Danza

Berastegiko dantzak

Berastegi herria, Gipuzkoa eta Nafarroako mugan dagoena, dantza aldetik aberatsa da. Alde batetik, San Juan Dantzak dauzka, eta horiek izango dira hemen hizpide, baina oso interesgarria da bertan egiten den Soka dantzaren bertsioa ere.

Izenari dagokionez, gehienetan San Joan edo San Juan dantzak bezala izendatzen dira, nahiz eta noizbait San Juan Iantzak entzun den. Dantza soka edo Soka Dantza da beste bat, paper batzuetan Aurresku bezala izendatua.

San Juan dantzak nondik datozen esatea ez da erraza, baina Erdi Aroan kokatzen da, gehienetan. Bertan, 8 edo 12 dantzari inguruk figura koreografiko ezberdinak osatzen dituzte: tarteka makil, brokel, arku edo beste elementuekin jolastuz dantza ezberdinak egiten dituzte. Gure inguruan Gipuzkoako Brokel dantza klasikoa, Dantzari dantza bizkaitarra, Oinatiko Korpus dantzak edo, Tolosaldean bertan Lizartzako Iñauteritako Dantzak aipatu daitezke. Bakoitzak bere estiloa dauka, baina, funtsean, molde koreografiko berbera dute. Bitxia da, halere, Tolosaldean dauden Nafarroako bi mugetan eredu koreografiko horren bi ale horiek (Lizartzakoa eta Berastegikoa) isolatuta agertzea, beraien sorrera eta bilakaeraz ia ezer ez dakigularik.

Noiz edo noiz Beotibarko gudarekin zerikusia bazegoela entzun dugu Berastegin, baina ez diogu segida handirik ikusi arrazoibide horri.

Dantza horiek, ziur aski, aldaketak izan dituzte denboran zehar, beste dantza guztiek bezala, baina ez daukagu daturik horren inguruan: mende honetan, behintzat, aldaketa esanguratsurik ez dela izan ematen du. Noizbait Berastegin arku dantza bat ere bazegoela aipatu ziguten, baina horren kontrasterik ez genuen lortu.

Dantza hauek, dakigunez, 36ko gerra bitartean egin ziren, baina gero etena izan zuten 1955 arte. 60ko hamarkadan ere, saiakera batzuen ondoren, beste eten bat izan zen eta 1973an Tolosako Udaberri Dantzari Taldeak berreskuratu zituen dantzak, nahiz eta urte batzuetan Berastegin bertan ez dantzatu. Geroago bai, etenak bukatu eta urte askotan egin ziren San Joan dantzak Berastegiko plazan. 2000. urtean osatu zen bertako taldea, eta hortik aurrera herritarren esku dago.

Dantzaren izenak San Juan festarekin zerikusia adierazten badu ere, ez dago data horretan dantza ikusi izanaren oroimen bizirik herrian. Bai, ordea, udal artxiboetan aipamen batzuk, ez oso argiak. Artxibo horietan dantzarien agerpena azaltzen da San Juan, San Lorenzo, Ihauterietan eta Korpus eguneko festan. San Lorenzotan San Juan dantzak eta Soka dantza egin izan dira beti. San Juanetan, berriz, ez dakigu argi. Ihauterietan, behintzat, Dantza Soka egiten zen (1910ean Udalak debekatu egiten du "aurresku" izeneko dantza karetaz jantzita egitea, iluntzera arte ibil bazitekeen ere mozorrotuta kalean). Baserriz baserri puska eske zebiltzan dantzariak, halere, "bailarines de San Juan" bezala agertzen dira udal artxiboetan. Korpus egunean, berriz, ez dakigu zer egiten zen.

San Juani dagokionez, aipamen bat: ez Berastegin, ez eta Elduan ere, ez dago santu horri ezarritako tenplurik (bi eliza eta hiru ermita dituzte bien artean).

XIX. eta XX. mendeetan, behintzat, egin dira San Juan Dantzak San Lorenzo egunean, abuztuaren 10ean. Bi alditan egiten ziren, garai batean, behintzat: lehenbizikoa, elizaren atzeko iturriaren aurrean. Ondoren, udalbatza eta bestelako agintariekin batera, Alkate soinuaren laguntzaz, plazara joaten ziren formazioan, eta bertan hamaiketakoa ematen zen (un refrigerio). Arratsaldeko 6ak inguruan dantzatzen ziren berriro, udaletxe aurrean, eta ondoren, Dantza soka. Gaur egun (2013) , arratsaldeko saioa baino ez da egiten.

Taldea 12 dantzarik osatzen dute, bi ilaratan jarrita eta kapitaina aurrean dutela.

