Concepto

Arquitectura Industrial

Industria, lehengaiak eraldatuz produktuak ekoizten dituzten jarduera eta prozesuen multzoa da eta aktibitate horiek garatzeko erabiltzen diren eraikinek osatzen dute arkitektura industriala.

Eraikinok, industriaurrean ez zuten izaera propiorik, industria jarduera eta bizitoki funtzioa betetzen zuten aldi berean, eta maiz, bizitokiaren tipologia, produkzio sistemaren beharrek eragindako bilakaeraren araberakoa zen.

Euskal Herrian, XII. mendean ugaldu ziren burdinolen kasuan adibidez, indar hidraulikoa transmititzeko mekanismoek definitzen zuten espazioa eta XV. mendean sagardoa produzitzen zuten baserriak aldiz, dolare handi baten inguruan egituratzen ziren.

Industria-iraultzaren ondorioz, gremio antolaketa gainditu eta lan antolaketa berri eta arrazionalago baten aldeko apustuarekin batera, produkzio guneak guztiz bereizi ziren beste erabileretatik.

Historian zehar, tipologia ezberdineko eraikinak erabili izan dira jarduera industrialetarako. Hastapenetako instalazio industrialek ordea, aurrez aipatu bezala, ez zuten tipologia zehatzik erabiltzen eta landa arkitektura zuten oinarri.

Industriaurreko eraikuntza horien artean kasu hedatuena irin-errotena izan zen, Gipuzkoan adibidez, ibai arro gehienetan ageri ziren eta XIX. mendean ere honelakoak eraikitzen jarraitzen zuten. Hipolito Vautier ingeniariak diseinatutako Lasarteko errota kasu.

Errota horiek eredu hartuta, makinaria mugitzeko energia hidraulikoa ardatz bertikalaz erabiliz, eta prozesu produktiboa ere bertikalean antolatuta, solairudun fabrika jaio zen Industria Iraultzaren eskutik, XVIII. mendeko Ingalaterran. Lehen adibideak ehungintzan erabili ziren; Derbyko Thomas

Cotchetten zeta fabrika 1702an eta 1718an Derbyn eraikitako ehun fabrika kasu.

Iberiar penintsulan, ordea, ez zen horrelakorik agertu mende bukaeran, Kataluniako ehungintzak eta Euskal Herrian jaki-industriak lehen laginak utzi zituzten arte; 1792an eraiki zituzten nola Segismundo Mir-en Bartzelonako Indiana fabrika hala Bilboko Pontongo okindegia.

Lehen fabrika arrazional hauek, gehienak, oin laukizuzenekoak ziren eta leiho handiak zituzten solairu guztietan, perimetro osoa hartuz eta honela argi naturalaren sarrera ahalbidetuz. Orokorrean, ibaiertzean kokatzen zituzten, ura indar eragiletzat erabiltzen zutelako, nahiz produkzio prozesurako beharrezko osagaia zelako.

Eraikuntzari dagokionez, lehen ereduek, arkitektura tradizionala oinarri hartuta, zurezko egitura, harrizko hormak eta bi edo lau isuritarako estalkiak izan ohi zituzten. Geroago, ordea, burdina eta altzairuaren etorrerarekin, barne espazioak libre eta malguagoak izatera pasa ziren. Eta azkenik, hormigoi armatua agertzean, hormigoizko egitura, adreilu eta luzituzko itxiturak eta estalki lauak gailendu ziren. Azken hauek iragazgaizteko urmael- edo lorategi-estalki sistemak erabiltzen zituzten, eta estalki mota honen erabilerak, eraikina gorantz haztea ahalbidetzen zuen.

Euskal Herriko orografia malkartsuan irtenbide soluzio paregabea izan zen tipologia hau erabiltzea eta 1940. hamarkadatik aurrera, gure hiriguneetan ere, eredu ugari eraiki ziren, Eibarren eta Bilbon besteak beste.

Halere, ordurako, XIX. mendeko bigarren industria iraultzak ekarritako produkzio prozesuen dibertsifikazioarekin eta dimentsio handiagoko makinariaren ezartzeak eraginda, solairudun fabrikak ezin zituen jarduera guztien eskakizunak ase eta nabe-fabrika sortu zen.

Tipologia berri honek siderurgian izan zuen harrerarik onena, hasiera batean, baina ontzigintzan ere laster izan zuten arrakasta, ezin hobeto erantzuten baitzien euren jarduera garatzeko behar ziren espazio-baldintzei; espazio zabal eta altuak eskaintzen zituen, produkzioa horizontalki antolatzea ahalbidetzen eta argi naturalez egoki hornitua zegoen.

Oin laukizuzena eta altuera bakarreko eraikinok, bi isurialdeko estalkia zuten eta, eraikuntzari dagokionez, lehen ereduek arkitektura tradizionala hartu zuten oinarri; karga hormak eta zurezko zertxak teilez estaliak. Geroago, ordea, XIX. mende amaieratik, egitura metalikoak gailendu ziren, barneko zutabe kantitatea murriztea ahalbidetuz eta barne espazioa libreago utziz. Itxitura arinak zituzten (adreilua,...) eta normalean perimetroan ez zuten leihorik planteatzen. Argi sarrera nagusia estalkian zegoen, uniformeagoa eta arrazionalizatua.

