erregistroa
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren kartografia historikoa
  • AZPIRI, A. "Arkitektura Gipuzkoan, 1850-1960", Gipuzkoa, arkitekturaren gida, 1850-1960, Gipuzkoako Foru Aldundia / EHAEOren Gipuzkoako Delegazioa, Donostia, 2004.
  • BENGOECHEA, J. "Andoain industrializazio prozesu berrian sartzea. Bilakaera bati buruzko oharrak: 1850-1925", Leiçaur 1, Andoaingo Udala, Andoain, 1990,.
  • COLLANTES, E. "Eraikin-multzo industrial baten birmoldaketa: Laborde Hermanosetik Martin Ugalde kultur parkera", Leiçaur 11, Andoaingo Udala, Andoain, 2010.
  • COLLANTES , E. "Del metal a la letra: la reconversión del grupo fabril Laborde Hermanos", (akta liburua) International Conference Intervention Approaches for the 20th Century Architectural Heritage, Madril, 2011.
  • FERNÁNDEZ , J.J.; TRUTXUELO, M. "Arkitektura industriala Andoainen (1928-1942)", Leiçaur 7, Andoaingo Udala, Andoain, 1990.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, J.J. "Arkitektura industriala modernoa Gipuzkoan (1928-1939): tipologiak eta iturriak", Ondare 23, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 2004.
  • GARCÍA-BRAÑA, C.; LANDROVE,S.; TOSTÖES, A. La arquitectura de la industria, 1925-1965, Registro DOCOMOMO Ibérico, Fundación DOCOMOMO Ibérico, Bartzelona, 2005.
  • LABORDE HERMANOS, S.A. INGENIEROS INDUSTRIALES. Memoria descriptiva del desarrollo de la industria durante el periodo de su militarización, Andoain, 19?? (enpresaren katalogoa).
  • LARRINAGA, C. "Siglo y medio de historia del urbanismo contemporáneo en Andoain (1842-2000)", Leiçaur 8, Andoaingo Udala, Andoain, 1990.
  • TRUTXUELO, M.: "Laborde Hermanos: trayectoria histórica de una empresa", Leiçaur 5, Andoaingo Udala, Andoain, 1988.