8 dantzak osatzen dute multzo hau (Dantza soka aparte):

  1. Paseoa: dantza honekin ateratzen dira dantzariak udaletxeko arkupetik eta jartzen dira plazaren erdian. Gipuzkoako Brokel dantzaren Boastitzearekin zerikusi handia dauka.
  2. Lauko txikia: izenak adierazten duen bezala, lau dantzarien multzo bakoitzak -hori bai, denak batera- egindako dantza da, dantzariak multzo bakoitzean tokiz aldatzen joaten direlarik
  3. Kontrapaseoa: aurrekoarekin bat egiten duen dantza. Lauko txikia bukatzeko erabiltzen den deiak kontrapaseoa hasteko balio du. Gipuzkoako Brokel dantzan bezala, dantzariak aurretik atzera joaten dira kapitaina aurrean doala, taldea udaletxeari begira jarri arte eta, ondoren, berriro ere hasierako posiziora. Beste dantza guztiak bezala deiarekin bukatzen da. Aipatzekoa, Deia hauek ez dutela konpasa errespetatzen.
  4. Kapitan dantza: erritmo aldetik lauko txikiarekin zerikusia dauka. Lehenbizi kapitainak egiten du doinu osoa. Ondoren, deia eta kapitainaz gain, lehenbiziko laurek. Ondoren, kapitaina eta bigarren lauko multzoa eta gero hirugarrenarekin. Bukatzeko denak batera.
  5. Zorri dantza: aurrekoan bezala, lau dantzarien multzoak joaten dira doinua dantzatzen, kasu honetan kapitainik gabe. Dantzariaren tokiz aldatzea pauso bitxi batekin egiten da.
  6. Seikoa edo seinakoa: dantza honetan seinaka joaten dira txandakatzen dantzari multzoak. Bitxikeria bezala, hiruko lerroak sortzen direnez, lerro bakoitzean beti dago dantzari bat alderantziz egiten dituena bueltak.
  7. Brokel dantza: dantza hau da tresneriarekin egiten den bakarra. Hona dantzari bakoitzak daramatzan tresnak: egurrezko brokela eta makilak.
  8. Bilantzikoa: koreografikoki zorri dantzaren antzekoa, lauko multzoak dira honen oinarri.
  9. Plazatik irteera: edozein kalejirarekin egiten da.

Dantza hauetan erabiltzen diren pausoak aipatu behar ditugu, batzuk behintzat, beste tokietan ez baititugu aurkitzen. Horrela, Gipuzkoako dantzetan aurkitzen diren muriskak eta hanka jasoerak ez daude hemen. Dantzaria eten gabe salto eta brinko ari bada ere, ez da asko altxatzen lurretik.

Oso pauso aipagarria: oin baten puntaren gainean jarrita, ostiko azkarrak ematen ditu beste hankarekin, lurretik 10 zm-ra. Beste ezaugarri bat besoen erabilera da: Gipuzkoako beste dantzetan besoak erorita eramaten dira beti (edo sueltoko dantzetan beti altxata), baina hemen zenbait mugimendu "indartu" egiten dira besoekin. Askotan, dantzariak atzera botatzen du eskubiko besoa, indarrez, ezkerrekoa ere mugitzen den bitartean, ia makil luze bat eskutan eramango balu bezala. Saltoetan gerriarekin egiten diren mugimenduak ere aipagarriak dira. Baina ez dugu hemen pauso bitxien zerrenda agortuko.

Aipatu dugun tresneriaz gain, kapitainak ezpata bat eramaten du. Apaingarri gisa loreak, borlak, zintak edo zapiren bat eraman izan du.

Jantziari dagokionez, alkandora eta galtza txuriak, txapela eta gerriko gorriak eta txintxarriak zangoetan. Kapitainaren txapelak koloretako zintak eramaten ditu. Noizbait hiru pikoko txapela ere eraman izan du, udal artxiboei kasu eginez gero. Bularra eta bizkarra zeharkatuz doan zinta zabal bat ere eramaten du kapitainak.

Noizbait dantzariek zintak eraman izan dituzte besoetan eta, batzuetan, zapia lepoan.

Dantza hauen partiturak Berastegin ari zen organo jole batek idatzi zituen, Pedro Etxeberria orduko txistulari zenari jasota. Papera baino garrantzitsuagoak izan ziren bertako Cruz Etxeberria eta J.M. Olaetxeak emandako azalpenak eta gidaritza; izan ere, musika hori ez da oso ondo eusten pentagraman. Doinuak 5/8 eta 2/4 konpasetan daude.

Txistularia eta atabalaria izaten dira musika hori jotzen dutenak.

Esan bezala, Berastegiko beste altxorra bertako Dantza soka da. Egituraz ez da asko aldatzen inguruan egiten den Gizon dantzarekiko, baina pausoetan nabari da bertako tokea.

  • Udaberri Dantzari Taldea. Berastegiko San Juan Iantzak. Dantzariak 21. zkia. (gaztelaniaz)
  • Udaberri Dantzari Taldea. Berastegiko San Juan Iantzak. 25. urteurreneko liburuxka (euskaraz)
  • SALBARREDI, Jabier. Dantzariak Berastegin 1. atala. [Kontsulta data: 2013ko abenduak 19].
  • SALBARREDI, Jabier. Dantzariak Berastegin 2. atala. [Kontsulta data: 2013ko abenduak 19].
  • URRUZOLA, Juan Mari; RODRIGUEZ, Imanol. Gipuzkoako dantzak-Berastegiko San Juan dantzak. Euskal Dantzarien Biltzarra (CDa)
  • URRUZOLA, Juan Mari; LARRAURI, Josu. Tolosako Bordon Dantza eta Berastegiko dantzak. JEuskal Dantzarien Biltzarra (LPa)