Tipologia honen baldintza edo muga nagusia kokalekuarena da, azalera handiko orube laua behar dute eta jatorrizkoa horrelakoa ez bada, lur-mugimendu handiak egin behar izaten dira. Bestalde, bere konfigurazio espazialak garapen horizontala errazten du, modulu seriatu bidez, nahiz hormarte berriak erantsiz, eraikina erraz handitu baitaiteke.

Nabe-fabriken artean arrakasta gehien izan zuen eredua Shed edo zerra-hortz nabea izan zen. Nabe-fabrikaren aldaera den honek, iparralderantz orientatutako zerra-hortz formako argizuloak ditu estalkian eta jatorrizko tipologiak baino argiztapen hobea izateaz gain, zutaberik gabeko barne espazio malguagoa eskaintzen du.

Euskal Herrian, nabe-fabrika, industria jarduera garrantzitsuenetan erabili da, nola siderurgian hala ontzigintzan edota papergintza, ehungintza eta bestelakoetan ere. Hasiera batean, malda handiko zurezko zertxadunak ziren, teila lauez estaliak. Gerora, ordea, malda txikiagoko estalkiak gailendu ziren, egitura metalikoak zein hormigoi armatuzkoak nagusitu ziren heinean.

Shed nabea berandu iritsi zen gurera, lehen adibidea XIX. mende amaierakoa dugu: 1890eko Eibarko Orbea fabrika izan omen zen lehena zerra horzdun estalkidun nabea eraikitzen. Hurrengo urteetan, honelako eraikinak dezente ugaritu baziren ere, Gerra Zibilaren ondoren sistema honen gainbehera etorri zen eta barneko zutabe gutxiago behar zituen beste estalki mota batzuk agertu ziren, tirantedun gangarena besteak beste. Azken sistema hau ezin hobea zen industria siderometalurgikoentzat, ijezketa-trenek eta labeek behar zuten espazioagatik.

Gipuzkoan, adibidez, gangadun estalkiko nabe ugari eraiki zen 40. hamarkada erdialdean hasi eta batez ere 60. eta 70. hamarkaden artean , ekonomia kontuengatik erabiltzeari utzi zioten arte. Honen adibide dugu, Zumarragako Orbegozoren altzairu-fabrikarako, Luis Astiazaranek diseinatutakoa.

Arkitektura industrialean erabili diren tipologia ezberdinak horiek izanda -Solairuetakoa eta Nabea (bere aldaerekin)-, jarduera industrial bakoitzerako, eskakizunen arabera, tipologia bat edo beste aukeratu izan bada ere (metalurgian nabearen erabilera argia adibidez), kasu askotan, produkzio prozesuko fasearen zein garaiaren arabera, tipologia ezberdinak eraikin multzo berean bateratu izan dira. Aipatutakoaren adibide ugari aurki ditzakegu Euskal Herrian, nola ehungintzarekin erlazionatutako industrietan hala papergintzan edo Gipuzkoan hainbesteko indarra izan duen makina-erreminta industrietan ere.

Arkitektura industrialaren historian zehar eraikuntza lengoaia ezberdinak erabili izan dira: XVIII. mendeko industriaurreko lehen eraikuntzek arkitektura tradizionala zuten oinarri eta ez zuten lengoaia jakinik jarraitzen. Garai berean ugaldu ziren errege-fabrikek ordea, arkitektura kultua hartu zuten eredu garaiko jauregien estetika bereganatuz.

Geroago, XVIII. mende amaieran sortu eta hurrengo mendeko lehen erdian hedatutako solairudun fabriken kasuan, aldiz, funtzionamenduari eman zitzaion garrantzia, fabrika arrazionalari, eta hau horrela, irudiaren inportantzia bigarren mailakoa zenez, dekorazio minimoa izaten zuten.

XIX. mende erdialdean aldiz, kontzeptu aldaketa iritsi zen; ordura arte gizarteko sektore askok baztertua zuen arkitektura industriala balioan jarri nahi zuten. Barnean aurrerapen teknikoak aplikatuz funtzionaltasuna faktore garrantzitsutzat hartzen bazuten ere, fatxadaren garrantzia ikonikoaz jabetuta, garaiko korronte estilistikoak bereganatu zituzten eraikin industrialetan ere. Historizismoa, estilo eklektikoa, arkitektura zibil nahiz monumentalean erabiltzen zen hura baliatu zen nagusiki gehiengoan. Halere, Modernismoak ere izan zuen lekua burdinaren arkitekturan.

Estatu espainiarrean, eta batez ere Kantauri isurialdean, 1920. hamarkadan arkitektura zibilean hedatua zegoen Erregionalismoak hartu zuen aipatutako joera Historizistaren lekua. Arkitektura bernakularra hartzen zuten oinarri, hots, estilo erregionalaren berrirakurketa egiten zuten gizartearen begietara kalitatearen adierazle izan zitekeela sinetsita.

Ordurako, Europar Abangoardiak indarrean zeuden eta Mugimendu Modernoa hedatzen ari zen. Korronte honi esker, historian lehen aldiz, eraikin industrialak miresgarriak ziren gizartearen begietara. Material, sistema eta estetika arrazionalenak aplikatuta, garai berrietara ezin hobeto egokitzen zen enpresaren propagandarako irudia lortzen zuten.

Euskal Herrian, Gipuzkoan, baditugu garai hartako adibide urri batzuk baina gerra zibilaren amaieratik aurrera hasi zen korronte honen eragina hedatzen eta mende erdialderako errotu zen.

Mugimendu Modernoko lagin gehienak Gipuzkoan eta ia guztiak arkitektura industrialean, aurki genitzake. Francoren Diktadurak arkitektura nazionala, (historizista/ monumentalista) estilo ofizial gisara inposatu zuen eta ondorioz, arrazoi ideologikoengatik arbuiatu egiten zuten korronte arrazionalistak, arkitektura erresidentzial edo instituzionalak baino askatasun eta malgutasun gehiago zuen arkitektura industrialean aurkitu zuen bere lekua.

Mende erdialdera hain emankorra izan zen mugimendu hau, 60. hamarkadan eten egin zen. Une horretatik aurrera, industriaren arkitekturari dagokionez, eraikuntza ulertzeko beste era bat gailendu zen. Helburu nagusiak espazio ireki, malgu eta moldagarriak sortzea izaki, eta funtzionaltasunaz gain, ekonomia presente izanda, elementu aurrefabrikatu, seriatu eta material sintetiko arinagoak erabiltzeko joera nagusitu zen: pabilioi industrialak eraiki ziren batik bat.

Halere, XXI. mende hasiera honetan, batez ere, eraikina ikono edo propaganda elementu gisara ulertuta, irudi estetiko erakargarri edo adierazgarriaren bila diseinatutako pabilioiak eraiki dira. Joera honen adierazle dira eraikin industrial izateaz aparte, museo funtzioak hartu dituzten upeltegi arabarrak.

Arkitektura industriala garai eta gizarte desberdinen lekuko izanik, historiaren bilakaeraren isla da. Hau horrela, ondare industrialari, balio arkitektonikoaz aparte, balio sozial eta kulturala aitortzea zilegi da.

Britainia Handian eman ziren auzi honen inguruko lehen pausoak 1960. hamarkadan, baina 20 urteren buruan kontzientzia hau Europan zehar zabaldu eta Euskal Herrira ere iritsi zen. Horren adierazle, 1982an Bilbon antolatutako "I. Jornadas sobre la Protección y Revaloración del Patrimonio Industrial".

Europan, arkitektura ale hauek balioan jartzeko proiektuak nabarmen ugaldu dira, birmoldaketa lan asko egin dira eraikinok erabilera kulturaletarako, baliabide turistiko gisa edo beste erabilera batzuetarako moldatzeko. Eta Euskal Herrian ere piztu da, iniziatiba pribatu zein publikoek sustatuta, arkitektura industriala berrerabiltzeko joera. Horren adibide ditugu Donostiako Tabakalera, Bilboko Alondiga, Zorrozaurreko Zawp, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea Laborde Hermanos fabrikan, Pasaiako Rederia eraikina, etab.

  • APRAIZ SAHAGÚN, Amaia, MARTÍNEZ MATÍA, Ainara. Arquitectura industrial en Gipuzkoa. [Kontsulta data: 2012ko irailak 14 ].
  • COLLANTES, Ezekiel. "Eraikin-multzo industrial baten birmoldaketa: Laborde Hermanosetik Martin Ugalde kultur parkera." Leyçaur: Andoaingo ikerketa historikoen aldizkaria. 2010, 11. Zenb., 233-292 orr.
  • COLLANTES, Ezekiel, OTAMENDI, Irati. "Rederia eraikina", Aldiri: arkitektura eta abar. 2011, 7. zenb. (Arkitektorik gabeko arkitektura) 36.-39. Orr.
  • EUSKOMEDIA.org [web]. Industria-iraultza [Kontsulta data: 2012ko irailak 14].
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. "Arkitektura industriala modernoa Gipuzkoan (1928-1939): tipologiak eta iturriak". 1875-1939 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. 2004, 23. zenb. 325-333. Orr.
  • SOBRINO, Julián. "Arquitectura industrial en España, 1830-1990". Libros modernos desde 1900. Madrid: Banco Crédito Industrial, 1989.(arg.), Madril, 1996.
  • WIKIPEDIA [web]. Industria [Kontsulta data: 2012ko irailak 14].
  • WIKIPEDIA. [web] Bigarren industria iraultza [Kontsulta data: 2012ko irailak 14].